NAIZ

Andueza eta agintari ultraeskuindarren kontrako pankarta batek gaitzespen zabala jaso du

Eneko Anduezaren kontra Gasteizen azaldutako pankartak gaitzespen zabala jaso du. PSEko agintariarekin batera zenbait buruzagi ultraeskuindar eta Ertzaintzaren logotipoa azaltzen ziren diana baten barnean.

Gasteizen agertu den pankarta.
Gasteizen agertu den pankarta. (PSE | EUROPA PRESS)

PSEko idazkari nagusi Eneko Andueza eta ultraeskuineko zenbait agintariren kontrako pankartak gaitzespen zabalak jaso du. Gasteizen azaldu den margoketa honetan diana itxurako batez inguratuak zeuden Andueza, Marine Le Pen, Vito Quiles, Isabel Diaz Ayuso eta Santiago Abascalen irudiak, Ertzaintzaren logoarekin batera.

PSEk zabaldu du margoketaren kontrako lehen salaketa, horrelakoak «ez direla jolasa, aniztasunaren kontrako mehatxua baizik» nabarmenduz.

Gasteizko lau alderdi

Gasteizeko Udalean ordezkaritza duten lau alderdik (PSE, EAJ, PP eta Elkarrekin Gasteiz) gaitzespen bateratua egin dute pankarta «seinalamendu eta mehatxua» dela nabarmenduz. «Guztiz bateraezina da gizarte demokratiko baten balioekin», erantsi dute.

Adierazpenak arbuiatzen du «bizikidetzaren eta pluraltasunaren aurkako eraso zuzen hori, gure askatasunak sostengatzen dituzten zutabeak», eta «mehatxuek ez indarkeriaren normalizazioak tokirik ez duten Gasteiz bidezko, aske eta errespetuzko baten alde lanean jarraitzeko» konpromisoa berretsi du.

EH Bildu ere, kontra

EH Bilduk ere pankartaren kontra egin du, horrelakoek gainditua dagoen iraganeko logika bati erantzuten diotela adieraziz.

Alderdi subiranistak uste du «kritika politikoa termino politiko eta dialektiko esklusiboetan konpondu behar dela», eta «herri honetako eragile politiko eta sozial guztiei erantzukizuna» eskatu die.

Mota honetako gertakariak «beren dimentsio egokian» kokatu behar direla azpimarratu du EH Blduk. Horregatik, gisa honetakoak «ez erabiltzea Euskal Herrian neurri handi batean eta zorionez gainditua izan den iragana birtualki berregiten saiatzeko», eskatu du.

Asteartean, EH Bilduko Bilboko udal taldeko eledun Maria del Riok PPren egoitzan egindako margokak gaitzetsi zituen, PP eta Voxen kontrako jarduera «politikoa eta dialektikoa» izan behar dela gaineratuz.