Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Esne-berriketan’, emakumeen ahotik jasotako testigantza intimoak Uxue Alberdik idatziak

57 emakumek euren ahots goran kontatutako bizipenak. Intimoak. Gogorrak batzuk, goxoak besteak, denak Uxue Alberdik hain berea duen luma fin eta aberatsarekin idatziak. ‘Esne-berriketan’ liburua Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu da. 

Begoña Durruty eta Uxue Alberdi, astearte honetan, Donostian.
Begoña Durruty eta Uxue Alberdi, astearte honetan, Donostian. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«Badira andre banderak eta andre pañeluak, etxekoak, barrurakoak, beren burua ondo plegatzen dakitenak. Badira kuleroak labean lehortzen dituzten andre señorak eta zuhaitzak aizkoraz botatzen dituzten andre mandoak; bost urteko artzainak eta atso kontrabandistak; abantekoak eta izuak, esanekoak eta etxekalteak, debilak eta fuerteak, txatxalak eta txorrotxak, emakaitzak, andrekoiak, antzuak, lokak. Fosforozko eta merkuriozko andreak». Uxue Alberdiren (Elgoibar, 1984) hitzak dira.

Euskal Herriko hainbat txokotan jasotako esperientziak kontakizun bihurtu dira idazlearen eskuetan. Begoña Durrutyren (Arizkun 1968) marrazkien jantzita datoz ‘Esne-berriketan’ liburuan.

Kilkerrak kontatutakoak papereratu zituen ‘Belarriko kilkerra’ aurreko liburuan Alberdik. Hark ireki zion orain berriz hartu duen bidea. Emakumeek ahoz kontatu, idazleak belarriz jaso eta idatziz emandako kontakizunak aurkituko ditu irakurleak liburu honetan.

Belarriak adi, grabagailua eta boligrafoa izan zituen lagun han-hemen egindako elkarrizketetan Alberdik. Handik ordenagailura. Behin idatzita zituenean protagonistaren onespena jaso eta liburura. Izan da bere testigantza beltza zuriaren gainean irakurri eta atzera egin duen kontalaririk. «Kontakizun bakoitzak izan nahi du berba-habia bizi bat, eta bata bestearen atzetik jarrita, narraziook unibertso bat osatzen dute, paisaia bat, ahotsez eta mugimenduz beteak», nabarmendu dute Elkarreko arduradunek.

Ahozko transmisioa du ardatz proiektuak eta kantuz eman dio hasiera astearte honetan Donostian egindako aurkezpenari Durrutyk. Giro goxoa sortu du, emakume protagonistetako hainbaten presentzia izan duen ekitaldian.

«Emakumearen nahiak, ezinak, maitasunak, alaitasunak, penak... Urte askoan esne-berriketan ibili dira euren artean kontatzen, konpartitzen, eta gutxietsi egin dira emakumeen ahotik eta bihotzetik jasotako esperientziak, orain gutxi arte ez baitute leku gehiegirik izan letretan», adierazi du Antxiñe Mendizabal editoreak.

Memoria ariketa zein ariketa literarioa da elgoibartarrak egin duena. «Sinesgarritasunaren izenean entzundako ahots bakoitzari topatu dio hitzik egokiena, joskerarik dotoreena eta erritmorik organikoena. Eta hori bai da literatura. Balio handiko proiektua eta liburua da, eta emaitza ederra da», nabarmendu du.

Hunkitu egin da Alberdi solaskide izandako hainbat emakumeren aurpegiak aretoan ikustean. «Negargurea aguantatzen daramatzat minutu batzuk», aitortu du. 

Garrantzi handirik gabeko solasari deitu izan zaio esne-berriketa. Balioan jarri dute  Alberdik eta Durrutyk. «Bi urtean aritu naiz entzuketa ariketak egiten, banaka eta talde txikietan egindakoak. Hainbat herritarrara joan eta emakume taldeekin elkartu naiz, Hondarribian, Ondarroan, Getarian, Bidanian, Errezilen, Orion, Larrabetzun, Zarautzen, eta beste hainbat herritako –Muxika, Tafalla, Elgoibar, Asteasu, Andoain, Iruñea, Mugaire...– istorioak ere jaso ditut», kontatu du.

«Ehunka istorioren artean zein kanpoan utzi, zein barruan sartu, zein zeinen atzetik jarri, nola sortu armonia suerte bat ahotsen artean, nola sailkatu pentsatzen», ez zaio erraza egin testigantzen aukeraketa.

«Badira istorio xaloak eta samurrak eta badira lotsari eta bortxari ahotsa jartzen diotenak ere, isildu izan direnak. Ohartu naiz zenbait istorio anekdotara murrizten direnean soilik bihurtzen ditugula kontagarri. Denborak distantzia jarri zain egoten gara zabaltzeko, ezagutzen baititugu isiltasuna haustearen ondorenak. Kontuan hartzekoa iruditzen zait kontalari hauetako askok beren burua arriskuan jarriko zuketela orain kontatzen dituztenak gertatzen ari ziren garaian bertan kontatu izan balituzte. Oraindik orain goitizenekin sinatzen dute batzuek, jakin gabe ere badakigulako zigortu egiten dela emakumeon hitza plaza publikoan», gaineratu du.

