Mikel Aginagalde
DONOSTIA
Elkarrizketa
Nerea Sorondo
Aizkolaria. Donostiako Urrezko Kopako irabazlea 2024an

«Emakumeon kirol lorpenak gero eta gehiago baloratzen dira»

Giro paregabea izan ohi da urtero Donostiako Trinitate plazan ospatzen den Urrezko Kopan. Bertan izango da lehiaketa hori hiru bider irabazi duen eta egungo Euskal Herriko txapelduna den Nerea Sorondo beratarra. Faborito moduan helduko da, noski, eta iazko marka hobetzea izango du helburu.

Nerea Sorondo Donostian izango da igande honetan.
Nerea Sorondo Donostian izango da igande honetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan laugarren txapela irabazi berri duzu. Nola bizi duzu unea?

Egia esateko, pozik egoteko arrazoiak baditut; izan ere, hasiera batean ez nuen espero Euskal Herrikoa irabazterik. Garaipen honekin urtea ederki borobildu dudala esateko moduan nago, nahiz eta denboraldiko azken erronka igande honetan bertan izan.

Horrelako sari bat ez da egunero irabazten. Komunikabideetan elkarrizketa asko egin dizkizute azkenaldi honetan?

Pila bat elkarrizketa egin dizkidate azken bolada honetan: egunkarietan, irratian… Bi hilabetean asko izan dira nirekin harremanetan jarri diren hedabideak, eta horrek erakusten du gauzak aldatzen ari direla. Izan ere, duela lau urte, nire lehenengo txapelketa irabazi nuenean, hark ez zuen gaur egun adinako oihartzunik izan. Nabari da emakumeon kirol lorpenak gero eta gehiago baloratzen direla.

Donostian ere hiru aldiz izan zara txapeldun. Nola ikusten duzu zure burua San Tomas eguneko lehiaketarako?

Inoiz baino hobeto sentitzen naiz une honetan. Alde batetik, Euskal Herriko txapelketa irabazi ondoren, are eta motibatuago nago; gainera, konfiantza handiagoa dut nigan. Beste alde batetik, denboraldia amaitzera doa eta Donostian azken esfortzua egin eta nire onena emateko gogoz naiz.

Proba horretan faboritoa zarela diote askok. Hori abantaila ala presioa da?

Niri beti presioa sortzen dit faborito izateak. Hala ere, presio hori kudeatzen ikasten ari naiz pixkanaka. Hori lortzeko nire lanean zentratzen saiatzen naiz, eta ondoko lehiakidearengan ez gehiegi pentsatzen. Baina egia da izatez nahiko urduria naizela, eta aintzat hartu beharreko detaile bakoitza ongi zaintzen eta dena behar bezala neurtzen ahalegintzen naiz.

Emakumeon maila asko hobetu da urte batzuetatik hona. Zein izango da zure aurkari nagusia igandean?

Emakume oso indartsuen aurka lehiatu beharko naiz, hori garbi dago. Baina bat aipatu behar izatekotan, Nerea Arruti esango nuke. Azken uneko baja bat ere izan dugu, Laiene Pikabea ereñotzuarra; baina haren ordez maila altuko beste aizkolari bat etorriko da, zalantzarik gabe. Lehia estua izango dugu Trinitate plazan.

Ongi lehiatzeko ezinbestekoa da prestaketa fisikoa zein psikologikoa. Nola entrenatzen zara sasoi betean egoteko?

Ia egunero entrenatzen naiz; aizkorarekin astean bi aldiz. Gainontzeko saioetan beste alderdi batzuk lantzen ditut, esaterako, erresistentzia edo kardioa. Arlo psikologikoari dagokionez, zenbaitetan ez dut behar bezala zaindu. Txapelketetan urduri egoteak akatsak egitera eraman zaitzake eta hori aurkarientzat abantaila da. Hala ere, esan bezala, alderdi hori ere hobetzen ari naiz denborarekin eta horrek konfiantza ematen dit.

Nola ikusten duzu herri kirol honen etorkizuna? Harrobirik ba al dago?

Duela pare bat urte aizkolari gazte gehiago ginela esango nuke, 17 inguru. Gaur egun kopuru hori zertxobait jaitsi da, eta neska gazte-gazteak gutxi dira. Mutilak, aldiz, dezente. Hortaz, hemendik deia luzatu nahi diet neskei herri kirol hori proba dezaten eta mundu honetan murgil daitezen.