
Joan den asteko astelehenean EHUko errektoretza taldeak iragarri zuenez, unibertsitateak 607 milioi euroko aurrekontu-premia du datorren urtera begira. «Bizirautea» ezin dela helburu izan ohartarazi zuen, eta «jauzi esanguratsua egiteko garaia» dela esan. Hurrengo egunean, urriaren 28an, Lakuak aurkeztu zuen datorren urteko aurrekontu proiektua, unibertsitateari zuzenduta dagoen 339 milioi euroko aurrekontu-saila jasotzen duena. Errektoretzak eskatutako diru kopuruaren ia erdia. Gobernuak proposatutako zenbakiak aztertu ondoren Joxerramon Bengoetxea errektoreak premiazko agerraldi bat egin zuen komunikabideen aurrean asteazkenean, Gasteizko Campusean. Bertan irmo salatu zuen: «Aurrekontu horiek EHU paralisira daramate, argi eta garbi».
Lau egun geroago, igandean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek artikulu luze bat argitaratu zuen bere blogean. «Hizkuntza hiperbolikoak ez du Euskal Herriko Unibertsitatearen finantzaketa hobetuko», dio titularrak. Gogor jo zuen errektore taldearen aurka testuan, finantzaketa nahikoa dela nabarmenduz: «Ez da sinesgarria esatea Gobernuak ikasle bakoitzeko 10.000 euro emateak geldialdia edo kolapsoa ekarriko diola unibertsitateari, arrazoi ekonomikoak direla eta. Ez da; hala balitz, Europako ehunka unibertsitate egongo lirateke amildegiaren ertzean».
«Zeri dagokio errektorearen jarduna? Proiektu akademikorik ez dagoela ezkutatu nahi al da? Edo erantzukizuna gauzatzeko eta aurrekontu erabaki zailak hartzeko ezintasuna?», galdetu zuen, baliabideak «mugatuak» izaten direla gogoraraziz. «Espero dut ez direla saiatuko unibertsitate publikoa arma politiko gisa erabiltzen», esan zuen, EHUko gobernu taldearekin akordioak lortzeko «gogoz» dagoela gehituz, «baina dialektika hiperbolikoak –paralisia, kolapsoa– ez du lagunduko».
«Konpromiso irmoa»
Astearte honetan Perez Iglesiasek hitz egin du berriro EHUri buruz Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordearen aurrean. Nola ez, babestu du bere sailaren aurrekontua, 653,3 milioi eurokoa, «unibertsitatearekiko konpromiso irmoa zein zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa» islatzen duena, eta ukatu du EHUren «azpifinantziazioa». Gobernuak EHUri egindako ekarpenak «zifra errekorra» lortu duela dio, %6,9 handitu dela esanez. Hala, haren esanetan, «arazoa» da aurrekontu osoa erabiltzen ez dela. Dioenez, gaur egun EHUk unibertsitate-azpiegiturak hobetzeko planean esleitutako zenbatekoaren %40 baino ez du gauzatu.
Behintzat aitortu du «zalantzarik gabe» badirela inbertsio handiagoa eskatzen duten azpiegitura batzuk. «Unibertsitateari esan diogu segurtasun baldintzekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia gure gain hartuko dugula», gaineratu du, eta espainiar Gobernuaren erantzukizuna mahaigaineratu du. Azaldu duenez, unibertsitate publikoaren finantzaketan, Lakuak «kopuru batzuk jartzen ditu» eta Estatuak «beste batzuk». «Eta ezagutzen ez ditudan arrazoiengatik, Estatuak dezente gehiago jartzen du beste erkidego batzuetan», deitoratu du.
Era berean, Imanol Pradales lehendakariak esan du EHUk «inoiz ez dituela izan hainbeste baliabide». Beraren hitzetan, EHU «funtsezko erakunde akademikoa» da bere Gobernuak «unibertsitate publikoarekin zein euskal unibertsitate-sistema osoarekin duen konpromisoa eztabaidaezina dela» dio, «zientziaren, ezagutzaren, ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustuarekin»
EHUk premiazko bilera eskatu du
Sailburuaren agerraldia entzun ondoren, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak premiazko bilera eskatu dio Imanol Pradales lehendakariari, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako
sailburu eta Juan Ignacio Perez Iglesiasekin batera, errektoretza-taldeak egin duen premien txostena zehatz-mehatz aurkezteko. «Ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak lehen eskutik ezagutzea zehaztutako eta kuantifikatutako premiak. Eta egokia litzateke bilera hori azaroaren 19an Legebiltzarrean itxita dagoen agerraldiaren aurretik izatea».
Dena den, EHUko errektoreak berretsi du ez datorrela bat sailak proposatutako planteamenduarekin, euskal unibertsitate publikoaren finantzaketari dagokionez: «Aurrekontu-proiektuan aurreikusitako igoera ez da nahikoa unibertsitatearen beharrezko digitalizazioari, azpiegituren mantentzeari, talentua erakarri eta eusteko lanari eta eskaintza akademikoaren hazkundearen kudeaketari nahiz ikerketa jarduerari erantzuteko, orain arte unibertsitate komunitatearen konpromiso eta esfortzuarekin erantzun izan baitzaio: asko egin da oso gutxirekin».
Bengoetxeak berretsi du euskal unibertsitate publikoa egungo egoerara iritsi dela azpiegituren, digitalizazioaren, teknikarien eta administrarien gabeziaren eta irakasleen lan-baldintzen arloan, hain zuzen ere «denboran iraun duen finantzazio iraunkor ezagatik. Horri erantzuten dio prestatu dugun beharren diagnostiko zorrotzak. Ez dut ulertzen nola ukatu dezakeen sailburuak ebidentzia hori»

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz


