
Euskararen Egunaren bezperan, Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi du euskara «larrialdian» dagoela eta deia egin die euskaltzale guztiei, alderdi politikoei eta instituzioei indarrak batzeko egoera horretatik ateratzeko eta hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko.
Bilboko Miribilla parkean egindako prentsaurreko batean, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak adierazpen bateratua irakurri du. Bertan, iazko Euskararen Egunaren testuinguruan adierazitako «larrialdi linguistikoaren diagnostikoa» berretsi du, «datu soziolinguistikoak, estatusarekin ditugun arazoak eta globalizazioaren egungo aldaerak parez pare jarri dizkigun erronka itzelak aintzat hartuta».
Urte bat beranduago, «zoritxarrez, euskarak eta euskal hiztun komunitateak larrialdian segitzen dugu». Arrazoien artean, aipatu du atsedenik izan ez duten «oldarraldi judizial, mediatiko eta politikoak»: «Astean behingo maiztasunez datoz euskararen normalizazioaren aurkako epaiak, ofizialtasunaren eraisketa sistematiko bat ari da gertatzen... Ez da dudarik, etorkizuna dago jokoan».
«Beraz, kinka larri honetan ezinbestekoa da berriro ere euskara lehen lerrora ekartzea, euskaltzaletasuna indartzea», nabarmendu du Kontseiluko idazkari nagusiak. Horretarako, ezinbestekotzat jo du «indar politikoek eta, bereziki, instituzioek beren erantzukizun eta eragin gaitasunetik euskara lehen lerrora ekartzea eta euskaltzaletasunera lerratzea». «Euskara larrialdian dago eta hizkuntza politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa da etorkizuna bermatzeko», gaineratu du.
Denbora horretan, Kontseiluak ere aurrera egin du. Hain zuzen, joan den irailaren 26an aurkeztu zuen ‘Itun soziopolitiko berrirako eskaintza’ Batuz Aldatu dinamikaren emaitza, momentu horretan 113 eragileren babesa zuena eta gaur egun Euskal Herri osoko 130etik gora gizarte eragile batzen dituena. Azkenak EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Labayru Fundazioa izan dira.
Era berean, Kontseiluak abiatu zuen Pizkundea, abenduaren 27an Bilbao Arenan egingo den ekitaldia. «Batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok», animatu du Eskisabelek.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da




