Hizkuntz Eskubideen Behatokia Gasteizko Parlamentuan izan da EAEko Enplegu Publikoko Legea aldatzeko eztabaidaren harira irekitako prozesuan. Bertan, Behatokiak martxan daramatzan ia 25 urteetan milaka herritarrek helarazitako hizkuntza eskubide urraketak mahai gaineratu ditu, eta urraketa hauek herritarrengan dituzten ondorioak nabarmendu. Horrez gain, hizkuntza eskakizunak ingurune soziolinguistikoaren arabera malgutzeak sortzen dituen arazoak azaleratu ditu.
Atzo, Ibone Bengoetxea Lakuako Gobernuaren eledunak azaldu zuenez, «arlo publikoan euskara normalizatzeko sistema osoa kolokan gelditu daiteke», azken aldiko epaiak tarteko. Hala ere, asteartean bertan espainiar Kongresuan Pedro Sanchezen inbestidura babestu zuten taldeek herritarren eleaniztasuna bermatzen duen Lege Organikoaren proposamenaren alde bozkatu zuten, PSOEk barne.
Testuinguru horretan, Euskararen Telefonoa zerbitzuaren bidez herritarrek jarritako hainbat salaketaren adibideak eman ditu Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak, eta «antzeko egoerak urtero errepikatzen» direla gogorarazi. Kopuruetatik harago, «urraketa bakoitzaren atzean salatzen ez diren beste hainbat daudela kontuan izan behar da eta hainbat esparrutan herritarrari erreparoa ematen diola bere eskubideak exigitzea», gaineratu du. Era berean, hainbatetan administrazioak berak herritarrak gaztelania erabiltzeko ohitura hartzera behartzen dituela azaldu du.
Behatokiak mahai gaineratutako kasuen arabera, zerbitzu publikoetan euskara erabiltzerakoan edo informazioa euskaraz nahi izatean herritarrek hainbat ezintasun, oztopo, baldintzatze zein bestelako albo-kalte eta ondorio pairatu behar izaten dituzte. Esaterako, hizkuntza hautua egiteko eskubidea ukatu eta gaztelania erabiltzera behartzea, edota zerbitzua behar baino beranduago jasotzea, horrek dakartzan ondorioekin.
Hizkuntza eskubideen bermea, aldakorra
Horrez gain, hizkuntza eskakizunak ingurune soziolinguistikoaren arabera malgutzeak dakartzan arrisku eta kalteetan azpimarra egin du Gaubekak. Izan ere, neurri horren arabera, zerbitzua euskaraz nahi duten herritarrei ez zaizkie eskubide eta kalitate berak bermatzen herri edo lurralde-eremu guztietan.
«Ehundaka aldiz erantzun zaigu Eusko Jaurlaritzatik hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa edo irizpideak birgogoraraziko zaizkiela langileei», adierazi du Gaubekak, eta gaineratu duenez, «oraindik lanpostu askotan euskararen ezagutzarik ez izatean, irizpide horiek ezer gutxirako balio izaten dute». Horrez gain, Gaubekak gogorarazi du hainbat lan-poltsatan euskararen ezagutza eskatzearen aurkako sententziek egungo egoera larritzen dutela. Era berean, salatu du euskararen ezagutza gutxien bermatuta duten eremuetan, justizian kasu, ez dela onargarria euskara planaren arabera 2033rako hizkuntza eskakizuna ezarria eta egiaztatua duten lanpostu kopurua oraindik %70ekoa izatea. Hau guztia horrela, «Enplegu Publikoaren Legea errotiko aldaketaren norantzan jarri beharra» aldarrikatu du Gaubekak.
«Euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideen bermea gizarte osoan gauzagarri izan dadin, administrazio publikoa eredu izan behar da, eta horrekiko arduraz jardutea eskatzen diogu Legebiltzarrari», nabarmendu du Gaubekak.

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años


