Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Klasera heltzeko, ikasturte erdia bidean igaro beharra

Urteroko leloa da unibertsitate ikasle gehienentzat, campusera bidean nahi baino denbora gehiago eman beharra. Askok, ikasturtearen buruan, hilabete oso baten baliokidea igaroko dute joan-etorrietan, garraio gabezia tarteko.

Ikasle talde bat, autobusaren zain Leioako campusean, aurtengo otsailean.
Ikasle talde bat, autobusaren zain Leioako campusean, aurtengo otsailean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Hilabete joan da dagoeneko Euskal Herriko unibertsitateek ikasturtea hasi zutenetik, ikasleek klaseetara joaten 30 egunetik gora daramatzate; autoz batzuk, garraio publikoan beste batzuk, baten bat oinez. Gehien-gehienek, ordea, asmatuta dauden garraio ia guztiak darabiltzate, egunero-egunero, klasera heldu ahal izateko, eta egunaren zati handi bat ematen dute bidean, dirutza gastatuta.

Hiri batetik Leioan EHUk duen campusera bidaiatzen du egunero Andrea Arbosa gasteiztarrak. Azpimarratzeko moduko datua da hirikoa izatea, horrek asko errazten baitio eguneroko ibilbidea. Hala ere, ordubete eta berrogeita bost minutu inguru ematen ditu bidean. Autobus geltokitik gertu bizi da, beraz, 7.38an autobusa hartzeko nahikoa du hamar bat minutu lehenago etxetik irtetearekin.

Unibertsitatera joateko garraioa beharrean edonork pentsa dezake autobusa turistikoa dela, galanta baita ematen duen itzulia: ordu eta erdian egiten du autoan hiru ordu laurden pasatxoan egin daitekeen bidea. Guztira, joan-etorrian hiru ordu eta erdi pasatzen zaizkio Arbosari, ikasteari, lan egiteari edota asti libreari kendu behar dizkionak.

Hori dena, kontuan hartu gabe itzuleran autobusaren zain eman behar duen denbora, beste ikasle askori gertatzen zaien bezala, sarri askotan ez direlako bat etortzen eskolen bukaera orduan eta autobusen irteera orena. «Autobusak orduero pasatzen dira, 13.10ean, 14.10ean eta abar», dio gasteiztarrak. Eskolak, oro har, eta erdietan bukatzen ditu eta, beraz, normalean 40 bat minutu zain igaro behar izaten ditu geltokian: «Horrek nahiko denbora galtzea dakar».

Erabiltzen duen garraioak maiztasun handiagoa izatea gustatuko litzaioke gasteiztarrari, baita ibilbidea laburragoa izatea ere; izan ere, «batzuetan Leioara iritsi aurretik Bilbotik pasatzen da, eta horrek bidaia asko luzatzen du».

Hilean 75 euro balio duen bonua ordaintzen du Arbosak, autobusa erabiltzeko, baina badaude beste aukera batzuk ere, azaldu duenez. Zenbait elkartek eta enpresak autobusak antolatzen dituzte ikasleak unibertsitateetara eramateko, eskaintza publikoa ez baita bereziki zabala.

Bere kasuan, ikasturte osoan 600 bat euro joango zaizkio garraioan, azterketa garaian ez baitu unibertsitatera egunero joan beharko. Laguntza ekonomiko bat ere jasotzen du gastu horri aurre egin ahal izateko: «Beka bat jasotzen dut, gutxi gorabehera 300 eurokoa urtero». Hau da, denaren erdia ateratzen da bere poltsikotik, edo gurasoenetik.

Kontuak ateratzen jarrita, atentzioa ematen dute kalkulagailuaren pantailan agertzen diren zifrek. Arbosak urtero 602 ordu emango ditu unibertsitatera joanak eta etorriak egiten, eta 300 euro inguru kostatuko zaio. Kotxean joango balitz, 260 bat ordu emango lituzke, nabarmen gutxiago; dezente garestiago ordainduko luke, ordea, 2.500 euro inguru. Ikasle askok egin ohi duten legez, denbora sakrifikatzen du Arbosak, familiaren ekonomiaren mesedetan jardunez.

GERTU, BAINO URRUTI

Hala ere, Arbosarena kasurik onenetakoa da, unibertsitatera hurbiltzea berak baino errazago duten bakarrak campusa hiri berean edo udalerritik gertu -eta behar bezalako garraio zerbitzuarekin- duten ikasleak dira. Izan ere, hurbiltasunak ez du beti irisgarritasuna bermatzen.

Adibide bat jartzearren, Larrabetzu, 2.000 biztanle inguruko udalerria, EHUren Leioako campusetik 23 kilometro eskasera dago, automobilez hogei bat minutura. Garraio publikoan joanez gero, aldiz, 9.00etan klasera sartu behar duenak 8.00ak pasatxoan hartu behar du autobusa, hiru ordu laurden bidean emateko. Zer esanik ez, campusa beste herrialde batean duten ikasleek.

Beste adigarri argi bat da Aizarnazabal herrian bizi diren unibertsitate ikasleena. Bidearen lehen zatia autoz egin behar dute, Lurraldebus erabili zein elkarteren batek antolatutako autobusa erabili.

Zarautzera arte joan beharra dute, lehen kasuan, eta Zestoara, bigarrenean. Lurraldebus hartuta, ikasleak Bilbon uzten ditu garraioak eta bertatik unibertsitatera iristeko beste bat hartu beharra daukate, denera, bi ordu inguru, tarteko itxaron aldia kontuan hartu gabe. Elkarteek antolatutako autobusa aukeratzen duenak, nola edo hala Zestoara heldu ondoren, Gipuzkoako hainbat herri eta Deustuko unibertsitatea zeharkatu eta gero helduko da Leioara.

IKASLEEN ESKAERAK

Egoera horrela, makina bat ekimen sortu izan dituzte hainbat ikaslek azken urteetan. Besteak beste, Arratiako ikasle talde batek eskualdean duten arazoari heltzeko proposamen zehatza aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusian, eta Larrabetzuko gazteek ere antzeko eskaerak egin izan dituzte.

Momentuz, ikasle ugarik hiriburuetan etxeak edo logelak alokatzen dituzte, egunerokotasunean bidea laburtze aldera; besteek, gasolinan dirutza gastatu edo klasean ematen duten denbora ia bera ematen dute joan-etorrian.