
Igande honetan Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’-ri eta Jone Forcadari omenaldia eginen diete Donostiako Antigua auzoan, Gaskuina plazan. Bada, bezperan, faxistek gorriz margotu dute Txillardegiren horma-irudia. Joseba Alvarez semeak salatu du sare sozialetan, eta euskaldunon aurkako oldarraldiaren bertze kapitulu bat dela azaldu du. «Zaunka dabiltza, ondo dabiltza» ere idatzi du.
ZAUNKA DABILTZA, ONDO GABILTZA
— Joseba Alvarez (@JosebaAlvarez) January 10, 2026
............................✊✊✊✊
Bihar, Txillardegi eta Joneri Antiguan, 12:00etan, egingo diegun omenaldiaren atarian TXILLARDEGIREN HORMA IRUDIA erasotu dute. Euskaldunon aurkako Oldarraldiaren beste kapitulua.
Faxismoaren STOP! pic.twitter.com/VpkkbvpGXJ
2012an hil zenez geroztik, urtero egiten dute Txillardegi oroitzeko ekitaldia. Aurtengoa berezia izango da, Jone Forcada Adarraga ere omenduko dutelako, askatasunaren bidea azken arnasa arte urratu zuen emakumea. Joan den urriaren 17an pausatu zen Forcada, Txillardegiren emazte eta bidelaguna, Donostian, etxean, etxekoek inguratuta. Eutanasia aktiboaren bidetik, berak erabaki zuen noiz hartu atseden.
Donostian, bere esparruan, gertatzen ziren borroka sozial guztietan parte hartzen zuen Forcadak. Bere ardatza, motibazioa, indarra, justizia sozialaren aldeko borrokak ziren: euskara, pentsionistak, Palestina, turistifikazioa... Auzoko gazteek zerbait antolatzen zutenean, beti joaten zen. Irakasle ikasketak egin zituen eta ikastolen sorreran parte hartu zuen. Elbira Zipitriarekin aritu zen andereño.
Txillardegi Liburutegia
Ekitaldian, jada hamalaugarren aldiz, Txillardegiri zor zaion aitortza publikoa aldarrikatuko dute eta izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegi zentralari bere izena jar diezaioten eskatuko dute. Pako Sudupe mintzatuko da euskaltzale, idazle, politikari eta pentsalari honen figuraren inguruan.
«Zergatik ezin dio Txillardegik bere izena eman Donostiako udal liburutegiari? Eneko Goia jaunak alkatetza utzi eta Jon Insausti gazteak hartu izanak udal Gobernuarengan jarrera aldaketarik ekarriko duen ala ez ikusteko dago», hausnartu dute antolatzaileek.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

