NAIZ

3.764 pertsonak eman dute izena Ertzaintzaren 35. promozioko LEPean

3.764 pertsonak eman dute izena Ertzaintzaren 35. promozioko Lan Eskaintza Publikoan. Gizonezkoak (%63,3) ia emakumezkoen bikoitza dira (%36,7). 34. promozioa osatzeko deitu zuten honakoa, orduan hautagaien %90ek ez baitzuten gainditu.

Ekitaldi bat Arkautiko akademian, artxiboko irudian.
Ekitaldi bat Arkautiko akademian, artxiboko irudian. (EUROPA PRESS)

Ertzaintzaren 35. promozioko Lan Eskaintza Publikorako (LEP) 3.764 lagunek eman dute izena, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. 34. promozioko oinarrizko eskalako agenteentzako 473 plazak osatzeko deitu zuten LEP berri hau iragan azaroaren bukaeran, izan ere, deialdi hartan hautagaien %90ek ez zuen azterketa gainditu. Oraingoan 150 ertzain plaza eskaintzen dira, baina kopuru hori handitu ahal izango da aurreko deialdian betetzen ez diren 473 plazak bete arte.

Oraingo honetan, izena eman dutenetatik 2.383 gizonak dira (%63,3) eta 1.381 emakumeak %36,7).

Hautagaien %71,7k 18 eta 30 urte bitartean ditu, %26k 31 eta 38 urte bitartean eta %2k 38 urte baino gehiago. Izena eman dutenen %61,4 Bizkaikoak dira, %19,5 Gipuzkoakoak eta %12,6 Arabakoak. Gainerakoak EAEtik kanpo bizi dira.

Euskarari dagokionez, izena eman dutenen %55,8k B2 egiaztatu dute, %12,4k C1, %6,9k B1 eta %0,16k C2.

Lehenengo hautaprobak Barakaldoko BECen egingo dira datorren otsailaren 7an. Ertzaintzako 35. promozioko agenteak hautatzeko prozesuak, oposizio fasean, lau fase izango ditu, guztiak derrigorrezkoak eta baztertzaileak: Proba psikoteknikoa, adimen gaitasunak ebaluatzeko; ezagutza proba (test erakoa); proba psikoteknikoa; gaitasun fisikoaren proba eta elkarrizketa pertsonala.

Arkautiko Akademiak aldaketak egin ditu LEP berri honetarako, aurreko deialdian hautagaien %90ek huts egin baitzuten. Hala, psikoteknikoa –lau ariketarekin– derrigorrezkoa eta kanporatzailea izango da. Aurreko deialdian, proba hori gainditzeko gutxienez 10 puntu lortu behar ziren lau ariketetako bakoitzean, eta gutxienez 60 puntu lau ariketen batuketan. Deialdi berrian, ordea, nahikoa izango da gutxienez 60 puntu lortzea lau ariketen baturan.

Psikoteknikoa gainditzen dutenek ezagutza proba egin beharko dute, hori ere derrigorrezkoa eta kanporatzailea. Aurreko deialdian, hautagaien erdiak baino gehiagok ez zuten gainditu proba hau, Bingen Zupiria sailburuak azaldu zuenez. Ertzaina izateko «ikasi egin behar da», bota zuen.