
Gaskonia Plaza jartzen du kartel ofizialean, baina Txillardegi Plaza idatzi du herriak. Idazle, politikari eta euskaltzalearen horma-irudia faxisten margo gorriz zikindua ernatu zen bezperan, eta ez dute garbitu, erasoa ikus dadin. Poliki-poliki jendez bete da plazatxoa, 14. urtez, hutsik egin gabe, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omentzeko eta harentzat aitortza instituzionala eskatzeko. Zehazki, Donostiako Liburutegi Publikoari haren izena jartzea galdegin dute. Aurtengo ekitaldia ezberdina izan da, berezia, Jone Forcada aktibista, gure herriaren eta hizkuntzaren alde Txillardegirekin eskuz esku lan egin zuena, justiziaren aldeko borroka guztietan ibilia, ere omendu baitute. Joan den urrian hil zen, bizi izan zen bezala, burujabe, eutanasiaren bidetik, duintasunez.
Hitzaldia ere egin zuten omenaldiaren barrenean, ostegunean, Onintza Odriozolarekin. ETAk euskal berpizkundean egindako ekarpenaz aritu ziren gazteekin, eta heldu aunitzek ere parte hartu zuten.
Txillardegiren eta Forcadaren lanaren gaurkotasuna azpimarratu dute igande honetan, eta biei erakutsi diete esker ona. «Badugu zer ikasia iraganetik». Euskararen hirugarren pizkundea aipatu dute, eta «irekia eta ausarta» izan beharko duela azaldu dute.
Euskara eta herria, hezur eta mami
Janitz Enparantzaren eta Natale Buenoren aurreskuaren ondotik, Pako Sudupek hartu du hitza. Euskal filologoa, idazlea, irakaslea eta hizkuntz teknikari azpeitiarra da. Oroitu duenez, arlo ugari jorratu zituen Txillardegik. «Ingeniaria izan zen ogibidez, baina ez dugu horregatik ezagutzen. ETAren sorreran parte-hartze garrantzitsua izan zuen. Abertzale independentista bezain euskaltzalea zen. Hezur eta mami, elkar josi zituen».
#Txillardegiri eta Jone Forcadari omenaldia Antiguan, Donostian, aitortza instituzionala eskatzeko eta bi militanteak eskertzeko pic.twitter.com/DooqyBydrK
— Maider Iantzi Goienetxe (@gara_miantzi) January 11, 2026
17 urtera arte ez zekien euskaraz. Donostiako burgesiak mespretxatutako hizkuntza zen euskara eta gurasoek ez zioten erakutsi, biek jakin arren. Horretaz jabetu orduko ekin zion ikasteari eta herri honentzat alternatiba bat eraikitzeari.
Forkadari ere oroitzapen esker oneko bat eskaini dio Sudupek: «Lasala plazako etxean esku-zabalik hartu ninduzun Jose Luisi buruzko lana egitea erabaki nuenean, eta Mikel Epaltza eta Xarriton zenarekin egoteko Zokoara eta Baionara egindako auto-bidaia ere ez dut ahaztekoa. Ez da ondo geratu nahia esatea Jone Forkada ikaragarri inportantea izan zela Jose Luisentzat. Gugan bego!».
Erresuma hizkuntza
Txillardegik duela 60 urte idatzi zuen ‘Huntaz eta hartaz’ artikulu antologikoaren pasarte bat irakurri du hizkuntzalariak: «Euskararekiko maitasuna dugu abertzaletasunaren termometrorik seguruena (...) Euskaldun askoren euskararekiko nagitasuna ezaguna da. Euskal Herrian edozein hizkuntza izan da erresuma hizkuntza euskara izan ezik. Euskaldunek berotasun handiagoarekin defendatzen dute edozein erresuma gurea baino (...). Katepean dago gurea, zatikaturik, usteldurik, erdi hilik».
Honela zioen: «Euskara benetan eta laster euskaldunen zerbitzura jarri behar dugu, edo geronek hil. Erresuma hizkuntza egin behar dugu euskara».
Euskara batuaren aita izan zen Txillardegi, eta borroka politiko abertzalean ere lan izugarria egin zuen. Sozialista eta humanista zen. «Euskal Herriak alderdi sozialista abertzale bat behar du», zioen.
Sudupek adierazi duenez, hemen ez zaio Txillardegiri kasurik egin eta euskara politikatik aldentzen saiatu dira agintariak. «Horrek larrialdi linguistikora eta autonomismora ekarri gaitu».
Injustizia non, Forcada han
Agustina Pontestaren hitzaldia hunkigarria izan da, Jone Forcada zendu zenean berari idatzitako testua irakurri baitu. Euskal filologoa, itzultzailea eta irakaslea da, lezotarra, Txillardegi eta Forkadaren hurbileko laguna eta borroka-kidea. «Zeinen handia izan zaren, Jone! Bizitza osoan etengabeko militantzian. Inor aktibista izan bada, zeu izan zara azkenera arte. Injustizia non, Jone beti han».
«Bizitza luzea bezain oparoa eta emankorra izan duzu, pentsatzen zenuenarekin kontsekuente izanik, eta, azkenean, mundu honetako bidaia zuk nahi bezala duintasunez bukatuz. Beraz, oraingoan iritsi zaizu partitzeko tenorea. Har ezazu merezitako atsedena, bakean eta lasai».
Lagunak gogoratu du Forcadak anonimotasuna eta jendartea maite zituela, eta Txillardegi zendu zenean aitorpenak jasotzea egokitu zitzaionean ezkutatu egiten zela batzuetan; bertzeetan, ordea, esker hitzak erraten zituen, eta ez nolanahikoak.
Donostiako ikastolen sortzaileetakoa eta lehen andereñoetakoa izan zen. UEUren, Euskal Herrian Euskarazen eta Bagera elkartearen sorrera ere bultzatu zuen. Bideari eutsi eta euskara irakasten jarraitu zuen, beti prest. Borroka guztietan murgiltzen zen: euskararen aurkako epaiei aurre egiten zien, presoen alde agertzen zen, AHTren kontra, emakumeen alde, heriotza duina aldarrikatzen zuen, edota Palestinaren askatasuna.
Memoria partekatu eta euskaldunago bat
Fito Rodriguez idazleak borobildu du ekitaldia, eta hitz egiten dugun euskara, irakurtzen dugun literatura, soziolinguistikako metodoak... guztiak Txillardegirengandik datozela ohartarazi du. «Zer esanik ez politikoki; Euskal Herria ez da herritarren herria, euskararena baizik. Euskarak batzen gaitu».
«Memoria partekatuago baten eta euskaldunago baten alde» lanean segituko dutela agindu du. Bertzeak bertze, Jon Insausti Donostiako alkate berriari bilera eskatuko diote liburutegiaren afera argitzeko.
Revuelta, Etxebeste eta Azkena Zutik-en txanda izan da gero. ‘Txikia’ kantua eta ‘Txillardegi liburutegia’ bertso sorta abestu dituzte denek elkarrekin, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek idatzia, baita Xabier Amurizaren letra eta Oskorriren musika duen ‘Euskal Herrian Euskaraz’ ere.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas



