
EAEko Auzitegi Nagusiak izapidea hasi du Enplegu Legearen Konstituzioaren aurkakotasuna planteatzeko. Auzitegi honek planteatzen duena da Konstituzio Auzitegiari kontsulta egitea 187.5 artikuluri buruz, zeinak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioko lanpostu guztietan hizkuntza eskakizuna ezartzera behartzen duen. Fiskaltzaren babesa du horretarako. Lakua ez dator bat planteamendu horrekin, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren sailburuak astearte honetan Lehendakaritzan egin duten agerraldian adierazi dutenez.
Abenduaren 2an aurkeztu zuen alegazioan azaldu bezala, Lakuak ez du arrazoirik ikusten gaia Konstituzio Auzitegiari helarazteko, eduki hori ez delako berria. «1982ko Euskararen Erabileraren Normalizazio Legean dago, baita 1989ko Funtzio Publikoaren legean ere. Auzitegi Konstituzionalera joan ziren biak eta honek konstituzionalak zirela ebatzi zuen», oroitu du Ubarretxenak.
«Erabaki deigarriak»
2024ko otsailaren 22an Lakuako Gobernuak dekretu bat onartu zuen sektore publikoan euskara normalizatzeko, eta PPk eta Voxek errekurtso bana ezarri zuten 2025eko martxoan. Hasteko, Lakuak zalatzan jarri zuen errekurtso horien legitimazioa. Udaberrian, auzitegiak gai horiek ebatzi zituen: PPrenak aurrera egin zuen. Voxek, berriz, bi errekurtso jarri zituen, bat Voxek berak eta bestea Amaia Martinez legebiltzarkideak. Voxena partzialki mugatua gelditu zen, eta Martinezena artxibatua.
Ordura arte prozedurak nahiko bide ohikoa jarraitu zuela adierazi du sailburuak. Azarotik aurrera, ordea, «oso deigarriak» diren erabakiak hartu direla esan du. Azaroaren 6an, Voxen errekurtsoaren berri zuen auzitegiaren osaera aldatu zuen salak, eta Voxen errekurtsoen erresoluzioko magistratua ordezkatu zuen. 14an, bi errekurtsoak elkarrekin prozedura berean sartzea erabaki zuen, eduki, iritsiera eta argumentazio ezberdinak izan arren. PPk artikulu zehatzen gainean jarri zuen errekurtsoa. Voxek, berriz, erabat ezeztatzea planteatu zuen. Zalantzazkoa iruditzen zaio Lakuari erabaki hori eta, ondorioz, errekurtsoa aurkeztu du.
Egun horretan bertan, konstituzio aurkakotasuna irekitzeko probidentzia eman zuen salak, inork eskatu gabe. «Osaera aldaketak salan bertan, hain errekurtso ezberdinak batean metatzeak, eta kontrakotasunerako arazoa irekitzeak definitzen du zer egoeratan gauden. Auzitegi Nagusiaren autoaren zain gaude. Nolanahi ere, uste dugu egoera honek ez diola erantzuten gizartearekin kontsentsuz egindako bideari», nabarmendu du.
Argitu du EAEko Enplegu Publikoaren Legea eta 2024/19 dekretua ez daudela etenda. «Indarrean daude eta normaltasunez aplikatzen dira. Konstituzioaren etorkizuneko epai batek bakarrik alda dezake hori. Bitartean, konbentzimendu osoz defendatzen jarraituko dugu», hitz eman du sailburuak.
«Egoera larria»
Bengoetxeak «egoera larria» dela azpimarratu du, «sektore publikoan euskara normalizatzeko sistema osoa kolokan» gelditu daitekeelako.
Esplikatu du sarri bi kontzeptu nahasten direla: hizkuntza profila edo hizkuntza eskakizuna eta derrigortasuna. «Hizkuntza eskakizuna lanpostuaren ezaugarri bat da, maila, titulazioa eta eginkizunak bezala. Derrigortasuna ezberdina da: data bat ezartzen dio postu bakoitzari, eta horrek finkatzen du zein datatik aurrera bihurtzen den euskararen ezagutza derrigorrezkoa. Lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izateak ez du esan nahi denek euskara eskatzen dutenik; derrigortasun data ezartzen denean eta data hori igarotzen denean, hortik aurrera bihurtzen da euskara ezinbestekoa postu horretan jarduteko».
«Auzitegiak lehen kontzeptuak bigarrena dakarrela interpretatzen du, baina ez da horrela, bi kontzeptu ezberdin dira».
Hizkuntza eskakizunen sistemak 1980ko hamarkadaz geroztik administrazio elebidun baterantz aurrera egitea ahalbidetu duela baloratu du. «Eredua progresiboa eta proportzionala da, administrazioen bi hizkuntza ofizialetan arreta emateko eta lan egiteko. 40 urtetik gora darama kontsentsuz funtzionatzen», oroitu du, eta «euskara irmo defendatuko» dutela egin du zin.
Esan du bi ekimen daudela Gasteizko Parlamentuan Enplegu Publikoaren Legearen inguruan eta alderdiei eskatu nahi die «kontsentsua bilatzen saia daitezela, lege markoa gehiago blindatzeko».

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Mutualistas vizcainos percibirán mayor importe en su pensión al ajustarse sus retenciones

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»


