NAIZ

Atxilotuen jatorria jakinarazteko Segurtasun Sailaren erabakia «xenofoboa» dela salatu du ELAk

ELA sindikatuak «oso arriskutsutzat» jo du atxilotuen jatorria jakinarazteko Segurtasun sailaren erabakia. Kolektibo jakin batzuk estigmatizatzen laguntzen duen neurri xenofoboa dela salatu du, eta erabakian atzera egiteko eskatu dio Lakuari.

Bingen Zupiria, Lakuako Segurtasun sailburua, Legebiltzarreko osoko bilkuran.
Bingen Zupiria, Lakuako Segurtasun sailburua, Legebiltzarreko osoko bilkuran. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Atxilotuen jatorria jakinarazteko Segurtasun sailaren erabakian atzera egiteko eskatu dio ELAk Lakuako Gobernuari. Sindikatuak salatu duenez, neurri hori «migratzaile jatorriko kolektibo jakin batzuk estigmatizatzera eta kriminalizatzera zuzenduta dago, ultraeskuinaren diskurtsoa sustatuz eta biztanleria migratzailea delikuentziarekin lotuz».

ELAren ustez, egon daitekeen segurtasun gabeziari aurre egiteko orduan, bizikidetza arazoak sortzen dituzten baldintza materialak aztertu behar dira lehentasunez, «baina biztanleria migratzailea ez da interes alderdikoi eta elektoralistetarako erabili behar». Horregatik, ELAk neurri hori berehala kentzeko eskatu du.

Bide horretatik ELAk «oso larritzat» jo du Bingen Zupiria sailburuak duela aste batzuk egindakoa dierazpenak labanen erabilera atzerritarrei egotziz («Labanak edo aihotzak daramatzaten gehienak erabiltzen ohituta dauden pertsonak dira, kasu askotan atzerritarrak, Euskadin errotze egonkorrik ez dutenak»).

«Biztanleria migratzailea eta biztanleria ez-migratzailea aurrez aurre jartzea baino ez baitute helburu. Adierazpen horien eta aste honetan hartutako erabakiaren helburua ez da gure herrian egon daitezkeen bizikidetza-arazoei konponbiderik bilatzea, ez eta dauden gizarte-premiei erantzutea ere», adierazi du ELAk.