Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Camilla Moronik era askean igo du Kapitaineko ‘Pre-Muir’ ibilbidea

Eskalatzaile italiarrak Pietro Vidi izan du sokakide 35 luze dituen bide gogor horretan. Marraren giltzak probatu ondoren, behin betiko igoera sei egunekoa izan zen eta, gehienez, 8a+/b maila gainditu behar izan zuten. Hormatzar hori librean eskalatu duen nesken taldean sartu da Moroni.

Camilla Moroni ‘Pre-Muir’-eko luze gogor batean sokaburu; ibilbide hori era askean igo berri du.
Camilla Moroni ‘Pre-Muir’-eko luze gogor batean sokaburu; ibilbide hori era askean igo berri du. (Pietro VIDI)

Yosemiteko hormak bisita ugari izaten ari dira udazkeneko denboraldi honetan. Horien artean, jakina, Kapitainek foku gehienak erakarri ditu. Murru luze horretako hainbat ibilbidetan ilarak sortzen ari dira; besteak beste, ‘The Nose’ enblematikoan.

Bada, sokada batek pilaketa hori saihestu eta ibilbide gogor batean bakarrik jardun du. Hain zuzen ere, ‘Pre-Muir’ marran (8a+/b). Pietro Vidi eta Camilla Moroni izan dira aukeraketa hori egin dutenak, eta lasai asko baiezta daiteke bikain atera zaiela. Eta hori diogu bi italiarrok 35 luze dituen bide zail hori era askean igotzeko aukera izan dutelako.

Bi gazteok oso zailduak dira eskaladan. Moroni (24 urte), adibidez, kirol eskaladan eta lehietan maila handia ematen ari da. Bitxia bada ere, Kapitaineko lehen bisitan emaitza bikaina erdietsi du. Ez dira asko pareta ikoniko hori era librean eskalatu duten emakumezkoak, eta ‘Pre-Muir’-ekin Moroni talde horretan sartu da.

Vidi, berriz, eskalada tradizionaleko munduko eskalatzaile zailduenetako bat da. 22 urte besterik ez ditu, eta modalitate horretan muturreko maila duten makina bat jarduera sinatu ditu.

Indarrak batu, Kapitaineko oinarrian jarri eta lehenbiziko lana ibilbideak dituen hiru luze zailenak, hots, giltzak, probatzera abiatu ziren. Lan horiek amaitu ondoren, joan den urriaren 20an behin betiko ekinaldia hasi zuten. Luze errazenak elkar banatu zituzten; gogorrenak (16, 24 eta 32 luzeak), aldiz, eskalatzaile bakoitzak sokaburu igo zituen. Vidik, adibidez, hiru luze zailenak izan ezik, besteak bistan edo flash eran sinatu zituen.

‘Pre-Muir’ oso luzea eta zailtasunean iraunkorra denez, italiarrok sei egun behar izan zituzten arrakasta hori lortzeko. Protagonistok diote pozik daudela bide hori eskalatzeko hartutako erabakiarekin: «Inguruko beste bide batzuetan makina bat sokada ikusi genituen. Guk, berriz, nahiko lasai jardun genuen. Erritmoa txukuna izan zen. Arazo handiena beroarekin izan genuen. Horrek gure hatzen azaletan arazoak sortu zituen. Bidearen hiru giltzek denbora eskatu ziguten, baina, zorionez, horiek gainditu eta gailurra erdietsi genuen».

Oso sasoiko

Moronik aurreratu du aspalditik buruan zuela Kapitain era askean igotzeko erronka. Olinpiar Jokoen ondoren, italiarrak erabaki zuen lehiak pixka bat alde batera utzi eta arrokan gehiago eskalatuko zuela. Harkaitzean ondo entrenatu ostean, Moronik adierazi du prest zegoela Kapitainen bide bat eskalatzeko: «Zerrendan hainbat marra nituen, baina ‘Pre-Muir’-en hasi ginen besteetan pilaketa zegoelako. Horma horretan nire lehenbiziko eskarmentua zenez, banekien lan eskerga egin beharko nuela. Kapitaineko ibilbide luzeenetakoa da, eta zazpigarren mailako makina bat luze ditu. Zorionez, bide honek ez ditu artesi zabalak; horiek buruhausteak eragiten dizkidate. Eskalada horren emaitzaren inguruan ez nengoen batere ziur, baina aitor dezaket helburu horri ekiteko burua oso sendo nuela».

Eskalatzaile honek onartu du Vidik asko lagundu ziola, eta gehitu ere horman igarotako sei egun horietan oso eraginkorrak izan zirela: «Giltza guztiak aise gainditu genituen; gutxi gorabehera bizpahiru ekinalditan. 7c+ mailako zeharkaldian (26. luzea) denbora gehiago egin genuen. Bestalde, diedro ikonikoa asko gustatu zitzaidan; ibilbidearen luze bitxiena da. Soilik esku-azpiak eta hankak erabiltzen dira: zangosagarrek asko sufritu zuten! Barbara Zangerl luze hori eskalatzen ikusi nuen, eta onartu behar dut kide horrek asko inspiratu zidala xede hori probatu ahal izateko. Luze hori erorikorik gabe egin nuenean, zama handi bat kendu nuen gainetik. Niretzat luze zailena izan zen».

Amaitzeko, Moronik adierazi du hormatzar horretan izan duen eskarmentuan une gazi-gozoak bizi izan zituela. Alde batetik pozik dago ‘Pre-Muir’ askean igo duelako: «Horrekin oso gustura nago, baina murru luze batean arrakasta hori benetan disfrutatzen duzu tontorretik jaitsi eta Kapitaneko zelaira heltzen zarenean. Helburu horretan sartu aurretik uste nuen paretan bizitako egunak samurragoak izango zirela, baina ez da horrela izan. Halere, nire gorputzak esfortzu fisikoari ondo erantzun dio».