
«Elur-jausi ugari erregistratzen ari dira, eta horrek berriro gogorarazten digu prestakuntza, informazioa eta irizpidearekin hartutako erabakiak funtsezkoak direla neguko mendira egiten den irteera bakoitzean». Jon Apodaka amurrioarraren hitzak dira, arrisku naturaletan doktorea.
Azken hamarkadan administrazio publikoekin eta eski estazioekin lan egin du Apodakak Herrialde Katalanetan, Aragoin, Andorran eta Asturiasen, elur-jausien arriskuaren ebaluazio eta kudeaketaren arloan. Astelehen honetan Tabalto mendian izandako ezbeharraren ostean, hainbat hausnarketa eta aholku partekatu ditu NAIZekin.
Elurrak eta elur-jausiak segurtasun arazo garrantzitsua diren Andorran egin zuen tesia. «Gisa honetako gertaerek berriro ere agerian uzten dute neguko mendigunearen konplexutasuna eta eskura dugun informazio nivo-meteorologikoa behar bezala interpretatzearen garrantzia. Aurrerapen teknikoak eta metatutako ezagutza gorabehera, urtez urte profesional askok elur-jausiekin lotutako istripuetan parte hartzen dute/dugu, kasu askotan ondorio hilgarriekin», gogorarazten du.
Eta ondorio garbi bat utzi. «Elurrak aldakortasun espazial eta denborazko oso handia du, eta gaur egun ere, ikuspegi zientifikotik, ziurgabetasun handiak daude arriskuaren aurreikuspen eta ebaluazioan».
Panticosan izandako istripuari begira, argia da. «Elur-jausien Arriskuaren Buletinean haizeak sortutako plakak eta elur hezearen arazoak aipatzen ziren, bereziki orientazio eta kota jakin batzuetan; egoera horiek ohikoak dira eta malda kritikoetan bai berezko bai ustekabeko elur-jausiak eragin ditzakete», astelehenean gertatu zen moduan. Bigarren mailako arriskua zehazten zen eta «kasu horietan ere lurraldearen, baldintzen eta taldearen balorazio egokiak egitea ezinbestekoa» dela nabarmentzen du.
Gomendio batzuk
Apodakak, era berean, elur-jausi batek ezustekoan harrapatzeko arriskua murrizteko hainbat arau partekatu ditu NAIZekin.
Lehena, «irteera aurretik informatzea». Amurrioarrak azaltzen duenez, «elur-jausien arriskuaren buletina eta eguraldiaren iragarpena kontsultatzea» litzateke aurreneko pausoa. Bigarrenik, derrigorrezko ekipamenduarekin abiatzea. Honela ARVA, pala eta sonda eramatea «eta horiek erabiltzen jakitea» ezinbestekotzat jotzen du. Era berean, «oso gomendagarria» da ABS motxila. Airbag puztu honek handitu egiten du pertsonaren bolumena, eta asko handitzen du alderantzizko segregazio-efektu hori. Horrela, elur-jausien aurkako motxilak saihestu egiten du pertsona elurretan erabat lurperatuta egotea.
Bestetik, «zuhurtziaz mugitzea» gomendatzen du Apodakak. Baina, zer da zuhurtzia? «Pertsonen artean segurtasun-distantziak mantentzea» eta «elur-jausi bat eragin dezaketen zeharkaldi luzeak saihestea» aipatzen ditu amurrioarrak.
Era berean, «malda irakurtzen ikastea» azpimarratzen du, «elurra pilatzen den guneei arreta berezia jartzea, hala nola kanal-sarrerei, malda-aldaketei edo haize-plakei». Arrisku naturaletan doktoreak gogora ekartzen du «elur-jausi gehienak 30° eta 45° arteko maldetan» gertatzen direla eta «malda laburrak ere hilgarriak izan daitezkeela».
Honela, «segurtasun faltsuekin kontuz ibiltzea» eskatzen du «maldak trazatuta egoteak» ez duela bidea seguruago egiten eta elur gutxi egoteak ez duela «arrisku txikia» bermatzen.
Horretaz gain, orientazioari arreta jartzea ere ezinbestekoa izan daiteke. «Iparra, hegoa, ekialdea edo mendebaldea: eguzkiak eta haizeak orientazio batzuk beste batzuk baino askoz ezegonkorrago bihur ditzakete», dio amurrioarrak.
Eta ohikoagoak zaizkigun azken bi gomendio ere luzatzen ditu. Inoiz ez bakarrik joatea, «lehen 15 minutuetan bizirauteko probabilitatea %90era irits daitekeelako eta ondoren, aukerak nabarmen jaisten direlako» eta «zalantzarik badago, atzera egitea». Izan ere, «mendia hor egongo da beti» eta «etxera itzultzea da benetako helburu bakarra».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

El Supremo confirma las condenas a Zulueta y Enparantza y reduce las de Zuriarrain y Sarriegi

EH Bildu volvería a ganar en Gipuzkoa y PNV y PSE necesitarían un apoyo para gobernar

