
ELAk txosten bat aurkeztu du Nafarroako politika fiskala aztertzeko, Nafarroako Gobernuaren (PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin) eta EH Bilduren artean lortutako akordio fiskala baloratzeko eta sindikatuaren proposamenak biltzeko. Astelehen goiz honetan aurkeztu dute Imanol Pascual Nafarroako ELAko koordinatzaileak eta Aitor Murgia gizarte politiketako arduradunak.
Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioak enpresa handiei zergak murrizten dizkiela salatu dute. Zehazki, Sozietateen gaineko Zergaren tasa nominala %28tik %25era jaitsi dute, betiere enpresek enpleguari, ezbehar tasari edo berdintasun planei dagozkien baldintzak betetzen badituzte. «Erraz lor daitezkeen baldintzak dira, eta, beraz, enpresa handi gehienek gutxiago ordainduko dute Sozietateen gaineko Zergan», azaldu du Pascualek.
«Kapitalari zergak igo beharko litzaizkieke»
PFEZaren inguruan adostutako neurriei dagokienez, sindikatuak positibotzat jotzen du errenta baxuenen gaineko presio fiskala arintzea, «baina neurri horrekin batera errenta altuei eta kapitalari zergak igo beharko litzaizkieke, hain zuzen ere akordio honetan gertatzen denaren kontrakoa».
Kenkari fiskalen bidez 15.400 eurorainoko alarguntasun eta erretiro pentsioei dagokienez, ELAk uste du «oso irismen mugatua» izan dezakeela.
Era berean, aitorpena egiteko obligazioaren gutxienekoa 17.000 eurora igotzea eta pentsioak 15.400 eurora arte osatzea kontrajarriak izan daitezkeela adierazi du sindikatuak «aitorpena egiteko obligaziorik ez badago».
Azkenik, ELAk deitoratzen du «ezkerreko alderdiek uko egin izana kapitalaren eta enpresen pribilegioak zalantzan jartzeari». «Langileriarentzat bidezkoagoak diren alternatiba fiskalei buruzko eztabaidarik ez planteatzea albiste txarra da eraldaketa sozialaren alde egiten duten erakunde guztientzat», aldarrikatu du.
ELAren ustez, «ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituen anbizio handiko zerga-erreforma abiatzea; horretarako, ezinbestekoa da enpresek zerga gehiago ordaintzea».

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos
