NAIZ

Azaroaren 12an manifestazioa deitu dute Lakuari gutxieneko soldataz eztabaidatzeko exijitzeko

LAB, ELA, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Lakuako Gobernuaren, EAJren eta PSEren Bilboko egoitzen aurrean protesta egingo dute gutxieneko soldataren alde. Gasteizko Parlamentuan aferaren inguruan eztabaidatu dezatela galdegingo diete azaroaren 12ko manifestazioan.

 

Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu zuten herri ekimena.
Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu zuten herri ekimena. (Endika PORTILLO | FOKU)

Manifestazioa deitu dute LABek, ELAk, ESKk, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek azaroaren 12rako, Lakuako Gobernuari, hots, EAJri eta PSEri eskatzeko osoko bilkuran gutxieneko soldataren aldeko herri ekimen legegilea eztabaidatzea onartu dezatela. Uste dute «gutxieneko demokratikoa» dela, kontuan hartuta 138.495 sinadura jaso dituela afera Gasteizko Legebiltzarrera eramateko herri ekimenak.

Manifestazioa Bilbon egingo dute. 11.30ean abiatuko da Lakuako Gobernuak Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian duen egoitzatik eta PSEren egoitza aurretik igaroko da, Sabin Etxean amaitzeko. ‘EAJ-PSE-Confebask, pobreziaren errudunak; SMI vasco ya!’ lelopean mobilizatuko dira.

Sindikatuek gogora ekarri dutenez, EAJk «berariaz» agertu du gutxieneko soldataren herri ekimen legegilearen aurkako iritzia. Izan ere, azaldu dute EAJk aitzakia gisa jarri duela gutxieneko soldataren erabateko eskuduntza aldarrikatu beharko litzatekeela, eta sindikatuen ekimenak ez duela hori eskatzen. Aldiz, Lakuako Gobernuak ekimenaren aurkako txostena argitaratu zuen, esanez sindikatuek erabateko eskuduntza eskatzen dutela.

Mobilizazioa deitu duten sindikautek uste dute, sakonean, EAJk zein PSEk, pentsiodunekin gertatu zen bezala, Gasteizko Parlamentuan «iruzur demokratikoa» egin nahi dutela. «138.495 langilek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata ezarri ahal izatea eskatu dute eta gutxieneko demokratikoa da herritar horien eskakizuna eztabaidatzea», adierazi dute.

Uste dute eztabaidari uko egiteak agerian utziko lukeela «politikaren ikuspegi elitista eta autoritarioa». Izan ere, zilegitzat jo dute alderdi bakoitzak bere iritziak mahaigaineratzea, baina ez eztabaida bera ukatzea.