
Lakuako Gobernuak Errenteriako Udalari eskaini dio bere gain hartu dezala Euskal Trenbide Sarearen kotxetegi izandakoetan Babes Ofizialeko Etxeak eraikitzeko plana. 170 eta 200 etxebizitza babestu artean egingo dituzte eta alokairuan jarriko dituzte herritarren eskura, «arrazoizko prezioan». Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak egin dio eskaintza Udalari, berez, lurra Lakuaren Gobernuaren jabetzakoa baita.
Denis Itxaso Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak lan-bilera bat egin dute asteazken honetan, bi erakundeen artean udalerriaren bizitegi-tentsioari aurre egiteko adostutako hiru urteko ekintza-planaren lankidetzaren eta jarraipenaren markoan.
2024ko urrian Lakuako Gobernuaren agindu bidez tentsionatutako bizitegi-merkatuko eremu izendatu zen Errenteria, eta 2025eko urtarrilaren 30eko BOEn jaso zen haren izendapena. Horrela, eremu tentsionatu izendatutako Euskal Herriko lehen udalerria bilakatu zen.
Ekimena aurrera atera ahal izateko, Errenteriako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntual bat egin beharko dute aldez aurretik, indarrean dagoen antolamendua garai bateko kotxetegien eremuan aurreikusitako etxebizitza babestuen garapenera egokitu ahal izateko.
Etxebizitza Sailetik azaldu dutenez, «hori da tamaina horretako hiri-eraldaketako operazioetan jarraitu beharreko prozedura», eta Donostian Amara-Eason Playa de Vías operazioan egindakoaren parekoa dela adierazi dute, orduan ere HAPOren aldaketa puntual bat egin baitzen.
Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak gogorarazi duenez, «Errenteriak oso lurzoru gutxi ditu erabilgarri, eta daudenak etxebizitzak eraikitzera bideratzea izan behar da lehentasuna». Alkatearen «oniritzia» laster izatea espero du, «HAPOren aldaketa puntuala idazten hasteko, aldaketa hori izapidetzeko eta Errenteriaren etorkizunerako funtsezkoa den eragiketa hori posible egiteko beharrezkoa baita».
Alokatzeko etxebizitzak
Proposamenak 170 eta 200 etxebizitza babestu bitarteko bizitegi-jarduketa planteatzen du, gehienak bi logelakoak, guztiak kanpo-espazioarekin, eta aparkaleku bat eta etxebizitza bakoitzeko trasteleku bat izango dituena.
Alokairu publikoa, eskuragarria eta babestua izango da .Ekimena etxebizitza publikoaren alorrean Errenterian azken bi hamarkadetan izan den garrantzitsuenetakoa da.
Arrasate, gune tentsionatu izendatzear
Errenteria bezala, Arrasate ere etxebizitza merkatu tentsionatu izendatua izatear dago. Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, atzo argitaratu zuen Lakuako Gobernuak izendapenaren aldeko ebazpena eta, ondorioz, abian da prozesuaren azken urratsa.
Arrasateko Udalak berak egindako eskaerari erantzuten dio ebazpenak. Izan ere, 2025eko maiatzaren 30ean aurkeztu zituzten beharrezko azterketa eta analisiak. Ofizialki 2026an helduko den izendapenak ate berriak zabalduko dizkio Udalari etxebizitzaren alorrean. Izan ere, Arrasateko Udalak diseinatutako ekintza plana gauzatzeko ezinbesteko tresna izango da izendapena.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
