Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Jon Insausti
Donostiako alkatea

«Prebentziorako baliagarria izan daiteke jatorria aipatzea: Latin Kings, Kosovoko bandak...»

Jon Insausti Donostiako alkatea NAIZ Irratian mikrofonoetan izan da gaur, urrian ustekabean Gipuzkoako hiriburuko Udalean Eneko Goiari lekukoa hartu ondoren. Hiriaren bilakaera ezaugarritzen duten arazo nagusiak izan ditu hizpide (etxebizitza, turismoa...), baita gaurkotasun handikoak ere.

Jon Insausti Naiz Irratian

Loading player...
Jon Insausti Naiz Irratiko estudioetan.
Jon Insausti Naiz Irratiko estudioetan. (Gorka Rubio | Foku)

Donostiako alkate gisa ehun egun bete ostean NAIZ Irratian elkarrizketatu dugu Jon Insausti asteazken honetan. Kontu handienetatik hasi eta txikiak ere alboratu gabe jardun du mikrofonoen aurrean. Aste honetan albiste izan den atxilotuen jatorria jakinarazteko erabakitik abiatu da elkarrizketa.

Zein da erabaki honen zentzua?

Euskal Poliziaren eredua sendotzen jarraitu nahi dugu, eredu propioa da, gertutasuna eta segurtasuna ekartzen diguna. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bat egiten duten udalerrietan segurtasunak hobera egiten du. Eta segurtasuna hiritarrek kalean azaltzen didaten kezka da, niri dagokit erantzun berriak eskaintzea.

Erroldatua dagoen lekua zergatik ez, jatorriaren ordez?

Informazio baliagarriak dira delituak tipifikatzeko. Atxilotuen jatorria prebentzio lanak egiteko baliogarriak izan daiteke batzuetan: garai batean Latin Kings-ei buruz hitz egiten genuen. Kosovotik etorritako banda antolatutak... Informazio oro baliogarria denean ondo kudeatu behar da. Ez da ematen emateagatik. Gizarte heldua dugu, kultur demokratiko sendoa, gardentasunak beti laguntzen du politikan.

Bilboko Udalak ez du egingo. PSE ere kexatu egin da Donostian.

Donostiak hartutako erabakia da, guk estrategia propioa dugu. Jaurlaritzak markatutako irizpidea da.

Imanol Pradalesekin iragarri zen Riberas de Loiolan 400 etxebizitza eraikiko zirela...

Berri ona da hiri honetan, etxebizitzarena erronka handiena delako. Inkesta guztietan agertzen da, eta familian, lagun artean, edozein testinguruan.... Jaurlaritzako arduradun nagusi den lehendakariak eskaintza hori egin digu eta poz handiz hartu dugu. Hortik aurrera, zalaparta baino ez da sumatu, zalaparta besterik ez, eta ni ez naiz sartuko politikaren joku zaharretan. Politikeriak dira horiek.

400 edo 200 izango dira? 400 txikiagoak akaso?

Partzela aztertu dugu hirigintzatik, eta gure topea 400 etxebizitza ingurura mugatzen da, aukera hori ematen digu partzelak. Jaurlaritzak 200 aipatu ditu. Adostea tokatzen zaigu. Inportanteena egitea da; egin egingo dira. Aliantzak ezinbestekoak ditugu eta lau eskuk bik baino gehiago eraikitzen dute. Bi erakundeon artean eman dezagun adibide on bat.

Nondik dator arazoa?

Oso atzetik egin beharko genuke azterketa, hiriaren historia da. Baina gaur gaurkoz 2026an bizi gara eta orain eman behar zaio erantzuna. Hiri oso erakargarria da, donostiarrok Donostian bizi izan nahi dugulako. Gipuzkoako beste herri batzuetan biztanleria galtzen ari dira. Hau abiapuntu ona da, donostiarrok Donostian bizi nahi izatea. Alkate batentzako opari bat da, hiriari maitasuna erakusten diolako. Eta gero hiri honek beste gauza batzuk eskaintzen ditu: ekonomikoki sendo gaude, langabezia tasa % 6koa da. Kulturalki, kirol esparruan, aisialdian.. hiri erakargarria da Donostia. Migrazio fluxu berriak ditugu. Eta ez dugu gaitasun nahikorik horri erantzuteko.

