
Emakumeen FIBA Eurocup-eko final-hamaseirenak hasi dira asteazken honetan eta Lointek Gernika Bizkaiak, aurreneko faseko C multzoan aurrean izan zuen Universitas Pecs talde hungariarra izango du kontrario. Kasu honetan, ostegunean 20.00etan Malosten jokatuko dute kanporaketako joanekoa eta bueltakoa, berriz, hilaren 17an izango dute, Lauber Dezsö Sport Hall pabiloian.
Aurreneko itzulian oso gutxigatik, baina bizkaitarrak galtzaile izan ziren: 62-60 Hungarian jokaturiko deman eta 63-66 Malosten. Neurketa bietan azken orduko «saskiratze irabazleak» erdietsi zituzten hungariarrek, baina beste ezeren gainetik, Julia Reisingerova pibotaren eragina ikaragarria izan zen azken emaitzara begira.
27 urte eta 1,94 metroko pibotak airean erabili zituen Gernikako barruko jokalariak eta oso litekeena da kanporaketa honetan ere larrutik sufriaraztea Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeko jokalariei. Lesioen erruz, Loiontek Gernika Bizkaiak uda aldean pentsatu zuen piboten egitura hankaz gora joan da, eta Polleros eta Bessoir hegal-pibotek oso lan bikaina egin arren, Esther Matarranzen lana oso txukuna izanda ere, eta Sara Krnjic serbiarra kalitatezko minutuak eman arren, bistakoa da Reisingerovaren mailara ez direla iristen, eta jokalari txekiarra geratu ezean, oso lan zailak izango dituela talde bizkaitarrak sorpresarik emateko.
Uztaipeko erregina
Aurreneko fase honetan batez beste 17,3 puntu eta 6,8 errebote pilatu ditu Reisingerovak, baina argi izan behar da Gernikaren aurkako neurketetan bere zenbakiak oraindik eta hobeak izan zirela: 22 puntu, 13 errebote, erdia erasoan, 3 baloi berreskuratzeko eta 31ko balorazioa lortu zuen Hungariako norgehiagokan. Malosten, berriz, 23 puntu, 8 errebote eta 26ko balorazioa pilatu zuen. Batez beste, 22,5 puntu eta 10,5 errebote pilatu ditu txekiarrak.
Egia da uztaipetik urruntzea lortuz gero, Reisingerovak gehiago sufritzen duela saskiraketak lortzeko zein aurkarien aurrean bere garaiera eta beso luzeen legea inposatzeko, baina orain arte Gernikak ez du nahi adinako minik ematea lortu txekiarraren aurrean, aurrez esan bezala, pibot altu eta indartsuen falta nabarmena nozitzen baitu talde bizkaitarrak. Ondorioz, defentsa bereziak prestatu beharko ditu Lucas Fernandezek, batez ere pibot txekiarrak baloia ahalik eta denbora gutxienean eskuetan izan dezan.
Bestalde, albiste onik ere badago gernikarren artean. Joan zen igandean masa Jankovic kantxetara itzuli zen; egia da Lointek Gernikak 71-57 galdu zuela Ferrolen etxean, minutuek aurrera egin ahala fisikoki ahultzen joan zelako, baina behintzat hegaleko serbiarrak maila onean itzuli dela bere lesiotik erakutsi zuen. Orotara, 9 puntu eta 6 errebote pilatu zituen. Jaurtiketetan ez zen finegi aritu, eta ohi baino gehiagotan ahalegindu zen hirukoak botatzen, saskira zuzenean sartzen baino. Hala ere, defentsa lanetan eta errebotean asko eman dezakeela erakutsi zuen, eta Universitas Pecs taldearen aurka dena beharko dute gernikarrek aukerarik izateko.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Robe Iniesta, el poder del arte

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari



