Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Yala Nafarroak Israelen aurkako presioari eusteko deia egin du Iruñeko kaleetan

Milaka pertsonek parte hartu dute larunbat honetan Yala Nafarroak Iruñean deitutako manifestazioan, Gazako genozidioa salatu eta «Israelek Palestinan ezartzen duen okupazioa eta apartheid-a sostengatzen duten konplizitateekin» amaitzeko eskatzeko.

Yala Nafarroak larunbat honetan Iruñean deitutako mobilizazioa.
Yala Nafarroak larunbat honetan Iruñean deitutako mobilizazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Palestinaren aldeko aldarriak Iruñeko kaleak bete ditu berriro. Larunbat honetan Yala Nafarroak deitutako manifestazioan milaka pertsonek hartu dute parte, Palestinaren okupazioaren amaiera aldarrikatu eta Europako gobernuei Israelekin dituzten konplizitateak hausteko eskatzeko. Plataformaren arabera, astebete beteko duen su-etena, «palestinarrentzat hain beharrezkoa zena», ezin dela bakearekin nahastu, «ez baitago justiziarik gabeko bakerik». Eta justizia egon dadin, «beharrezkoa da gure gobernuak presionatzen jarraitzea», nabarmendu du.

Eguraldiak lagunduta, manifestazioa 18.00etan abiatu da Ziudadelatik, eta Iruñeko Gazteluko Bira, Armada Etorbidea, Pakearen Plaza, Oliveto konde etorbidea bezalako lekuak zeharkatu ditu, «Free, free, Palestine» eta «Boikot Israel» eta «Netanyahu hiltzaile» oihuen artean eta «Aski da. Stop a la impunidad de Israel» zioen pankartaren atzean.

Nafarroa Behereko etorbidea eta Karlos III .a zeharkatu ondoren, Gazte Plazan amaitu da mobilizazioa. Bertan, txalapartaren doinuak harrera egin die manifestariei. Oholtzan, 248 kolektibo eta 1.800 pertsona baino gehiago biltzen dituen plataformako bozeramaile eta sanferminetan txupinazoa bota zuen Lidon Sorianok «okupatua eta okupatzaile» maila berdinean ez dituztela jartzen berretsi du, gogoraraziz «okupatzailea behartu» egin behar dela «okupatzeari uztera», nazioarteko zuzenbideak dioen bezala.

Horrela, Palestinako herriaren erabaki subiranoak errespetatuko dituen elkartasun «horizontala, ez paternalista» defendatu du Sorianok. «Gure elkartasunak ez die esaten non bizi eta nola borrokatu, baizik eta beren kausa noblean» lagundu, adierazi du jardunaldiko gonbidatuak aurkeztu aurretik.

Palestinarren testigantza «zuzenean entzuteko» helburuarekin, Jamal Juma, Stop the Wall nazioarteko kanpainaren sortzailea eta koordinatzailea eta Boikot Batzorde Nazionaleko (BDS) kidea, eta Saif Abu Sheik, Global Sumud Flotillako bozeramailearen mezuak plazaratu dituzte Gaztelu Plazako kioskoan jarritako pantaila erraldoi batean.

Ramalatik, Jumak adierazi du «presioari eutsi behar zaiola, kalean jarraitu behar dela». Bere ustez, elkartasuna «kolonialismoari eta okupazioari aurre egiteko beharrezkoa» da, eta, beraz, «gobernuei presioa egiten jarraitzera» animatu du.

Ildo beretik, Abu Sheikek kalera ateratzeko deia egin du, «okupazioa eta kolonialismoa ez direlako amaitu ez Gazan ez Zisjordanian». «Gure lana munduko toki guztietatik Palestinarekiko elkartasunean lan egiten jarraitzea da», gehitu du. Jarraian, Yala Nafarrok askatasunaren ontzidiak berriz ere Gazara iristen saiatuko direla iragarri du.

Flotillatik Hebronera

Izan ere, Itziar Moreno, Mikel Zuloaga eta Abdel Karim el-Khamlichirekin batera, Gazara iristen saiatu zen azkenaurreko Global Samud Flotillan parte hartu duten lau euskal herritarretako bat da Jotas Oses. Plataformari bidali dion mezu baten bidez, Osesek «euskal delegazioko kideek ezin dugu onartu Euskal Herirko inolako erakunde edo pertsonk sionismoarekin nolabaiteko lotura izatea».

Ondoren, azken Global Sumud Flotillan parte hartu eta Israelgo Armadak atxilotu zuen Goreti Sarasibar igo da oholtzara. «Hedabideek nola nagoen galdetzen didatenean, bizirik nagoela eta gertatutakoa konta dezakedala esaten diet. Baina, nahiz eta oso gaizki pasatu Israelgo kartzelan, ezin da alderatu preso palestinarrek pairatzen dutenarekin», adierazi du.

Gaineratu duenez, Mediterraneoan zeundela, esker onez hartu zituzten Europan zehar antolatutako mobilizazioak. «Guk Gazak bizi duen izua gelditu dezakegu. Milaka tanta ur elkartzeak aurrean duen guztia suntsi dezake, bat egitean dugun boterearen jakitun izan behar dugu», gaineratu zuendu

Mohammed eta Yasmeenen hitzaldiek itxi dute ekitaldia, eta gogorarazi dute «elkartasuna herrien samurtasuna» dela eta «elkarrekin askoz indartsuagoak» garela.

Zehazki, Yasminek Hebronetik bidali du mezua: «Presioa egiten jarraitu behar dugu okupazioari eta kolonialismoari amaiera emateko».

Mohammed Al Awda ospitaleko zuzendariak ere eskerrak eman ditu internet faltagatik arratsaldera arte bidali ezin izan duen mezu batean. Hala, herritarren elkartasuna goraipatu du, eta nazioarteko presioa palestinarrentzat duen garrantzita azpimarratuz.

Manifestua itxaropen eta erronka mezu batekin amaitu da: «Palestinarrek erakutsi dute euren erresilientzia gaitasunak ez duela parekorik. Israel ahula da palestinarren handitasunaren aurrean, israeldarrek ihes egiten dutelako palestinarrek dirauten bitartean.