EHU euskaldun baterantz pausoak emateko, hautazkoak euskaraz bermatzea eskatu dute

Ireki Lei(h)oa Euskarari Leioako campuseko euskara taldeak txosten bat aurkeztu du asteazken honetan. EHUri «ardura politikoak» hartzea eta «unibertsitate euskaldun baterantz aurrerapausoak egitea» exigitu diote, «hautazkoak euskaraz bermatzea lehentasun nagusitzat izanik».

Ireki Lei(h)oa Euskarari Leioako campuseko euskara taldeak egindako agerraldia.
Ireki Lei(h)oa Euskarari Leioako campuseko euskara taldeak egindako agerraldia. (Ireki Leioa Euskarari)

‘EHUko euskarazko graduen diagnostikoa eta hizkuntza eskubideen zapalkuntza’ txostena aurkeztu du Ireki Lei(h)oa Euskarari Leioako campuseko euskara taldeak. Asteazken honetan egindako agerraldian, Unibertsitateari «ardura politikoak» exijitu dizkiote, baita «unibertsitate euskaldun baterantz aurrerapausoak egitea».

Bide horretan, «lehentasun nagusi» gisa definitu dute hautazko ikasgaiak euskaraz bermatzea.  «EHUko Leioako Campuseko graduak euskarazko gradu izendatuta ere, euskalduntasun hori bermatzen ez dela guztiok aho batez ikusi dugu», adierazi dute. Izan ere, derrigorrezko ikasgaiak euskaraz baldin badira ere, «hautazko ikasgaiak euskaraz ikasteko ezina gradu guztietan errepikatzen da».

«Arazoaren existentzia argia dela ondorioztatu dugu, datu kuantitatiboek problematika erreala dela frogatzen baitute. Fakultatez fakultate eta graduz gradu datuak ikertuta, euskara hutsean eskaintzen diren graduak gutxiengoa direla ikusi da, hautazkoen problematikak egiturazko zapalkuntza linguistiko bati erantzuten diola ondorioztatuz. Euskal Herriko Unibertsitateak zapalkuntza egoera hau onartzen du, euskaldunon hizkuntza eskubideak hezkuntza prozesuan ematen dioten garrantzia ikusi dugularik», adierazi dute.

Euskara talderaren hitzetan, «problematika hau larria» da «gure hizkuntza hauspotu eta goi mailako ikasketetan garapena izan dezan traba hauek ezabatu behar direla ikusten dugularik. Bestela, etorkizuneko lizenziatuok, gure jardun osoa euskaraz egin nahi dugunok, ezingo dugulako euskarazko etorkizun duin bat produzitu ezta erreproduzitu», gehitu dute.

Hausnarketa horretatik abiatu zen txostena osatzen duen ikerketa. Alde batetik, datu kuantitaboak aztertuta, Leioako ikasleek hautazko ikasgaien egoeraren larritasuna zenbatekoa den aztertzea zuen helburu. Bestetik, elkarrizketen bidez, datu kuantitatiboen bidez jasotzen ez diren  pertzepzioak jasotzea. 

Datu orokorrak hautazkoen ia % 40a euskaraz eskaintzen ez dela dioen arren, hainbat graduetan problematikak dimentsio handiagoa hartzen duela ondorioztatu dute. «Euskara hutsean egin daitezkeen gradu bakan batzuk dauden bitartean, hautazkoen hiru laurden baino gehiago erdaraz soilik eskaintzen dituzten graduak ere badaude. Beraz, zifra orokorrak guzitz distortsionatzen du errealitatea eta ez da ikasle askoren ikasketa prozesuan islatzen. Instituzioek soilik datu orokorrak irakurtzeak dakar gerora barne mailan zapalkuntza hauen onarpena eta erreprodukzioa».

Horretarako, Unibertsitatearen euskara plana ere aztertu dute, ikasle zein irakasleak elkarrizketatuta. «Zapalkuntza sistematikoaren ideia nabarmen ikusten da, eta zapalkuntza horren inguruko hainbat gako atera ditzakegu elkarrizketetatik: euskararen infantilizazioa eta gutxiespen akademikoa aipa ditzakegu». Zentzu berean kokatu dute material akademikoa ez dela «modu duinean» bermatzen.

Espainiar markoa

Hautazkoen «datu larri» horiek, Unibertsitateak hartzen duen markoari erantzunten diola iritzi dute. «Euskaraz bermatzen ez diren hautazkoei jartzen zaien alternatiba nagusia gaztelaniaz eskaintzea da, ikasle orok hizkuntza hori menperatzen duela ondorioztatuz. Alta, Ipar Euskal Herriko hainbat ikaslek ez dute zertan gaztelania jakin, eta zapalkuntza linguistikoa jasateaz gain, eskaintzen zaien alternatibak ez die balio».

Txostenaren arabera, «horrek agerian uzten du unibertsitateak duen nazio ikuspegia zein den, izan ere, Euskal Herria marko nazional moduan ulertu beharrean, hautazkoak gaztelania hutsean egoteak espainiar marko estatalari erantzuten dio, Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko bereizketa argi bat eginez».

Era berean, ikasle eta irakasleen artean ere jarrera desberdina dagoela ondorioztatu dute.  «Irakasle askok euskararekiko duten jarrera ezkorra da; askotan euskarazko klaseak gaztelerazkoekin batu eta gazteleraz emanez». Hala ere, «beste ikuspuntu bat duten irakasleek euskararen aldeko borroka gauzatu dutela» nabarmendu dute. Beraien lan militanteagatik izan da hainbat gradutan euskarazko apunteen eta eskolen euskarazko ekoizpena. Hau eman izan denean, beraien kabuzko lanagatik eman da, egituratik ez delako horretarako gakorik eskaintzen.

«Ez du hezkuntza duina bermatzen»

Honela, euskara taldearen arabera, EHUk ez du hezkuntza duina bermatzen. «Hezkuntza duina inolako zapalkuntzarik gabeko hezkuntza bat dela uste dugu, tartean zapalkuntza linguistikorik gabekoa. Beraz, unibertsitate euskaldun eta euskaltzale batek soilik ekar dezake hezkuntza duina», gehitu dute.

Horregatik, EHUri eta gainerako instituzioei «ardura politikoak» hartzeko eskatu diete eta «unibertsitate euskaldun baterantz aurrerapausoak egitea» exigitu, hautazkoak euskaraz bermatzea «lehentasun nagusitzat» hartuz. «Bada garaia auzi linguistikoaz gatazka terminoetan hitz egin eta neurri euskarafobo eta espainolistak seinalatzeko».