NAIZ

Gazteek soldataren %64,2 erabili beharko lukete hipotekaren lehen kuota ordaintzeko

‘Euskadiko Emantzipazioaren Giltzak’ txostenaren arabera, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen batez besteko soldata 1.564 eurokoa da. Hala, gazte batek %64,2 erabili beharko luke hipotekaren lehen kuota ordaintzeko.

Bilbon aurkeztu dute txostena astelehen honetan.
Bilbon aurkeztu dute txostena astelehen honetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2024an 18 eta 34 urte bitarteko gazteen batez besteko soldata garbia, hainbanatutako aparteko ordainsariak barne, hilean 1.564 eurokoa zen. Hala dio Lakuak eta Gazteen Euskal Behatokiak astelehen honetan aurkeztutako ‘Euskadiko Emantzipazioaren Giltzak’ txostenak.

Dokumentu honen arabera, emantzipatzeko batez besteko adina 29,8 urtekoa da EAEn, Europako batez bestekoa (26,2 urte) baino hiru urte eta erdi gehiago. Emantzipatutako gazteen artean, 30 urtetik beherako gehienak alokairuan bizi dira; 30 eta 34 urte bitartekoen artean, berriz, erosketa da aukera nagusia. Gainera, 18 eta 34 urte bitarteko gazte emantzipatu gehienak (%60,8) bikotekidearekin bizi dira.

25 urtetik aurrera, gazte gehienek emantzipatuta bizi nahi dute, baina ikasketak luzatzeak, lan-baldintza konplexuek edo etxebizitzaren kostu handiak zaildu egiten dute.

Izan ere, hipoteka-mailegu bidez eskuratutako jabetzaren kasuan, 18-34 urteko soldatapeko batek bere hileko soldata garbiaren %64,2 erabili beharko luke hipotekaren lehen kuota ordaintzeko, etxebizitzen batez besteko prezioa, hipoteka-interes batez besteko tasa, hipoteka-kredituen batez besteko iraupena eta gazteen batez besteko soldatak kontuan hartuta, eta hipoteka-mailegua etxebizitzaren balio osoaren %80an eskatzen bada. Kopuru horrek ( %64,2) bikoiztu egiten du finantza-erakundeek kreditu bat ematea baloratzeko ezartzen duten gehieneko zorpetze-muga, hileko soldataren %30.

Alokairura joz gero, 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazteek soldata garbiaren %52,4 erabili beharko lukete, bakarrik emantzipatu nahi izanez gero. Hori kalkulatzeko, gazteen batez besteko soldatak eta Lakuan jarritako alokairu-fidantzen batez besteko zenbatekoak hartu dira kontuan. Zenbateko hori zorpetzeko gehieneko muga onargarriaren gainetik dago berriz ere.

Eta emakume gazteek gizon gazteek baino batez besteko soldata txikiagoak dituzte. Horrek etxebizitza eskuratzeko kostu handiagoei aurre egitera behartzen ditu, bai erosteko bai alokatzeko.

Etxebizitza-premiari dagokionez, diru-sarrera propioak dituzten 18-34 urteko 58.000 gaztek baino gehiagok, adin-tarte horretako %16,3k, adierazi dute lehen etxebizitza behar dutela. Erosi edo alokatzeak dakarren gastuari aurre egiteko diru-sarrerak dituzten gazteak dira, diru-sarrera horiek egonkorrak eta/edo nahikoak izan arren. Etxebiden 18-34 urteko gazteen 37.306 etxebizitza-eskaera jaso ziren 2024an.

Laneratzea

Gainera, azken hamarkadan goi-mailako titulazio-tasa hamar puntu baino gehiago igo da. Zehazki, 2024an, 25 eta 34 urte bitarteko biztanleen %67,8k goi-mailako titulazioa zuen. Hala ere, ikasketak luzatzeak enplegagarritasuna hobetzen duen arren, lan-merkatuan erabat sartzea atzeratzen ari da, eta horrek emantzipazio-prozesua atzeratzen du.

Lan baldintzei dagokienez, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %32,2k lanaldi partzialean egiten du lan, eta %40k aldi baterako kontratua du. Bi egoerak nabarmen jaisten dira 30 urtetik aurrera.

Osasun mentala eta jaiotze-tasa

Txostenak gazteen emantzipazioarekin lotura zuzena duten osasun mentalarekin eta jaiotza-tasarekin lotutako adierazle batzuk biltzen ditu. Izan ere, emantzipazioaren atzerapenak ondoeza emozionala eragiten die gazteei.

25-29 urteko gazteen artean, urtebeteren buruan emantzipatu ezingo direla uste dutenen osasun mentalaren balorazioa emantzipatu ezin dutenena baino txikiagoa da. Azken horiek, emantzipatu nahi ez dutelako edo beren kontura bizitzen jarraitu ahal izango dutela uste dutelako, beren osasun mentala 10etik 7,2 punturekin baloratzen dute, eta lehenengoek 6,8 punturekin.

Amatasunaren eta aitatasunaren atzerapena da emantzipazio berantiarraren beste ondorioetako bat. Ildo horretan, oraindik seme-alabarik ez duten baina etorkizunean guraso izan nahiko luketen 15-29 urteko gazteen %32k uste du ez dela posible nahi luketen adinean izatea, batez beste 30 urterekin. Amatasun eta aitatasun indize geroratu hori handitu egin da azken urteotan, eta zertxobait handiagoa da emakumeen artean (%36) gizonen artean baino (%29).

Emantzipa laguntza-lerroa

«Ongizate, Gazteria eta Erronka demografikoaren sailetik argi daukagu, emantzipatzea faktore multzo bat da. Horregatik, 2024an emantzipaziorako Emantzipa laguntza-lerroa jarri genuen martxan. Ildo horrek 6.000 eskaera baino gehiago jaso ditu 2024an, eta dagoeneko 3.000 eskaera baino gehiago jaso ditugu 2025ean», azaldu du Adrian Lopez Lakuako Gazteria zuzendariak.

«Helburua argia da: gazteei emantzipatzen laguntzea eta emantzipatzeko adina jaistea. Horregatik, 2026an eskaerak egiteko adina 23 urtera jaitsiko dugu. Laguntza programa horri gehitu behar zaizkio lehen etxebizitza erosteko abalen lerro berria eta gazteen ongizate emozionala hobetzeko neurrien sorta, emantzipatzea faktore multzo baten kontua baita», gaineratu du.