«Euskaraz sortutako kulturak gure euskaldun izaeran duen garrantziaz ez gara kontziente»
William Shakespeareren ‘Richard III’ eszenara eraman dute Horman Poster eta Dxusturi Teatroa konpainiek. Larunbat honetan ikusiko du argia Donostiako Gazteszenan. Eneritz Artetxek ondu du dramaturgia eta aktore lanetan ere ikusiko dugu Rikardo III.-aren inguruko «haluzinazio eszenikoan».

‘Othello’, ‘Hamlet’, ‘Macbeth’... William Shakespeareren obrak dozenaka aldiz ikusi dira agertokian gurean baina ez ‘Richard III’. Elkarrekin lan egiteko gogoak bultzatu zituen Igor de Quadra –Horman Poster konpainia– eta Eneritz Artetxe –Dxusturi Teatroa– Rikardo III. eszenara eramatera.
XV. mendeko Leicesterrera garamatza dramaturgo ingelesak. Bi Arrosen Gerraren amaierara, hain zuzen. Lancasterreko eta Yorkeko etxeak Boswortheko gudu zelaian. Borroka betean, zalditik erori da Rikardo III.a erregea, eta, etsaiek inguratuta, bere azken hitzak entzungo dira: «Zaldi bat! Zaldi bat! Nire erresuma zaldi baten truke!».
Eneritz Artetxe (Gernika, 1972) arduratu da ‘Rikardo III. eta ni’ antzezlanaren dramaturgia sortzeaz. «Jolas baten modura hartu nuen, ez nekien gero proiektu bilakatuko zenik», azaldu du. Igor de Quadrak hartu du zuzendaritza.
Oholtza gainean beste bi aktore Artetxe beraren ondoan: Ion Zumelaga, Leire Ucha. «Nahiz eta lehenago elkarrekin lanik egin gabeak ginen, antzerki lengoaian bat egin dugu», kontatu du. Pette Jaragoihen dantzari eta musikaria ere agertuko da tarteka agertokian, zamaltzainaren rolean. Paralelismoa ikusi zuten erregearen eta honen artean. «Biak dira deabrua bezalakoak, azkarrak eta militarrak, eta biek daukate zaldia. Biak dira liluragarriak, ez?», esan du Artetxek.
«Pertsonaia zoragarri»tzat jo du Rikardo III. «Gaiztoa da eta oso azkarra, eta daukan diskurtso gaitasunarengatik liluratzen ditu bai bere biktimak eta baita publikoa ere». Hainbat egonalditan ondu dute lana. «Kaotikoa» du egitura.
«Rikardo III. gaiztoa da eta oso azkarra, eta daukan diskurtso gaitasunarengatik liluratzen ditu bai bere biktimak eta baita publikoa ere»
«Korapilatsua eta konplexua izan da dramaturgia idaztea. Denboran atzera eta aurrera doa, 50 pertsonaia izango ditu. Shakespeareren hasierako lana da eta nabari zaio, gero joango da fintzen idazkera. Saga bat idatzi zuen gerraren kapituluekin eta azkenengotik hasi zen».
Rikardo III.aren gaineko «haluzinazio eszeniko» modura aurkeztu due proiektua. Antzerkiaren ohiko ‘arauak’ irauli egiten ditu Shakespearek. «Publikoari aitortzen dio berak zer egingo duen, zintzotasun osoz eta filtrorik gabe. Eta beste pertsonaia guztien aurrean egiten du antzerkia. Normalean alderantziz da, ikusleen aurrean egiten da antzerkia eta pertsonaien artekoa da ustezko errealitatea. Antzerkia antzerkiaren barruan da», dio.
Bizitzako antzerkiaren gainean, politikako antzerkiaren gainean ere ari da, aktorearen esanetan. «Oso interesgarria da, izan ere joko joko bikoitz hori egunero ikusten dugu albisteetan. Senatuan mikroak piztuta geratzen direnean ezustean eta politikarien ahotsa entzuten denean... Ahots hori izango litzateke Rikardok publikoari esaten diona», adierazi du.
