
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Oreka Berdeko Departamentuaren kudeaketak kezka eragin du azken urteetan eta, egoera horren aurrean, Aldundiko langile batzordeak salaketa publikoa egin du asteazken honetan. Diotenez, departamentuko barne finantzazioak «etengabe behera egin duen bitartean», sortu dituzten fundazio eta kanpoko enpresei zuzendutako diru partidak «gero eta handiagoak dira».
«Langile publikook Lurralde Oreka Berdeko Departamentua urtetik urtera nola joan den ahultzen ikusi dugu. Alde batetik, funtzioek eta betebeharrek gora egin duten bitartean, langile publikoen kopuruak behera egin du eta ez da kasualitatea izan. Izan ere, administrazio publikoaren egitura desegin duten neurrian, inguruan fundazio eta antzeko erakunde sasi-publikoak sortu dituzte, egun administrazio paralelo bat izateraino. Aspalditik hasitako ezkutuko pribatizazioa orain agerian eta denon aurrean ari da gertatzen, zerbitzu publikoaren eta herritarren interesen kaltetan», azaldu dute.
Salatu dutenez, 2025eko aurrekontuetan ez da langile publikoak sendotzeko dirurik aurreikusi, baina bai kanpoko enpresa eta fundazioetara diru partida handiak bideratzeko: Basotik programara 2 milioi euro, Etorlurrera 807.000 euro, eta Gipuzkoako Parketxe Sarearentzat 540.000 euro.
Sindikatuek gogorarazi dute funtzionario publiko izatea oposizio bidez lortutako kargua dela eta «objektibotasuna, inpartzialtasuna eta interes orokorra bermatzeko berme bat dela». Galdera nagusia, haien esanetan, hauxe da: «¿Nork kontrolatzen du erakunde sasi-publiko horietan sartzen diren langileak eta haien hautaketa prozesuak, lan baldintzak, haien inpartzialtasuna...?».
«Aldundiko Gobernuak, bere medio propioekin eta funtzionario publikoez osatutako lantalde sendo, eraginkor eta ondo koordinatutakoaren bidez zuzeneko kudeaketa egokia egin beharrean, bere politikak berak eragindako ahultasuna eta anabasaren aitzakian, politikoki erraz kontrolatuko duen administrazio paralelo bat sortzen ari da», salatu du LAB, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen duten langile batzordeak.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
