NAIZ

‘Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak’ proiektuak jaso du aurtengo Sormen Beka

Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek elkarlanean aurkeztutako ‘Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak’ proiektua izan da aurtengo Durangoko Azokaren Sormen Bekaren irabazlea.

Aurten Sormen Bekako irabazleak, Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentearekin eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearekin.
Aurten Sormen Bekako irabazleak, Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentearekin eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearekin. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Aurtengo Durangoko Azokaren Sormen Beka komiki lanetara bideratu da. Guztira Sormen Bekara hamabi lan aurkeztu dira, oso estilo eta tematika ezberdinak hizpide hartuta (umeei bideratutako komikiak, manga, zientzia fikziozkoak, umorezkoak, historikoak,...). Horien artean, ‘Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak’ lana aukeratu du epaimahiak.

Durangoko Azokako 60. edizioko Sormen Bekako irabazleak saritzekoa prentsaurrekoa egin da gaur Ahotsenea Literaturan. Bertan, irabazleekin batera, Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentea, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea eta Unai Iturriaga irabazlea hautatzeko epaimahiko kidea izan dira.

Komiki horren bitartez Joxe Azurmendi eta zenbait autore feministaren arteko (Angela Davis, Simone Weil, Vandana Shiva, Jule Goikoetxea...) elkarrizketa fikzionatuko dute. Krisietatik bilaketetara, gizaberetxo horien ezinegon, galdera eta gogoetak landuko dira, elkarren arteko zubiak eraikiz eta elkar aberastuz.

Euskal Herrian ardaztuta, Euskal Herriko eta munduko bazter zein egoera ezberdinetan kokatuko dira autoreok, haien bizitzako pasarte esanguratsu batzuk ezagutaraziz, haien pentsamendua azalduz eta gaur egun bogan dauden gizarte-auziak jorratuz. Pasarte ezberdinak collage modura josita, tonu umoretsu, jostari eta zorrotza izango da nagusi.

Proiketu kolektiboa da aurtengo Sormen Bekaren irabazlea, izan ere, hiru dira atzean dauden sortzaileak: Ainhoa Olaso, Usue Egia eta Mikel Urdangarin GARA eta NAIZeko kazetaria. Urdangarinen tesia ezagutu ostean, hiruren arteko elkarlan proiektu bat abiatzeko gogoz. Egiak marrazkiak eta Olasok gidoia egingo du. Hala, batez ere Azurmendik Davisekin zituen loturetan zentratuta, Azurmendi pentsalari feministekin elkartuko da komikian zehar, eta haien arteko eszenak fikzionatuko dira.

Proiektu «anbiziotsu»

Epaimahaikideak hauek izan dira aurten: Unai Iturriaga, Esti Albizu, Ainara Azpiazu ‘Axpi’, Adur Larrea eta Garazi Arrula. Adierazi dutenez, Joxe Azurmendiri buruzko lana aukeratu dute, besteak beste, proiektu «anbiziotsu» bat delako.

«Batetik, euskal pentsalari handi bat (gizonezkoa bera) bere garaiko mundu mailako pentsalari feministekin elkarrizketan jartzen duelako ezohiko formatu baten bitartez, komikiaren lengoaiaren bitartez, hain zuen ere. Bestetik, hain seriotzat hartu ohi den mundu intelektuala umoretik eta jarrera jostari batekin lantzeko asmoa ere baloratu dugu. Originala da gaia eta tonua uztartzeko proposamena», argudiatu dute

Proiektu irabazlea, anekdota metaketa batetik harago doan arnas luzeko egitasmo bat da, hasi eta buka pentsamenduaren eta bizipenen gurutzatzeak harilkatuko dituena. «Alderdi grafikoari lotuta, interesgarria da formalismotik at estetika propio ez akademizista baten alde eginiko hautua, zeinak bat egin lezakeen istorioan aipatzen diren egileen jarrera intelektual ertzekoarekin», erantsi dute.