Hainbat guda
Geruza asko ditu kontakizunak. Bi Arrosen Gerra –kanpo politika–, familia barruko gerra –barne politika– eta baita intrapsikologikoa ere. ‘Tronu Jokoa?’ askoz lehenago idatzi zuen Shakespearek. Intriga handiak daude familiakideen artean erregea zein izango den erabakitzeko; eta horrek sortzen du familia giro oso pozoitua».
Hainbat galdera uzten ditu airean Shakespearek: Nor da Rikardo III? Ba al du Rikardok moralaren kontzientziarik? Zertan datza politikak? Manipulazio mekanismo berberak erabiltzen ziren lehen zein orain? Eta itaun denen gainetan hauxe: gutako bakoitza ote da Rikardo III? «Oso galdera potolak dira, eta hainbat hainbat botatzen ditu. Noski, Shakespeare da... Beti harritzen nau. Moralaren gaineko hausnarketa bat bada. Gero ‘Hamlet’-en garatuko du».
«Rikardo III.-ak nahi badu psikopata izan, boterea lortu eta nahi baditu bere inguruko denak akabatu, pozoitu, manipulatu... ezin du askorik pentsatu eta ekin, ekin egiten du. Momentu batean geratu egiten da eta mamuak datozkio, inkontzientea. Horrek galdera bat eragiten du bere bere buruan: ‘Agian ez naiz zuzen jokatzen aritu, ez?’. Baina jarraian mamuak botatzen ditu alde batera eta jarraitu egiten du. Pentsatzen hasten bazara zalantzan jartzen duzu aurreko guztia, enpatizatzen duzu mamu horiekin. Psikopata makiabelikoa izateko gauzak zalantzan jartzeko denbora askorik ezin duzu hartu».
«Gero hori ‘Hamlet’-en garatuko du, ze Hamlet-ek ez du ezer egiten, bakarrik egiten du pentsatu eta hausnartu. Beti zalantzan dago», gaineratu du.
Xabi Payak ekarri du euskarara testua. «Pasarte batzuk aukeratu genituen eta hiru pertsonaia, zeren obra gehiegizkoa zen», dio.
Kartoiaren erabilpena nabarmentzen da eszenografiari dagokionean. «Hiru protagonistak Shakespeare zaleak dira eta etxean egindako estetika interesatzen zitzaigun, izango balitz hartu dituztela etxeko trastoak eta hasi direla antzerkia egiten umeek egiten duten bezala».
Artista estatusik ez
Ibilbide luzearen jabe da Artetxe. Arte eszenikoek gurean bizi duten egoeraren iritziaz galdetu diogu. «Ez daukagu artista estatus bat. Gu bihotzez bagara artistak, baina ez zaigu estatus hori ematen. Eskaleen modura gabiltza. Gizarteak orohar ez digu espazioa ematen. Ez dago baldintzarik, ez epe luzerako planik», erantzun du.

Euskal antzerkiaren kasuan, zama bikoitza da bere iritziz. «Uste dut guk geuk dauzkagula aurreriritzi handiak gure kulturarekiko. Eta honek bai bihotza apurtzen didala. Euskaldunak bere kulturarekiko distantzia jarrita ikusten ditut. Euskarazko kulturak gure euskaldun izaeran duen garrantziaz ez gara kontziente. Ez badugu sortzen euskarazko kulturarik gure imajinazioa agortu egiten eta orduan lapurtu egin behar duzu imajinarioa espainoletik, amerikarretik edo dena delakotik», azpimarratu du.
«Erresistentzian»
Bere burua «erresistentzian» ikusten du. «Ez dut egin nahi jendeari erraza egingo zaion antzerkia. Nik nahi dut egin antzerki bat jendearentzako interesgarria dena, ez naiz burbuila batean bizi. Baita ere euskal kulturari ekarpena egingo diona».
Hizkuntzaren gaiari heldu dio. «Beti aipatzen da hizkuntzaren kontua, beti dago eztabaida bera. Nik maite dut joatea antzerkira eta entzutea euskara jasoa, euskara aberatsa. Literatura antzerkira eramatea, pertsonaia interesgarriak... Aurriritzi horiekin apurtzeko garaia da. Kalean pertsona asko hurbiltzen zait esanez pila bat eskertzen duela euskara jasoa entzutea antzerkian. Euskal kulturaren jarraitzaile horiek antzezlan landuekin eta hizkuntza landuarekin egiten dira zale», esan du.
