
Azaroko hego haize bolada luze eta epelaren amaierarekin bat, 2025eko Euskadiko XCONTEST parapente txapelketako sari banaketa ospatu zen igande honetan. Ekitaldirako leku berezia aukeratu zuten antolatzaileek: Orioko lurreratze eremu berria, Oria ibaiaren eta kirol portuaren ondoan.
Sari banaketa honek 2025eko parapente denboraldi osoan egindako hegaldiak aitortzen ditu. Zehazki, lehiaketa honek parte-hartzaile bakoitzak urtean zehar egindako 6 hegaldi luzeenak hartzen ditu kontuan. Baldintza gisa, 6 hegaldi horietatik 4, gutxienez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik aireratuak izan behar dira (herrialde bakoitzeko onena kontatuz), eta gainontzeko biak lau lurralde horietako edozein aireratze izan daitezke.
Sailkapen orokorrean, Mattin Iñiguez izan da txapelduna. Iñiguezek 2025eko RED BULL X-ALPS lehiaketa gogorrean parte hartu du aurten, eta kontatu duenez, lehiaketa horretarako entrenamendu gogorren emaitza izan da, beste hamaika hegaldiren artean, Aizkorri iparraldera egindako hegaldi ikusgarri bezain gogoangarria.
Bigarren postuan Iñigo Gabiria bizkaitarra sailkatu da. Hirugarren postua, berriz, Aner Etxezabal azpeitiarrak eskuratu du. Ez dira zenbaki makalak, inondik inora, lehen hiru postuen estatistika zenbakiak. Hiruren artean 700 ordutik gora pasa dituzte hegan 2025 honetan, horien erdiak Mattin Iñiguezek.
Bertaratutakoek sarituen ahotik entzun ahal izan zituzten urteko anekdotarik onenak. Gabiriak «izurik ez, baina momentu izugarriak» bizi izan dituela aitortu zuen. Etxezabalek, bere aldetik, Endoiatik aireratu eta Ernio zein Pagoetatik barrena egindako hegaldiaren zailtasunak azaldu zituen, baita Iñiguezekin batera X-Alps proba prestatzen elurretan izandako aireratze konplikatuak ere.
Euskadiko Aire Kirol Federazioak antolatutako sari banaketan, hauek izan ziren gainontzeko kategorietako irabazleak: BAIZA kluba, klubik onena bezala; Ander Lasa (Nerea bikotekidearekin), tandemean (biplaza); Zigor Diaz, klub kategorian; eta Iñigo Gabiria, sport kategorian.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
