
Lan hitzarmen estatalizatzeak lan baldintzak prekarizatzea dakarrela salatu du LAB sindikatuak ohar baten bidez. Hori dela eta, greba orokorrerako deia berretsi du. Telemarketineko langileek, biltegi handietakoek, Mercadonakoek, Diakoek, McDonaldsekoek, eta KFCkoek, besteak beste, amankomunean dute euren lan baldintzak espainiar Estatuak arautzen dituela, eta hori baliatzen dela euren lan baldintzak prekarizatzeko, sindikatuak azpimarratu duenez.
LABen aburuz, horrek «Euskal Herrian dagoen indar korrelazioa indargabetzen du, erabakitze markoa Madrilen kokatuz». Era berean, lotura ezarri du estatalizazioaren eta sektore eta enpresa horietan lan egiten dutenen gehiengoa emakumeak, arrazializatuak edo migratuak izatearekin.
Azkenaldian, gainera, patronal estatala sektore berriak «asmatzen» ari dela salatu dute, «estatalizazioa gauzatzeko beste modu bat mahaigaineratuz». ‘Restauración moderna’ eta ‘Arte’ sektoreak dira horren adibide, enpresa konkretu batzuentzat neurrira sorturiko hitzarmenak direla uste baitu sindikatuak. Horrela, LABek salatu duenez, McDonald’s, KFC eta Goiko bezalako enpresek ez dute ostalaritzako herrialdeko hitzarmena aplikatzeko beharrik, eta, hala, «langileek baldintza askoz okerragoak izango dituzte Euskal Herrian ostalaritzan jarduten duten gainerako langileekin alderatuta».
Espainiar Estatuko hitzarmen gehienen soldatak 1.500 euroko LGSren oso azpitik daudela gogoratu du LABek: «Saltoki handien hitzarmenean %18 beherago; telemarketinean %26; gimnasioetan %23; birziklapenean %21; errestaurazio modernoan %31; uren zikloan %10...».
Hori dela eta, mobilizazioak egin ditu LABek egunotan. Hernaniko Mercadonan salatu du langileek ezin dietela oinarrizko gastuei aurre egin «haien miseriazko soldatekin». Bilbon, sindikatuak hainbat enpresa seinalatu ditu Santa Ageda eguneko koplak moldatuta. Gasteizen, jatetxe kate handiak seinalatu ditu eta Iruñean hainbat enpresa interpelatu ditu.
Ildo beretik, martxoaren 17ko greba orokorra aipatutako langile horiek lan eta bizi baldintza duinak izateko duten eskubidea aldarrikatzeko eguna ere izango dela azaldu dute, baita estatalizazioaren kontrako eta lan baldintzak Euskal Herrian arautzearen aldeko mobilizatzekoa ere.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza
