Aktualitateko erredaktorea
Elkarrizketa
Iker Guarrotxena
Goa taldeko jokalaria

«Bihozkada bat nuen Indiarekin eta orain nire lekua aurkitu dut Goan»

Iker Guarrotxenak baloi bati lehenengo ostikoak Algortan eman zizkion. Lezaman hazi ostean, Europako, Ozeaniako eta Asiako talde askotatik igaro da. Egun, Indiako Goa taldean jokatzen du. Datorren astean Iñigo Martinez eta Cristiano Ronaldoren Al-Nassr aurkari izango ditu Asiako Txapeldunen Ligan.

Iker Guarrotxena Indiako Superkopa irabazi osteko ospakizunetan.
Iker Guarrotxena Indiako Superkopa irabazi osteko ospakizunetan. (@iguarrotxena)

Familia futbolzale batean hazi zen Iker Guarrotxena (Getxo, 1992). Izan ere, Endika Guarrotxenaren iloba da Athletic eta Maradonaren Bartzelonaren arteko Kopako finalean lortutako garaipen ospetsuaren golaren egilea. Haren osabaren pausoei jarraiki, Lezaman sartu eta hamar urtez ibili zen elastiko zuri-gorria defendatzen. Egun, hiru kontinentetan eta hamar taldetan ibili ondoren, Indiako Goa taldean jokatzen du.

Ibilbide luzea osatzen ari zara futbolean. Noiz hasi zinen jokatzen?

Lehenengo oroitzapenak San Nikolas ikastolan (Getxo) ditut, ikastolako futbol taldean lagunekin jokatzen nuen. Gero, zortzi urterekin, Getxo Kirol Klubera salto egin nuen, eta, urtebete iraun ostean, Athleticen deia jaso nuen. Lezaman eman dut nire bizitzaren ia erdia.

Endika Guarrotxenaren iloba zara. Futbola beti egon da mahai gainean familiako bazkarietan?

Hala da. Anaia ere futbolean aritu da eta, amaren aldetik, nire osaba, hainbeste talderekin jokatu ondoren, Portugaleko selekzioko atezainen entrenatzailea da gaur egun. Baina, egia esan, familiarekin elkartzen garenenan ez dugu futbolaz hainbeste hitz egiten. Azken finean, bakoitzak badauka nahikoa bere eguneroko lanarekin. Dena den, ukaezina da oso futbolzaleak garela familian.

Athleticek Lezamara joateko kimu mailan deitu zizun. Nola gogoratzen duzu une hori?

Lezaman bederatzi urterekin sartu eta 21 urte izan arte hor egon nintzen. Athletic ez da talde sinple bat; Lezaman baloreak, hezkuntza eta errespetua ikasteko leku aproposa dela uste dut. Beti saiatzen gara Athleticek ematen dizkigun balore horiek mantentzen. Nire baloreak, izaera eta pentsatzeko era Lezaman eraiki izan ziren.

«Nire baloreak, izaera eta pentsatzeko era Lezaman eraiki izan ziren»

Zein oroitzapen gordetzen dituzu etapa hari buruz?

Hasieran, hamabost urterekin Caparrosen eskutik lehen taldearekin aurredenboraldia egiteko aukera suertatu zitzaidan. Oso gaztea nintzen eta, hala nola, Aitor Ocio, Murillo, Orbaiz, Tiko, Yeste edo Gurpegirekin egin nuen topo. Egoera zelebrea izan zen niretzako, hamabost urterekin ikasten zabiltza buru-belarri eta ez duzu lehen mailako futbolean pentsatzen.

2011ko martxoan debuta egin zenuen San Mamesen Celticen aurkako lagunarteko batean. Data hori ez duzu erraz ahaztuko.

Etapa horren unerik goxoena izan zen. Gogoratzen dut senideak harmailan zeudela, eta atsedenaldian atera nintzela zelaira, 40.000 zale inguru aurrean. Oso berezia izan zen. San Mameseko debutean 34 zenbakiarekin atera nintzen zelaira; hortik aurrera zenbaki hori mantendu dut.

Ondoren, Valverderen eskutik beste aurredenboraldi batzuk egin zenituen lehen taldearekin. Horrek itxaropena eman zizun Bilbon geratzeko?

Itxaropena beti dago, baina, tamalez, birritan lesionatu nintzen koadrizepsean eta aste batzuk galdu nituen. Horren erruz, trena galdu nuen.

Hasiera batean etxetik gertu jokatu zenuen. Leonen eta Mirandan, hain zuzen.

Lezamatik atera bezain laster, Mirandara joan nintzen eta sasoi oso ona egin nuen. Ondoren, Leonen proiektu interesgarri batean parte hartzeko aukera izan nuen eta bi urterako sinatu nuen. Hala ere, lehenengo urtean gauzak ez ziren espero bezala atera, eta atzerrira joateko erabakia hartu nuen, ez nuelako nire burua prest ikusten exijentzia eta presioa horren azpian jokatzeko. Aske sentitu eta futbolaz gozatu nahi nuen.

Hortik aurrera, Pogoń Szczecin (Polonia), NFC Volos (Grezia) eta Western United (Australia) taldeetan jokatzen ibili zara. Nola bizi izan zenuen etxetik urrun jokatzeko esperientzia?