«Garapen urbanistikoak bizkortu behar ditugu. Abiadura sartuko dugu 2032ra begira 10.000 etxebizitza tope markatu dugu, baina abilak ere izan behar dugu, erabilera aldaketak garatzeko, esaterako»

 

Beste errealitate bat dago: gaur egun, hiru etxebizitzatik bat pertsona bakar batek okupatzen du. Asko dira pertsona helduak, bakarrik bizi direnak. Zer egin genezake honen aurrean? Zalantzarik ez, garapen urbanistikoak bizkortu. Abiadura sartuko dugu 2032ra begira, 10.000 etxebizitza tope markatu dugu, baina abilak ere izan behar dugu, erabilera aldaketak garatzeko, esaterako. Etxebizitzaren Behatokia aurkeztu dugu atzo bertan eta honi erabat lotuta dago.

Elitizazioa ekar dezake honek? Gaitasun ekonomiko altua dutenak bakarrik bizi ahal izango dira Donostian?

Nire helburua donostiarren Donostia egitea da, guztiontzako hiria; bizitzeko izan behar da, ez espekulatzeko. Etxebizitza aukerak sortzea tokatzen zaigu, etxebizitza babestuak egiteko aukerak daude eta horretara bideratzen ditugu ahaleginak: Loiolako kuartelak diren tokian, Auditz-Akularren... Altza zaharrari Altza berri bat eranstea aproposa iruditzen zait.

Turistifikazioa kudeagarria al da?

Orekak bilatu behar ditugu. Lehentasunak argi ditugu: lehen bizitzeko, gero partekatzeko. Tresna propioak behar ditugu horretarako. Etxebizitza turistikoei mugak jarri, zerga turistikoa, bisita gidatuak erregulatu... Turismoa ez da gutxituko, geldiezina da, mundu zabalean une oro izango ditugu, gu ere asko ateratzen gara. Fluxu horiek kalterik ez eragitea da helburua. Eta kalteak identifikatu ditugunean, konponbideak jarri.

Alde Zaharrean pintxo asko jada kanpoan, cateringetan egiten dira...

Lana ondo egiten duten horiek lagundu behar ditugu, gaizki egiten dutenak seinalatzea baino. Pintxoaren Institutua hor dago, niretzako sekulako sorpresa izan da eta sekulako lana egiten du, horrelako dekalogoa sortu dute, kontrola eta jarraipena egiten dute, tiketaren bitartez seinalatzen dute nork egiten du lan zintzoa eta txukuna... Benekotasun hori bilatu behar dugu.

Aizepe elkarteari estatutuak aldatzea eskatu dio Emakundek. Zuk zer eskatuko zenioke?

Ahal bezain pronto emakumeak onartzea. Tristea iruditzen zait 2026an oraindik hara sartzeko baldintzak izatea. Bazkide konzientziatuak egongo dira, haiei tokatzen zaie antolatu eta buelta ematea. Hiri honetan hori egiten jakin izan dugu, askotan errepikatzen dut danborradaren adibidea, Kresalanarena. Aizepen dagoena anomalia da eta azkena izatea espero dut.

«Donostiar on» izatearen elementua aipatu duzu. Donostiar txarrik ba al da?

Aitak eta amak eman didatena da, Parte Zaharrean auzo bizitza asko egin dugu, elkarteetan, parrokiatik gertu ere, kirol elkarteetan, mendi elkarteetan, kirol elkarteetan, Kresalan... Niretzako hori da donostiar ona izatea, zuk jaso duzun zaintza hori itzultzea. Kilometro zero da donostiar ona izatea. Donostiar berriak ere baditugu, balioak berritzen ditugu etengabe. 

«Ezin dugu Martutene edota Herrerara joan eta dena hustu, ezta han utzi ‘per secula seculorum’ ere: 60 lagun ditugu udal baliabideetan lotan eta gizarteratzen saiatzen ari gara»

 

Populismotik ihes egitea ere eskatu zenuen...

Populismoa arazo konplexuei erantzun sinpleak ematea da. Etxerik gabeko pertsonen kopurua urtetik urtera hazten ari da hirian eta seguraski datozen urteetan gehiago haziko da. Erronka horri erantzunak eman behar zaizkio. Martutenen eta Herreran gertatu zaigu. Ezin dugu hara joan eta dena hustu, ez eta han utzi ‘per secula seculorum’. ere.. Aukera batzuk eskaini dizkiegu, komunidadearen parte izateko, formatu, lana egin... Horren ondorioz 60 lagun ditugu udal baliabideetan lotan eta gizarteratzen saiatzen ari gara. Hiri solidarioa gara baina bakarrik ezin dugu, estrategia bateratua eskatu dut.

‘Bilbaino el que no bote’ abestu zuten Konstituzio Plazan danborradan...

Urtero kantatzen dugu eta botea ematen dugu, eta horretan jarraituko dugu [irribarre eginez]. Giro on batetik sanoa da, fair-playtik eginda, jai giro batetik egindako adierazpen bat da. Pike sanoa hauek beti eskertzekoak dira. Haien kontra ez dut ezer...