NAIZ

Bideo-arbitraje sistema bertan behera utzi dute Gernika Winter Series txapelketan

Gernika Winter Series txapelketan bideo-arbitraje sistema bertan behera uztea erabaki du Eraman Jai Alai enpresak, finalerdietako ligaxkan sortu diren polemiken ondotik. Aldi berean, epaileen lana babestu eta hauekiko errespetua adierazi dute hedabideei helarazitako komunikatuan.

Johan eta Gorka, garaile Urreisti-Lopezen aurka, pilotak aukeratzen epailearekin batera.
Johan eta Gorka, garaile Urreisti-Lopezen aurka, pilotak aukeratzen epailearekin batera. (ERAMAN JAI ALAI)

Gernika Winter Series txapelketa fase erabakigarrian murgilduta dago, finalerdietako ligaxkan, alegia. Polemikak murgilduta hasi du azken txanpa hau, zalantza handiko tantoak ebazterako orduan. Atzokoan ere, Urreisti eta Lopezek kiterako jokoan galdu zuten partida, Johan eta Gorka Sorozabal anaien aurka. Azken tantoa, 5-4koan, Johanen pilotakada kanpora joan zela kexatu zen mutrikuarra eta bideo-arbitrajearen bitartez, kantxako epailearen erabakia berretsi zen, zalantza askorekin. Antzeko egoeran galdu zuten lehen partida ere, Goitia-Lekerikaren aurka, duela bi aste, eta finalerako sailkapena asko konplikatu zaie.

Bada, astearte honetan, Eraman Jai Alai enpresak adierazi du bideo-arbitrajearen sistema bertan behera geratuko dela, behin behinean, txapelketa amaitu arte. Otsailaren 15ean izango da finala eta bitartean, finalerdietako hiru partida geratzen dira jokatzeke. Beraz, hurrengo jardunalditik aurrera, Gernikako Jai Alai pilotalekuan lau epaile beharrean hiru egongo dira –orain arte kantxan egon direnak mantenduta– eta kantxako erdiko epaileak izango du azken erabakia.

Era berean, Urreisti eta Lopez puntistei bere babesa erakutsi nahi izan die, «epaileen azken erabakiak beraien kaltetan izan direlako».

Bideo-arbitrajeak eragiten zituen zalantzak tarteko, NAIZek bi epailerekin hitz egin zuen pasa den astean, hauen lanaren zailtasunak ezagutarazi eta ‘zalantzen txokoak’ doikuntzak behar zituela berresteko. Modu berean, Gernikako enpresak hedabideei helarazitako dokumentuan adierazten du «hausnarketa epe bat irekiko» dela «etorkizuneko erabilera aztertzeko».

Iazko edizioan estreinatu zuten teknologiaren bitarteko sistema hau, «telebista emankizunetarako erakargarri dena», Beñat Markuerkiaga epaileak adierazi zuen legez. Zesta-puntan honen aitzindaira Canal+ katea da, Donibane Lohizunen.

Erabaki honez gain, Bizkaiko Federazioko epaileen lana «babestu eta errespetatzen» dutela nabarmendu nahi izan dute adierazpenean, «txapelketaren independentzia bermatu ahal izateko» funtsezkoak baitira. Polemikak polemika, azpimarratu dute kasu «gehien-gehienetan erabakiak ondo hartu dituztela».

Epaileen lana eskertu eta zesta-punta bezalako kirol bat epaitzeak dituen zailtasunak errekonozitu ere nahi izan du Eraman Jai Alai enpresak.