Zortzi atal

Zortzi atalez osatu du liburua eta ataletako bakoitzean hainbat gai, tonu eta giro uztartu dira. Bakoitzak atze-oihala du. «Begoña Durrutyren marrazkien hariek, bideek, txoriek eta marrek eta katuek lotzen dituzten bezala lotzen dituztenak istorioak» Alberdiren esanetan.

«Erditzeak, abortuak, nahigabeko haurdunaldiak, ume maiteen heriotzak, zuloak, gizonen sexu grinari ihesi korrika ari diren neskak, senarren semeen sexualitatearen kargu egiten diren andreak, bizitzari eusteko eta bizitzarik ez sortzeko emakumeek egin izan dituztenak, egiten dituztenak, egiten ditugunak. Bada beste aldea ere, haragiaren plazera, irrika, laguntasuna...» lehen atalean.

Bigarren atala argitsuagoa da. «Poza dago, konplizitatea, komunikazioa, pausoa, erritmoa, konpasa, elkarrekin doazen neskatilen urratsak, tranbiaren trikitranka, alegrantziaren taupada, esperantza, plazer eta ilusio txikiak daude, ingenioa, bihurrikeria eta goxotasuna».

Hirugarren atalean itsasoa aurkituko du irakurleak. «Arrainak, ur amniotikoa, marinelak, mareak, gatza, txipristina eta aparra». Laugarren atalean menpekotasuna jaso du. «Emakumeen psikiatriko bateko istorioak, adopzioan emandako umeak, andre abandonatuak, jabeentzat erditzen diren neskame esklaboak, sasiko umeak, ama zigortzaileak, bost urteko artzaina eta hari atzetik segitzen dion ilargi erraldoia».

Bosgarren atalean, heriotzaren itzala ageri da, hainbat tonutan. «Hilen eta bizien arteko loturak eta desloturak, jaiotzen eta hiltzen laguntzen duten eskuak, hil ezina eta biziezina eta umore beltza». Seigarren atalean daude «andre gaiztoak, andre agintariak, andre seiorak, goizetik gauera aginteran solasten akustombratuak, andre inbidiosak eta diruzaleak, kontrabandistak, konspiratzaileak, lanari lotutako kontakizunak...»

Zazpigarrenean daude «andre apartak, funambulistak, trauskilak, domadoreak, zekenak, bizia ematen eta kentzen dakitenak, mari-mutilak, ez batekoak eta ez bestekoak, harremeak, barrasaketak, mendekatzaileak, lapurrak, nabarmenak». Eta zortzigarren atalean, era batera edo bestera, gizonei planto egin dieten andreen kontakizunak daude. «Dyane 6 deskapotable bat gidatzean sentitzen den haizearen fra-fra hori...».

Bilatu du «entzun zitezela andreen ahotsak eta esan posturak. Pentsatu genezala esaten dutena, esaten duten moduan, esaten digutenean zer esaten diguten benetan».

«Koska handia dago kontatzetik idatzita ikustera eta beste koska bat dago hori liburuan atera eta jendearen eskuetara iristen denean. Izan ere, jendeak gauzak esaten dizkizu. Hau da, ispilu egiten diozu jendeari eta hori da hitz publikoaren arriskua. Gure bizitza, gure errelatoa, fikzio bat da, gure memoria fikzio bat da eta etengabeko talka dago fikzioen artean. Uste dut ariketa bat dela norbere buruarekin zintzoa izanez, saiatzea zeure istorioatxoa kontatzen», adierazi du.

Baserriak zutik mantendu dituzten emakume baserritar langileak izan ditu gogoan Durrutyk. «Ukitu batzuk, hari batzuk, akorde batzuk... istorioak lotzen joan naiz, giro bat sortzen, bat egiten duena kontakizun guztiekin, kantak jarriz. Han umore kanta bat, hortxe ezinegon giro bat. Lortu dugu zerbait maitasunez egina, zintzoa, kuttuna eta koherentea, aski polita».

Proiektua publikoaren aurrean aurkezteko, bertso saio literarioak egingo dituzte. Uxue Alberdik errezitatuko ditu istorioak, Iban Urizar ‘Amorante’-k egingo dio istorio bakoitzari soinu banda eta aldiro bi bertsolari diferentek inprobisatuko dute istorioen harira idazleak berak jarritako gaien gainean. Abendura bitartean zazpi saio dituzte lotuta. Asteasuko udaletxean igande honetan izango dira eta atzetik etorriko dira Zumaia, Ondarroa, Zaldibia, Aramaio, Orio eta Mendaro.