NAIZ

Betaurrekoak eta lentillak erosteko 100 euroko dirulaguntza jasoko dute 16 urtetik beherakoek

Hego Euskal Herriko 16 urtetik beherako gazteek ehun euroko dirulaguntza jasoko dute, besteak beste, betaurrekoak zein lentillak erosteko edo mantentze lanetan inbertitzeko. 2026ko abenduaren 31a baino lehen erosi beharko dira, laguntza hauek jaso nahi izatekotan.

Optika batean saltzen diren betaurrekoak.
Optika batean saltzen diren betaurrekoak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Espainiar Estatuko Ministroen Kontseiluak astearte honetan eman dio argi berdea betaurrekoak eta lentillak ordaintzen laguntzeko sortutako ehun euroko dirulaguntzari. Azaldu dutenez, hamasei urtetik beherakoei eragiten die betaurrekoak eta lentillak erosteko, mantentze lanerako eta oinarrizko produktu optikoentzako.

‘Veo Plana’-ren barruan kokatzen da 47,7 milioi euroko finantzaketa. Aurrekontu hori bi epetan banatuko da: 2025ean milioi bat banatuko da eta gainontzekoa 2026an. Laguntza zuzeneko emakidaren bidez izapidetuko da, eta, beraz, onuradunek -edo haien legezko tutoreek- atxikitako erakundeen bidez eskuratu ahal izango dute, batez ere optikoen bidez. Erakunde horiek erosketaren unean aplikatuko dute beherapena.

Dena den, azaldu dutenez, betaurrekoak edo lentillak 2026ko abenduaren 31a baino lehen erosi beharko dira, baina abenduan egindako eragiketei dagozkien ordainketak 2027ko ekitaldian egin ahal izango dira, neurriaren benetako estaldura eta kontabilitate itxiera bermatzeko.

Optikarien eta Optometristen Elkargoen Kontseilu Nagusiak (CGCOO) koordinazio lana egingo du optika dendekin dokumentuak eta kostuak egiaztatzeko eta programaren jarraipena egiteko.

Jakinarazi dutenez, miopiak, hipermetropiak edo astigmatismoak eskola-adineko haurren %10 - %30 ingururi eragiten die. Izan ere, pantailen erabilera intentsiboaren erruz, ehuneko hori handitzen ari dela egiaztatu dute espainiar Estatuko Osasun Ministeriotik.

«Zuzentasun egokirik ezean, arazo horiek adingabeen ongizate fisikoari ez ezik, errendimendu akademikoari, garapen psikosozialari eta bizi-kalitateari ere eragingo diete», gaineratu dute.