Lottu izango da aurrerantzean EAEko aldiriko tren zerbitzuaren marka berria

Lottu izango da aurrerantzean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Renferen aldiriko tren zerbitzuaren marka berria. Lakuako Mugikortasun Sailak egin duen inkestan izen hori gailendu da, botoen %55ekin.

Lottu izena eramango du aurrerantzean aldiriko tren zerbitzuak EAEn.
Lottu izena eramango du aurrerantzean aldiriko tren zerbitzuak EAEn. (Irekia)

Lottu, Besaide eta Lurbil izenen artean hautatu behar zuten herritarrek Lakuako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak abian jarri zuen inkestan. Lehena gailendu da, botoen %55 eskuratuta. Lurbilek %30eko babesa jaso du, eta Besaidek, berriz, %14.

Lakuako Gobernuak iragan urtarrilaren 1ean eskuratu zuen aldiriko tren zerbitzuen transferentzia. Renfek eskaintzen ditu zerbitzu horiek, lau linea, hiru Bizkaian eta bat Gipuzkoan, eta Arabako Lautadako zerbitzu berria.

«Gero eta zerbitzu hurbilagoa» eskaintzeko helburuarekin, «hobekuntzak inplementatzeko eta herritarrentzat baliagarriak izan daitezkeen zerbitzu berriak sortzeko», «etapa berri bat» abiatu zuen Lakuak, eta horretarako marka berri baten beharra aurreikusi zuen.

Horrenbestez, aldiriko tren zerbitzuei izen berria ezartzeko inkesta jarri zuen martxan urriaren hasieran eta hiru aukera eskaini: Lottu, Besaide eta Lurbil. Galdeketa urriaren 6tik 19ra egin da eta astelehen honetan eman dute emaitzaren berri.

Emandako azalpenaren arabera, Lottu «hitz imajinarioa da eta lotura terminoan pentsarazten digu, baina, aldi berean, berdinetik berdinera (‘de tú a tú’) zuzentzen zaizu, aldiriko tren zerbitzua erabiltzaileentzat alderdi guztietan hurbilekoa izatea nahi baitugu, erabiltzaile horiek gero eta gehiago direla kontuan hartuta».

Besaide izenari dagokionez, horrela aurkeztu zuten. «Tontor txiki bat da, baina, aldi berean, oso leku sinbolikoa, bertan elkartzen baitira EAEko hiru probintziak. Lotura ekartzen du gogora, aldiriko trenek lurraldeen arteko, baina, batez ere, pertsonen arteko distantziak hurbiltzeko balio dutela uste baitugu».

Lurbil kontzeptua ere «imajinarioa da, sustraiei eta hurbileko lekuetara iristeari lotua eta lur, hurbil eta bildu terminoen inguruan osatua. Garai berri batean sartuko gara, eta kudeaketa hurbilagoa izango da, gure beharrei itsatsia. Lanera, ikasketetara eta aisiara hurbiltzen gaituen trena».

Esan bezala, Lottu hautatu dute herritarrek.