Profesionala sentitzeak etxetik kanpo badauka bere alde ona eta txarra. Ezin duzu zure jendearekin egon, baina maite duzuna egiten ari zara. Niretzat aurrerapauso bat izan zen eta bizitzaz gozatzen hasi nintzen. Polonian, adibidez, ikusi nuen futbola zeinen profesionala den eta zenbat denbora eskaintzen dioten prestakuntzari. Esaterako, telebistak oso murgilduta daude eta eguneroko jarraipena dauka futbolak.

Ondoren, Melbournerako (Australia) bidea hartu zenuen. Bizimodua guztiz ezberdina izango zen.

Bai. Futbola ez da kirol nagusia Australian. Bizitza lasaia izan nuen etapa hartan, futbolak ez baitauka garrantzi handirik egunerokotasunean. Gainera, pandemia garaian egon nintzen Australian, eta herrialdea itxi egin zuten. 

Guarrotxena, Western United-eko elastikoarekin

Australiako etapa horretan Markel Susaeta eta Beñat Etxeberria lehoi oihekin egin zenuen topo.

Hala da. Lezamako garaian ezagutu nituen, eta gero Australiako ligan egin nuen topo haiekin. Nik Western United-en jokatzen nuen eta haiek biek Macarthur taldean. Bitxia da nire lehen gola haien aurka izan zela. Demaren ostean, haiekin eta euren familiarekin hitz egiteko aukera izan nuen.

Haatik, 2022an etxetik gertu jokatzera itzuli zinen eta Logroñon sartutako 14 goli esker Bigarren Mailako play-offetan sartu zineten. Errioxako hiriburuan oroitzapen ona gordetzen dute zutaz.

Bai, erronka polita mahaigaineratu zidaten Bigarren Mailara igotzeko xedez. Une horretan nire burua prest ikusten nuen abentura berri horretan murgiltzeko. Azkenean, urte polita izan zen Logroñon, etxetik hurbil jokatzeak indarra ematen dizu eta hasieratik golak sartu nituen.

Ostean, Indian jokatzeko aukera suertatu zitzaizun. Zerk bultzatu zintuen Indiara joateko? 

Urteak egon ziren nire atzetik Indiara joateko. Egia esan, Logroñon denboraldi oparoa egin ostean, beste eskaintza batzuk izan nituen, baina atzerrira joatera erabaki nuen. Futbolari baten ibilbidea ez da oso luzea, eta, erabaki erabat ekonomikoa ez izan arren, laguntzen zuen Indiara joateak. 

Iker Guarrotxena pasa den sasoiko partida batean

Dena den, Indian kriketa dute kirol nagusi gisa. Nola bizi dute indiarrek futbola?

Dudarik gabe. Kirolen artean, jende eta diru gehien mugitzen duena da. Kriketeko denboraldia hasi orduko, futboleko txapelketa amaituta egon behar da. Nik bizi naizen zonaldean futbolak badu garrantzia eta jarraipen handia, kolonia portugaldarra izan zelako.

«Kriketeko denboraldia hasi orduko, futboleko txapelketa amaituta egon behar da»

Zure kontratua berritu zenuen sasoi amaiera arte. Gustura zauden seinalea dela ematen du?

Bihozkada bat nuen Indiarekin, eta orain nire lekua aurkitu dut Goan, ehuneko ehun. Bi urte atzera, belauna apurtu nuen eta, hala ere, Goak nire atea jo zuen. Bilbora etorri ziren nire egoeraren berri izateko. Haien ordezkariekin afaldu nuen eta, min hartuta egon arren, nigan konfiantza izan zuten.

Indiako Superkopa irabazi ostean, Asiako Txapeldunen Ligarako sailkatu da taldea. Horri esker, Iñigo Martinez eta Cristiano Ronaldoren Al-Nassr aurkari izango duzue urriaren 22an. Berezia izango da norgehiagoka hori, ezta?

Kirol honek horrelako momentuak oparitzen dizkizu. Dimentsio horretako jokalarien aurka jokatzeak (Cristiano Ronaldo, Joao Felix, Iñigo Martinez..) ilusioa pizten du nire taldekideengan. Motibazio bat da guretzat, eta, aldi berean, gauzak ondo egin izanaren ondorioa.

Azken boladan, jokalari euskaldunak Asiara joan dira aukeren bila, besteak beste, Ager Aketxe, Andoni Zubiaurre edo Iker Undabarrena. Txapelketa nagusi bat bihurtzeko bidean al dago Indiako Liga?

Azken finean, Asian jokatu arren, futbola izaten jarraitzen du. Asian pizgarri bat dago alde ekonomikoari dagokionez. Badirudi munduko beste puntan dagoela, baina Asiako futbolak ere  maila altua dauka eta prestakuntza zorrotza.

Polonian, Grezian, Australian eta Indian ibili zara jokatzen. Nola ikusten dute Athletic Euskal Herritik kanpo?

Real Madril eta Manchester United jarraitzen dute gehienek, baina Athletic ere mapan kokatzen dute. Indian badakite zein den Athleticen historia eta filosofia. Azken finean, horri esker Athletic berezia da mundu osoan.