NAIZ

Albizua, Zapiain, Biguri eta Del Castillok osatu dute Euskadi Literatura saridunen zerrenda

Garazi Albizua (‘Termita’), Markos Zapiain (‘Txillardegi hizkuntzalari’), Koldo Biguri (‘Arturoren uhartea’) eta Itxaso del Castillok (‘Mujeres furiosas’) itxi dituzte 2025eko Euskadi Literatura Sariak. 

Aurtengo sarituak, Gasteizen egindako agerraldian.
Aurtengo sarituak, Gasteizen egindako agerraldian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Aurtengo Euskadi Literatura saridunen zerrenda itxi da gaur Gasteizen egin den ekitaldian jakitera eman dituzten lau sarituekin.

Gaztelaniazko literaturaren alorrean Garazi Albizua santurtziarraren ‘Termina’ (Galaxia Gutemberg) lana goratu dute. Lan honeta, gizarteak bazterrean nahi duen emakume ez normatibo bat, teleoperadore lanaren trukean jasotzen dituen 900 euroek amonaren etxean bizitzera kondenatu dutenaren gaineko kontakizuna egiten du autoreak eta, hiru belaunaldien arteko korapiloak deslotuz, herentzia emozionalen gaineko gogoeta eskaintzen du, NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan kontatu zigunez.

Epaimahaiak balioan jarri du Albizuak «ahots berri, lotsagabe eta deserosoa» dakarrela euskal literaturara. «Bere prosa bihurri eta zehatza urrundu egiten da amatasunaren eta zaintzaren betebeharrari buruzko irudi erabat adostuetatik. Haren metafora gogorrek leialtasunari, adiskidetasunari eta biziraupenari buruzko pertzepzio finak gorpuzten dituzte. ‘Termita’, beraz, diskurtso sozial hegemonikoei kontrajarritako kontakizunak planteatzen dituen apustu berritzailea da», nabarmendu du.

Itzulpengintzaren alorreko saria Koldo Bigurik eskuratu du, «bikain» itzuli duelako euskarara Elsa Morante italiarraren ‘Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak’ (Erein eta Igela) liburua eta «oreka egokia» lortu duelako jatorrizko lanari zor zaion fideltasunaren eta xede-testuak helburu duen irakurgarritasunaren artean. Epaimahaiaren hitzetan, «azpimarratzekoak dira erabili duen euskararen zuzentasuna, batuari han eta hemen gehitu dizkion ukitu dialektalak, lexikoaren hautaketa landua, irakurketa gozagarri egiten duen sintaxi arin baina aldi berean jasoa eta elkarrizketetan lortu duen erritmo bizia. Euskaraz irakurketa-ordu luze eta atseginez gozatzeko liburu paregabea».

Euskarazko saiakeraren Euskadi Saria Markos Zapiainek lortu du, ‘Txillardegi hizkuntzalari’ (Elkar) obragatik. «Lan hau ez da Txillardegiren inguruan kaleratu diren obren artean bat gehiago, haien neurria eman dezakeen testua baizik», ziurtatu du epaimahaiak, eta gaineratu dute Zapiainek hizkuntzatasunaz eta euskal hizkuntzaz, eta horien gainean ardazten diren psikologiaz, antropologiaz, soziolinguistikaz edota politikaz, Txillardegiren iturri intelektualak zeintzuk diren argitzen duela. 

«Saiakeragileak jatorrizko testuak ezagutu eta gerturatzen ditu, prosa zuzen eta didaktikoan, eta Txillardegiren idatz-esana ulertzeko gakoak eskaintzen dizkigu, atalez atal. Atal bio-bibliografikoak Txillardegiren ideia eta proposamen teorikoetara hurbiltzeko saiakera aberasten du, eta liburu osoan barrena doan eta hura josten duen hari eroaleari begia jartzen dio. Euskal pentsamenduan aditua izan ala ez, Txillardegik jorratutako hainbat eta hainbat arloetan jakituna izan ala ez, liburua pentsalari eta ekintzailearen obran murgiltzeko gida aproposa izan dakioke irakurleari», gomendatu dute.

Gaztelerazko saiakeran, bestetik, Itxaso del Castillo izan da saritua, ‘Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror’ (EHU) lanagatik. Epaimahaiak adierazi du lan honek gai original bat jorratzen duela: beldurrezko zinema garaikidean munstro femeninoen analisia, munstroek, egilearen beraren hitzetan, «feminitatearen eta gorputzarekin eta boterearekin duten harremanaren definizio kontraesankorrak kristalizatzen» dituztela azpimarratuz.

Epaimahiaren iritziz, «beldurrezko filmak ez dira gizarte-eraldaketatik kanpo geratzen; aitzitik, haietan aktiboki parte hartzen dute, beren garaiko tirabira eta erronkekin solasean aritzen diren kultura-produktuak baitira. Liburu hau sormen artistikoaren, kritika kulturalaren eta aldaketa sozialaren elkargune horren isla da».

Emaitza lan «ausart eta erakargarria» dela ondorioztatu dute, zinema-estudioetako espezialistei ez ezik gizarte-errealitate berriak eta eguneroko bizipenak irudikatzeko modu berriak ulertzeko interesa duen publiko zabalago bati ere zuzenduta dagoena. «Azterlanaren zorroztasun akademikoa idazkera atsegin, arin eta zehatzarekin uztartzen da, eta horrek irakurketa-esperientzia irisgarri bihurtzen du, analisi kritikoa eta dibulgazio gogoetatsua bateratzeko gai dena», jarri dute azpimarra.

Lau sarituen jakinarazpenarekin itxi da aurtengo Euskadi Sarien zerrenda, pasa den astean iragarri baitzituzten beste hiru sarituak: Unai Elorriagaren ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ liburuak irabazi du aurtengo Euskadi Literatura Saria Euskarazko Literaturaren modalitatean, Karmele Mitxelenak Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren atalean eta Maite Rosende Literatur Lanaren Ilustrazioan.