NAIZ

Tubos Reunidoseko langileek Bilbon egin dute berriz protesta haien egoera «ezkutatu ez dezaten»

Tubos Reunidoseko langileek elkarretaratze berria egin dute ostiral honetan Bilbon zuzendaritzak EEEa negoziatzeko bileren tokia aldatu duelako. Protesta isilarazi nahi dutela salatu dute eta kaleratzeen kontra egin dute berriz ere.

Ostegunean Tubos Reunidoseko langileek Bilbon egin zuten protesta.
Ostegunean Tubos Reunidoseko langileek Bilbon egin zuten protesta. (David DE HARO | EUROPA PRESS)

Tubos Reunidoseko langileek Bilbon egin dute berriz elkarretaratzea ostiral honetan enpresak Bilbon duen egoitzaren aurrean EEEa negoziatzeko bilerak lekuz aldatzeko erabakiaren kontra eta «gure protestak isilduak ez izateko». «Segurtasuna» izan da enpresaren zuzendaritzak bilera hauen tokia aldatzeko erabili duen argudioa. Lehen bilerak Amurrion egin zituzten.

Elkarretaratzea Bilboko Maximo Agirre kalean izan da. Bertan dagoen zortzi pisuetako eraikin batean du Tubos Reunidosek bulego bat. 

 

Mobilizazio hau martxoaren 9rako enpresa batzordeak deitu dituenen artean kokatzen da. Egun horretan EEEa ezartzeko negoziazioaren azken bilera izango da. Enpresaren zuzendaritzak 301 langile kaleratu nahi ditu Amurrio eta Trapagarango faktorietatik, neurri hori egungo egoerari aurre egiteko «ezinbestekotzat» jotzen duelarik.

Sindikatuek, aldiz, egoeraren ardura egindako gestio kaxkarrari egozten diote eta kaleratzerik ez dutela onartuko nabarmendu dute.

LAB: «Ez dakigu non izango den hurrengo bilera»

LABeko delegatu Oier Bidaurratzagak azaldu duenez, hurrengo bilera martxoaren 4an dute, «baina oraindik ez dakigu non». 

«Negoziazio mahaiko kideok gaizkile bezala tratatu gintuzten, katxeatu nahi ziguten bilerara ez dakigu zer eraman genezakeelakoan. Gure egoneza jakinarazi genien eta katxeoekin jarraitzen bazuten bilerara ez ginela sartuko esan genien. Azkenean gure jarrera onartu zuten eta sartu ginen», gaineratu du LABeko delegatuak.

«Gauzak ez dira oso ongi ulertzen, ez daude argi», adierazi du Bidaurratzagak zuzendaritzak aurkeztu duen bideragarritasun planari buruz galdetu diotenean. Izan ere, zuzendaritzak kaleratzeak ezinbestekoak jotzen ditu zorra murriztu eta finantziazio-bide berriak lortu ahal izateko. 

Martxoaren 9ra arte mobilizazioekin jarraituko dutela gaineratu du Bidaurratzagak. «EEEa ez dugu sinatuko», nabarmendu du. 

ESK: «Protesta isilarazi nahi dute»

ESK sindikatuko ordezkari Gorka Abascalek, berriz, Bilboko gaurko elkarretaratzearen helburua «protestak isilaraziak ez izatea» dela azaldu du. 

Abascalek zuzendaritzak kaleratzeen kopurua ez duela negoziatu nahi salatu du. «Kaleratzeen prezioa baino ez dute eztabaidatu nahi», gaineratu du, jarrera hau «zikintzat» joz.