Zailtasunak zailtasun, harro dago hartutako bideaz. «Nahiz eta nahi gaituzten kokatu eskale bezala, ni ez naiz horrela sentitzen. Badakit ekarpena egiten dudala. Batzuek gustukoa izango dute, besteek ez, baina ni saiatzen naiz etikoki egin dezakedan ekarpena egiten. Pozik nago uste dudalako defendatu dudala sentitzen eta pentsatzen nuena. Niri horrek satisfakzio handi ematen dit diruak, adibidez, ematen ez didana. Eta balore bat da. Noski, hobe litzateke babestua balego edo horren kontzentziak sozial bat balego. Batzuetan erakundeei egozten diegu baina denok nahi dugu, gero eta gehiago, Netflix ikusi, ez dakit nora joan oporretara.... Azken batean ekologia kontu bat da, babesten duzun bezala baso bat, babestu behar duzu hizkuntza bat eta hizkuntza horretan egindako kultura».
«Nahiz eta nahi gaituzten kokatu eskale bezala, ni ez naiz horrela sentitzen. Pozik nago uste dudalako defendatu dudala sentitzen eta pentsatzen nuena»
Udal programatzaileek «gustuen» arabera aukeratzen dituztela dio antzezlanak. «Programatu beharko lukete aniztasuna eskainiz eta irizpide batzuren arabera, zeinetan euskarak eta emakumeek egindako antzerkia izan behar duen presentzia... Ez da erraza ere, euren gainetik badaude agintariak eta haien exigentziak. Eskatzen da antzerki erraza, barre egitekoa, telebistan agertzen den jendearen partehartzearekin, baina horren azpitik halako barne-erreka bat egon behar du beste gauza batzuk eraikitzen dituena. ‘Bete dadila antzokia eta denok pozik’ diote, baina beste eduki batzuk ere behar ditugu denok».
Arazoa egiturazkoa da Artetxeren ustez. «Kontua da ez direla ez programatzaileak, ez agintariak, ez ezer, denok gara. Zeren programatzen badute baina gero hiritarrak ez badoaz, zer? Ez da programatzaileen kontua edo agintariena, denona da. Gauza batzuk ulertzeko edo antzerkiaren estetika eta lengoaia ulertzeko ere antzezlanen bat ikusi behar izan duzu lehenago. Sarritan erreferentzia bezala edukitzen dira ikus-entzunezkoak eta ez dauka zerikusirik. Eskolan ere nola tratatzen dituzte ikasgaia artistikoak? Arazoa egiturazkoa da», nabarmendu du.
«Ez dira ez programatzaileak, ez agintariak, ez ezer, denok gara. Zeren programatzen badute baina gero hiritarrak ez badoaz, zer?»
«Nahi dute sinestea herritarrek ez dutela pentsatu nahi, uste dutela ez dutela kulturarik behar, baina ez da egia. Krisialdi bat dagoenean Mikel Laboaren abestiak abesten ditu jendeak eta horrek bihotza ikutzen dio. Bete egiten du eta horrek ematen dio erresistitzeko indarra. Hori horrela da, baina noski, gero ez digute kultura egiteagatik ordaindu nahi».
«Kultura, ogia bezala»
«Ogia bezala behar da kultura». Hala dio Artetxek. «Pandemian argi ikusi nuen. Medikuntzaren alorretik ikusten da orain osasuna. Eta osasuna ez da bakarrik txertoa jartzea, osasuna beste gauza asko dira, oso gauza zabala da. Guk behar dugu abestu, dantzatu, gure herriaz hitz egin eta hori dena kultura da, osasuna. Biologikoki behar dugu. Horregatik hasi zen gizakia gauzak sortzen bere kobazuloan. Zergatik egiten zuen ba? Behar zuelako, bere osasunerako eta taldearen osasunerako».
Bihar Gazteszenan estreinatuko dute eta ondoren etorriko dira Azpeitia (azaroak 14), Bilbo (urtarrilak 14 eta 15), Andoain (otsailak 20), Gernika (otsailak 21) eta Basauriko (apirilak 24) emanaldiak. Apirilaren 29an Thrsomson (Norvegia) eskainiko dute antzezlana.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

