.jpg)
Mendi Film Jaialdiaren hemezortzigarren edizioa prest da ateak ixteko. Gaur bertan azken ekitaldia izango du; hain zuzen ere, sari-banaketa ekitaldia. Mendiko kirolak eta natura ardatz dituen kultur ekimen horrek abenduaren 5ean egin zuen lehen urratsa eta hamar egunez sail ofizialeko filmek (Zabalandikoek ere) protagonismoa izan dute euskal mendi zinemaldi horretan. Ekoizpenak ikusteko parada egon da, baita egitarau zabal eta oparo batek eskaini dituen proposamen interesgarrietan parte hartzeko ere.
Sail ofizialeko pelikulek arreta handiena jasotzen dute Mendi Filmen. Eta azken edizio honetan 45 izan dira lehian egon direnak. Dagoeneko, antolatzaileek eman dute jakitera hemezortzigarren edizioko palmaresa. Crystal Merril (AEB), Michael Brown (AEB), Elena Goatelli (Italia), Aleksandar Zarapchiev (Mazedonia) eta Carmen Martinezek (Euskal Herria) osatutako epaimahaiak izan du horren ardura.
Aurtengo sari nagusia Ben Sturgulewski zuzendariaren ‘Champions of the Golden Valley’ film estatubatuarrak irabazi du. Aurreratu behar dugu ekoizpen hori Mendi Filmera aura berezi batekin heldu zela. Eta hori diogu kritikaren aldetik hitz oso onak izan dituelako. Hortaz gain, makina bat aitortza jaso ditu munduko mendi zinemaldi ezberdinetan.
Ekoizpen horren inguruan honako balorazioa egin du epaimahaiak: «Eskiatzeari buruzko film bat baino zerbait gehiago da. Gerraren basakeria, migratzaileek jasaten dituzten zailtasunak, beldurra eta bakardadea irudikatzen ditu, komunitatearen eta adeitasunaren boterearekin batera. Transmititzen dituen balioei zor, film bero, dibertigarri eta hunkigarria da».
Euskal protagonistak
Euskal filmei dagokienez, ohiko sarituen zerrendak une berezia izan du aurtengo edizioan. Bai, nolabaiteko etena egingo dugu azpimarratzeko mendi zinemaldi horretan lau euskal zinegilek hamabi sarituen artean kokatu dutela euren burua. Luis Arrieta nafarraren ‘Sustraiak. Raíces perdidas’ kultura eta natura film onena izendatu dute; Julen Elorza gipuzkoarraren ‘Cantos y Flores’, kirol eta abentura film onena; Mikel Urdangarin bizkaitarraren ‘Itsasora’ lanak soinu banda onenaren saria jaso du; eta Nagore Eceiza eta Iker Uranga gipuzkoarren “‘zarren Zaunka’ izan da EITB euskarazko film onena saria jaso duena. Juanito Oiarzabal euskal alpinista protagonista izan duen ‘Oiarzabal. Entre Juan y Juanito’ pelikula ere aitortu dute; hain zuzen ere, gidoi onenaren sariarekin egin da. Pelikula hori Javier Alvaro Palomares espainiarrak zuzendu du.
Beste aitortzen artean aipatu behar da Jonathan Glassbergek zuzendari onenaren saria jaso duela ‘Girl Climber’ ekoizpenarengatik. Boris Peters zuzendariaren ‘See What I Saw; Karakorum’ argazkilaritza onenaren sariarekin egin da. Epaimahaiaren saria Ben Knight eta Berne Broudy zuzendarien ‘Beste Day Ever’ filmak eraman du. Alpinismoko sari nagusia, berriz, Mathieu Rivoireren ‘K2 Mon Amour’-entzat izan da.
Azken bi ekoizpen sarituak: eskaladako film onena Dawn Kishen ‘Old Man Lightning’ eta film labur onenaren saria Pierre Cadoten ‘Le moulin des artistes’.
Amaitzeko, aipatu behar dugu sari-banaketa ekitaldia igande honetan izango dela, jaialdiaren azken egunean. Hain zuzen ere, arratsaldeko 5etatik aurrera. Saio berean, eta sari-banaketaren ondoren, ‘Champions of the Golden Valley’ eta ‘See What I Saw: Karakorum’ filmak proiektatuko dira. Azken saioan, 19:45ean, ‘Le Moulin des Artistes’, ‘Best Day Ever’ eta ‘K2 Mon Amour’ film sarituak eskainiko dira.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
