NAIZ

Abendu hasieran Ezkirotzeko trafiko istripuan zauritutako hamar urteko haurra hil da

Nafarroako Ospitalean hil da ostiral honetan, abenduaren 1ean Ezkirotzeko trafiko istripuan larri zauritutako hamar urteko haurra. Bertan zegoen ospitaleratuta ezbeharraz geroztik. Haurrarekin batera, beste lau pertsona izan ziren zaurituak, tartean haren gurasoak eta 12 urteko arreba.

Abenduaren 1ean Ezkirozten izan zen istripua, irudian.
Abenduaren 1ean Ezkirozten izan zen istripua, irudian. (Nafarroako Suhiltzaileak)

Abenduaren 1ean, A-15 autobidean, Ezkirotzen izandako istripu batean larri zauritu zen 10 urteko haurra ostiral honetan hil da Nafarroako Unibertsitate Ospitalean, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Istripuan beste lau pertsona zauritu ziren, tartean hildako adingabearen aita, ama eta arreba.

Istripua joan den abenduaren 1ean gertatu zen, arratsaldeko 17.00ak pasata, A-15 errepideko 85,8 kilometroan, Ezkirotz parean. Bi autok elkarren aurka jo zuten, eta horietako bat biratuta geratu zen, errepidearen ezkerreko erreilan sartuta. Ondoren, erreil horretatik zihoan kamioi batek harrapatu zuen.

Bost pertsona zauritu ziren ezbeharrean, horien artean, hildako haurraren ama, 42 urtekoa, politraumatismoak, hausturak eta urradurak jasan zituena; haren aita, 41 urtekoa, polikontusioekin; eta haren arreba, 12 urtekoa, politraumatismoak izan zituena, eta pelbisa hautsita. 46 urteko emakume bat ere zauritu zen, kolpe arinekin.

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko pediatriako ZIUn ospitaleratuta egon da haurra istripua gertatu zenetik. Hamar urteko mutikoak politrauma bat izan zuen, arnasketa-geldialdia eta pelbisean haustura.