Aktualitateko erredaktorea

«Erdalduntze makina» gelditzeko eskatu dute Bilboko kaleetan, Euskararen Nazioarteko Egunean

Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Bizkaiko hiriburuan «Bilboko euskaltzaleon garaia dela» aldarrikatzeko. Aldi berean, GUKAk antolatutako mobilizazioan salatu dute «euskaraz eroso aritzeko milaka oztoporekin aurkitzen direla euskaldunak».

Manifestazioaren burua, Bilboko kaleetan.
Manifestazioaren burua, Bilboko kaleetan. (Marisol Ramirez | Foku)

Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikapen eguna bilakatu du GUKAk, 2024ko maiatzean, Bilboko euskaltzaleek bultzatuta, euskara erdigunean kokatzeko xedez sortutako mugimenduak. Aurkezpenean salatu zutenez, «Bilbon korrontearen kontra bizi dira euskaldunak, eta euskaraz eroso aritzeko milaka oztoporekin aurkitzen dira». Horren harira, «korronte hori aldatzeko» eta Bilbo «euskaraz blaitzeko» jaio zen GUKA.

Hain zuzen, euskalduntze prozesua atzeraldian sartzeko arriskuan ikusi zuten antolatzaileek. «Bilbo 350.000 biztanle dituen hiria da. Horietatik, 100.000 euskaldunak. Eta honek, asko edo gutxi, euskaldun gehien dituen eremu geografiko gisa kokatzen gaitu», nabarmendu zuten. Haatik, euskararen erabilera %3an kokatzen da.

GUKAtik ohartarazi zutenez, hainbat osagaik osatzen duten «erdalduntze makina» ari da martxan Bilbon, besteak beste: aisialdi eskaintza erdalduna, euskara ikasteko zailtasunak, hezkuntza ez-formal erdalduna, euskararen kontrako diskurtsoak eta komunikabide sistema erdalduna.

Aldarrikapen eguna

Gauzak horrela, asteazken honetako arratsaldeko 19.00etan Eliptika plazatik abiatu dira ehunka herritar ‘Erdalduntze makina gelditu!’ lelopean. Izan ere, Bilbon euskararen alde lan egiten duten hamaika eragilek babestu dute manifestazioa, hala nola, Euskalgintzaren Kontseiluak, LAB sindikatuak, Salbatzaile Dantza Taldeak, Zirri Zaharra aisialdi taldeak, Kaskagorri Konpartsak, Karmelo Ikastolak, Harrobia Ikastolak, Bilboko Ikamak, Berbaizu Deustuko Euskara taldeak, Errigorak, Bilboko Ernaik edo Bilboko euskaltegiak.

Arratsaldeko 20.00ak aldera heldu dira Arriaga Plazara, non, bukaerako ekitaldia burutu dute GUKAko antolatzaileek. Abiapuntutzat hartu dute Bilboko euskaldunen egoera kezkagarria: «Bilbon ezin da euskaraz bizi. Bilbon ezin ditugu gure bizi proiektuetako gauza garrantzitsuenak, ez eta eguneroko garrantzi gutxieneko kontuak euskaraz egin. Euskaldun gehien dagoen tokian, kosta egiten zaigu mediku euskaldun bat topatzea, zinemako langileari euskaraz entzutea, Bilbao Kirolakeko klase gidatua euskaraz jasotzea edo gure seme-alaben entrenatzaileak euskaraz oihuka aditzea». 

Euskaraz bizitzea aukera erreal bat bihurtzea euskaltzale ororen lana ere badela aitortu arren, ardura politikoak dituztenen «betebehar eta erantzukizuna» dela nabarmendu du GUKAk: «Indar espainolistetatik datorren euskararen aurkako oldarraldi betean, onartezina da horren aurrean euskal administrazioak beste alde batera begiratzea». Horren aurrean, «erabaki politiko ausarten garaia» dela aldarrikatu dute.

Izan ere, «erdalduntze makina olioztatzen» dutenek «ardurak eta erantzukizuna» dituztela azpimarrarratu dute GUKAko kidee, eta Bilboko Udala interpelatu dute: «2025. urtean udal ordenantza ziztrin bat ere ez daukagu, Uriola eta Prest! euskarazko komunikabideek dirulaguntza eskasengatik itxi behar izan dute, erdaraz diren BBKLive eta parekoei milioiak ematen dizkiete, gure auzoetako jai euskaldunak gabonetako boletoen diruz bizirauten dute, euskara kalera ateratzea helburu duten euskaltegien ekimenei ezetzak ematen dizkiete eta herri ekimenak isunez josten dituzte».

Euskaren aldeko olatua

Euskararen alde mobilizatzera deitu dute GUKAtik, hain zuzen, euskalgintzarentzako abendua borroka hile bihurtu dela azpimarratu dute: «Abenduaren 6an, Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa antolatu du Durangon, euskaraz bizitzeko Euskararen Errepublika behar dugula aldarrikatzeko. Abenduaren 11n, ikasle greba deitu du Ikamak, euskal hezkuntza sistema euskaldun propioa behar dugula esateko. Eta abenduaren 27an, ekitaldia Euskalgintzaren Kontseiluak Miribillan, euskararen etorkizuna jokoan izanik, pizkunde berriaren lehen txinparta pizteko».

Manifestua irakurri ondoren, mobilizaziora bertaratu diren kide guztiek elkarrekin, ‘Agure Zaharra’ abestiaren moldaketa bat kantatu dute txistu eta danbolinek lagunduta. 

Horren bitartean, plazan egon den e«rdalduntze makina»ren kuboz osatutako egitura handi bat eraitsi dute hamar bat lagunen artean, euskararen tsunamia erdalduntze makina suntsitzen ari dela irudikatuz.

Ekitaldia amaitu orduko, Katamaloren abesti batez lagunduta, azken irakurketa musikatuari heldu diote. Azken ahapaldiak borrokarako deia egiten du: «Borrokatzen badugu, bizitzan, kalean / Eroriko baita usteltzen dagoena / Hazteko behingoz bizi bizirik dena / Bizitzaren aldeko borroka baita gurea / Jaia egitearen aldeko borroka / Borrokan baitakigu jai egiten / Eta jai baitugu ez badugu borrokarik egiten».

Aldi berean, egitura berri bat eraikitzen ari ziren hamar kiden artean. Kubozko egitura berrian, honako mezu hau irakur zitekeen: ‘Euskaltzaleon garaia da. Bilbo euskaraz dator!’.