
ACB Ligako 2025/26 denboraldiko Fase Erregularreko lehenengo laurdena ia osatu da. Oraindik dena dago erabakitzeko, baina era berean, etxeko lanak orain egin behar dira azken orduan presaka ez aritzeko. Saski Baskoniak eta Surne Bilbao Basketek indarrak neurtuko dituzte Buesa Arenan hilaren 23an 12.30etik aurrera laurden honi amaiera emateko. Azken urteetan gertatu izan denaren kontra, nahiko goiz iristen den derbia da honakoa eta gasteiztarrak faborito argi eta garbiak badira ere, ACB Ligako Top 8ra begira neurketa zuzena izango da, batez ere aurreneko itzulian erabakitzen delako Kopan zeintzuk jokatuko duten eta zeintzuk ez.
Izan ere, uneotan talde biek 3-4ko balantzea dute eta biak daude lehiaketa honetako zortzi aurrenekoetatik kanpora, nahiz eta uneotan zortzigarren postuan dagoen Kanaria Handiarekin berdinduta dauden –baita hamabosgarren postuan dagoen Andorrarekin ere–. Bilbotarrak ligako hamargarren postuan daude, gasteiztarrak hamabigarren diren bitartean. Uneotan sartutako eta jasotako puntuen alde orokorrak neurtzen du sailkapena eta, hala, Bilbao Basketek sartu baino 13 puntu gehiago jaso baldin baditu, Saski Baskoniak 20 gehiago jaso ditu sartu dituenak baino.
Aldeak oraindik murritzak dira eta aurreneko itzulia amaitzeko, igandeko derbia barne, hamar jardunaldi falta dira. Nolanahi, Fase Erregularreko aurreneko laurdena amaitzen denetik aurrera –alegia behin lehiaketa hamargarren jardunaldira hurbiltzen denean– talde guztiak kontuak egiten hasten dira, «nahitaez» irabazi beharreko neurketak zeintzuk diren eta puntu aldearen inguruko kontuei erreparatuz batik bat. Etorkizun hurbilean posizioa hartu behar horrek dirudiena baino garrantzia handiagoa ematen dio igandeko derbiari, are gehiago talde biek hain nabarmen erakutsi dituzten ahultasunak aintzat hartuta.
Garaipen bakarra
Txus Vidorreta, Marcelinho Huertas eta Marko Banicen garaitik ez daki Bilbao Basketek Gasteizen irabaztea zer den; hau da, 2007ko abenduaren 2tik hona. Duela 18 urteko 78-80 hura izan da beltzezko gizonen garaipen bakarra Buesa Arenan, baina ez pentsa bizkaitarrek etxean askoz balantzea hobea dutenik.
Ez da ahaztu behar Bilbao Basket honek ACB Ligan jokatu zuen aurreneko partida, 2004/2005 denboraldian, 57-104 galdu zuela Dusko Ivanovicen Tau Baskonia handi haren aurka. Orotara, elkarren aurka 44 bider neurtu ostean, gasteiztarren oso aldekoa da buruz burukoa: 35-9, hain zuzen. Egia da, bestalde, Euroligan elkarren aurka birritan jokatu dutela eta orduko horietan bietan bilbotarrak nagusitu zirela, baina anekdota hutsa baino ez dira oro har talde bien arteko partiden emaitzen dagokienez.
Izan ere, arabarren eta bizkaitarren arteko azken hamar derbietan Bilbao Basketek garaipen bakarra erdietsi du: 82-80, 2024ko martxoaren 24an, Kristian Kullamae eskolta estoniarrak azken segundoan saskiratutako hiruko bati esker.
Egia da pasa den denboraldian 67-69 eta 100-97 baino ez zela nagusitu Saski Baskonia bilbotarren aurkako derbian, baina azken hamar partidetan batez beste 12,6 puntuko aldeaz irabazi du talde gasteiztarrak, eta elkarren aurka jokaturiko azken hiru partidak aintzat hartuko ez balira, arabarren aldeko diferentzia oraindik eta nabarmenagoa izango litzateke: 17,6 puntukoa, hain zuzen.
Etxean otso, kanpoan uso
Kontuan izan behar da Bilbao basketek denboraldi honetan oraindik ez duela ACB Ligako partida bakar bat irabazi etxetik kanpo. Egia da FIBA Europe Cup-ean bai lortu duela Miribillatik kanpo irabaztea, Brno, Kutaisi eta Peristeri taldeen aurka, baina ACB Ligan behin eta berriro kale egin du.
Ez da lotsatzekoa, nolanahi, Unicaja, Joventut, Manresa edo Real Madrilen aurka galtzea, are gehiago kontuan hartuz gero Bilbao Basketek azken bi denboraldietan orotara (!) bost partida baino ez dituela eraman. Egia da, halaber, Manresan gertu egon zela garaipena lortzetik –79-77 galdu zuen– eta igandean, nahiz eta azkenean Real Madril 82-70 nagusitu, azken laurdenera arte, eta Darrun Hilliard gabe jokatuta, partida irabazteko borrokan murgilduta izan zela.
«Irabazteko moduko partida egin dugu, baina saskira begira ez dugu asmatu. Horrez gain, baloi larregi galdu ditugu; zazpi, laugarren laurdenean bakarrik. Manresa, Peristeri eta Real Madrilen aurka ikusi da etxetik kanpo ere bide onean urratsak ematen ari garela, baina oraindik zertxobait falta zaigu eta falta zaigun hori konpontzeko lana egin beharko dugu», azaldu zuen Jaume Ponsarnau entrenatzaileak Real Madrilen aurkako partidaren ostean.
Saski Baskoniak berak ere nahiago du etxeko goxotasuna. ACB Liga eta Euroligako partida guztiak aintzat hartuta, irabazi dituen sei neurketetatik bost etxean irabazi ditu eta Buesa Arenatik kanpo Granadan, ACB Ligako azken sailkatuaren etxean, bestetan ez du irabazi.
Egia, bestalde, ACB Ligan orain arte bi neurketa baino ez dituela jokatu talde gasteiztarrak etxean, Real Madril eta Teneriferen aurka, eta bietan atzetik aurrera eginda garaipena erdietsi du. Hain zuzen, neurketa horietan bietan jokatu ditu Paolo Galbiatiren taldeak bere minuturik onenak, zaleen laguntzari esker.
Bestalde, gasteiztarrek teorian aste bikaina lukete emaitzak, jokoa eta sentsazio onak berreskuratzeko, Lleida, Happoel, Maccabi eta Bartzelonaren aurka, denak etxetik kanpo, segidan galdu ostean. Ostiralean Municheko Bayern-en bisita jasoko du talde arabarrak. Alemaniarrek bost garaipen pilatu dituzte orain arte Euroligako 11 jardunaldi eta gero, eta horietatik bakarra etxetik kanpo. Ostean, Bilbao Basketen bisita jasoko dute.
Gasteiztarren kezkarik handiena agian egutegiak ez diela arnasarik emango izango da. Ostiralean 20.30ean hasiko da Bayern-en aurkako dema eta igandean 12.30ean, 40 ordu beranduago baino ez, euskal derbia. Egia da, nolanahi, Bilbao Basketek FIBA Europe Cup-eko partida jokatu behar duela astean zehar, baina asteazkenean 20.00etan Kutaisi talde ahula izango du aurrez aurre, eta bai partida batetik besterako denbora tarteak zein talde georgiarrararen maila eskasak aukera emango diola Jaume Ponsarnauren taldeari igandeko derbia behar bezala prestatzeko eta, era berean, kanpoan erakusten duen ahultasuna nola ezabatu lan egiteko.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

