GARA
STOCKHOLM

Armagintza industriak inoiz baino etekin handiagoak izan zituen 2024an

Sipri erakundearen arabera, munduko ehun arma ekoizle handienen diru sarrerak %5,9 hazi ziren iaz, 679.000 milioi dolarretaraino, inoiz erregistratutako zenbakirik handiena. Ukrainako gerrak, Gazako genozidioak, tentsio geopolitikoek eta gastu militarren etengabeko igoerak azaltzen dute errekorra.

Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier, Rheinmetall arma ekoizlearen fabrika batean, urrian.
Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier, Rheinmetall arma ekoizlearen fabrika batean, urrian. (Soeren STACHE | AFP)

Stockholmeko Nazioarteko Bake Ikerketa Institutuak (Sipri, ingelesez) urtero egiten dituen kalkuluen arabera, munduko arma ekoizleek inoiz ez dute ezagutu 2024ko bezalako diru sarrerarik. 679.000 milioi dolar izan dira ehun enpresa handienen artean, aurreko urtean baino %5,9 gehiago.

Armagintzaren ikerketaren alorrean ezinbesteko erreferentzia da Sipri, eta alarma guztiak piztuak ditu. Abenduaren hasieran argitaratutako txostenaren arabera, Ukrainako gerra, Gazako sarraskiak, tokiko eta nazioarteko tentsio geopolitikoak eta gastu militarraren «etengabeko igoera» dira 2024ko errekorraren azalpen nagusiak.

Eta aurreikuspenak ez dira hobeak. Erakundeak azpimarratu duenez, «diru sarreren igoera itzelak eta eskaera berriek enpresa asko produkzio lerroak handitzera, azpiegiturak hedatzera, filial berriak sortzera eta enpresa txikiagoak erostera bultzatu ditu».

Gastuak gora, arazoak ere bai

Sipriren arabera, ehun enpresa handienetatik, 39 estatubatuarrak dira. Eta horietatik, 30ek diru sarrera handiagoak izan zituzten iaz. Horien artean daude Lockheed Martin, Northrop Grumman eta General Dynamics, besteak beste. Hala ere, erakundeak sektorearen ajeak ere azpimarratzen ditu. AEBn, entrega epeak ez betetzea eta gainkostuak izatea orokortua da.

Europan ez da desberdin gertatzen. 26 dira Top100 horretan dauden enpresak, eta %13 hazi ziren euren diru sarrerak. Jade Guiberteau Ricard Sipriko ikerlariaren esanetan, «Europako armagintza enpresak ekoizpen gaitasuna handitzeko inbertitzen ari dira, baina materialen hornikuntza erronka bihur daiteke. Bereziki, mineral kritikoekiko dependentziak zailduko ditu Europako berrarmatze planak».

Txinan ere arazo batzuk baditu sektoreak. Arrazoi nagusia Norinco enpresaren ustelkeria kasuak izan dira. Arma kontratu garrantzitsu batzuk eten ziren 2024an eta horrek diru sarrerak %31 jaitsi zituen.

Genozidioak ondoriorik ez

Kontrakoa gertatu da Israelen. Estatu sionistak Top100ean dituen hiru enpresen diru sarrerak %16 igo ziren 2024an, 16.200 milioi dolarretara iristeraino. «Israelen ekintzen aurkako jarrerak ez du eragin handirik izan arma israeldarrekiko interesean; herrialde askok eskaera berriak egin zizkieten enpresa israeldarrei 2024an», azaldu du Zubaida Karim ikerlariak.

Beste hainbeste esan liteke Errusiaren aurkako zigorren inguruan, bertako arma ekoizleek ez baitute eragin handirik sumatu. Barne eskaerak bultzatuta, Sipriren zerrendan dauden bi enpresa errusiarren diru sarrerak %23 hazi ziren 2024an. Arazoak ere aurreikusten dituzten arren, Diego Lopes da Silva ikerlariak «zuhurtasuna» eskatu du: «Espektatibak beste batzuk baziren ere, Errusiako armagintza industriak erresilientzia erakutsi du Ukrainako gerran».

Elon Musken SpaceX, lehen aldiz 100 handien artean

Elon Musken SpaceX enpresa lehendabiziko aldiz sartu da aurten nazioarteko ehun armagintza enpresa handienen zerrendan. Sipriren arabera, Tesla eta X (Twitter ohia) bere ondasunen artean dituen enpresariak armen salmentagatik irabazitako dirua bikoiztu zuen iaz: 2023an 890 milioi dolar eskuratzetik, 1.800 milioi eskuratzera.

Zenbaki horiekin, ekainera arte Donald Trump presidente estatubatuarraren laguntzaile estua izan zen enpresaburuaren konpainia zuzenean sartu da zerrendako 77. postuan, erakunde suediarraren rankingaren arabera. Are, 2024an zehar, proportzionalki, mundu osoan gehien hazi zen bigarren enpresa izan zen, bere diru sarrerek %103 egin baitzuten gora. Soilik Txekiako Errepublikako Czechoslovak Group enpresa hazi zen gehiago, horren kasuan igoera %193koa izan baitzen.