
Fatxada eta kristalezko bestelako egituren kontra talka eginda hiltzen diren txorien arazoa ez dela «arazo txiki bat, biodibertsitate arazo latza baizik», salatu du Eguzkik. Kasu honetan Cristobal Balencia Museoko kristalezko fatxada «hegaztientzako tranpa hilgarria» dela azaldu du talde ekologistak, eta horri aurre egiteko neurriak lege eta araudietan zehaztu behar direla esan.
Eguzkik urtebeteko epean 16 hegazti gorpu aurkitu ditu fatxadaren ondoan. Onartu du egindako segimendua ez dela «inolaz ere sistematikoa» izan, eta asko izanda ere, «icebergaren tontorra baino ez direla», eta urtebeteko epean hildako hegaztien kopurua askoz handiagoa izan dela.
Hildako hegazti gehienak LESPREn zerrendatuta daudela azaldu du talde ekologistak, hau da, Estatu espainoleko Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren ‘Babes bereziko erregimenean dauden basaespezieen zerrenda’ delakoan, eta horietako bat, lepitzulia hain zuzen ere, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan ere sailkatuta dagoela, «interes bereziko» gisara.
Neurrien beharra
«Balenciaga museoa, Donostiako GOe bezala, biodibertsitatearen ikuspegitik garrantzitsua den eta behar bezala kontuan hartzen ez den arazo baten adibidea da», adierazi du Eguzkik. Eta gogoratu du GOe inauguratu eta hurrengo egunean bertan salatu zutela «hango kristalen lehenengo biktima: erregetxo bat». Biak nagusiki diru publikoz ordaindutako eraikinak izaki, ez du ulertzen zergatik ez duten azalera handietan txoriak babesteko neurririk hartu.
Hegaztien marrazkiak dituzten pegatinak leiho handietan edo autobide ondoko pantailetan aspaldidanik ikusi direla nabarmendu dute, nahiz eta, egun ez diren «babes neurri eraginkorrenak» kontsideratzen. Arazoari irtenbidea kasuan kasuko esku-hartzeek ematen diote normalean, baina Eguzkiren ustez arazoari modu eraginkorrean heltzeko, «lege eta arau mailako neurriak» hartu behar direla aldarrikatu du.
Bide horretan, urte hasieran Eguzkik idatzi bat bidali ziela hainbat udali azaldu du: «Eskatzen genien beraien eskumeneko araudian sartzea eraikin publiko zein pribatuetako fatxada eta pantaila/hesi berrietan txorien talka saihesteko neurriak kontuan hartu behar direla».

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos
