
AEK-k ‘Euskara eroso ikasi eta bizi/Aprende y vive el euskera cómodamente/Apprenez et vivez le basque avec plaisir’ kanpaina aurkeztu du asteazken honetan Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Horrela eman dio hasiera 26/27 ikasturteko matrikulazio epealdiari, dagoeneko zabalik baititu euskaltegietako ateak Euskal Herri osoan.
Aize Otaño AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak, Maialen Otegi Irakaskuntza arduradunak eta Amara Berri AEK euskaltegiko Maialen R. Barcena irakasleak eta Iñaki Carcavilla ikasleak egin dute aurkezpena. Hasteko, Otañok azaldu du kanpainako iazko leloari eutsi arren, irudia aldatu dutela: «Besaulkia alfonbra batez ordeztu dugu. Alfonbra gonbidapena da, euskara ikasteko ustezko zailtasunen beldur den horrentzat. Ikasgelako erosotasuna kalera eramateko gonbita ere bada. Alfonbrak ez dira, beharbada, besaulkiak bezain erosoak, baina eramangarriagoak dira, eta lurrarekin hobeto konektatzen gaituzte. Eta kanpaina, alfonbrak bezala, Euskal Herriko plaza eta kaleetara atera nahi dugu».
Horren harira, ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa oroitu du: «Orduan adierazi genuen euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela eta ezinbestekoa dela biziberritze prozesuan jauzia egitea. Pizkunderako erronka da 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036rako; alegia, 10 urteko epean urtez urte 30.000 euskaldun oso irabaztea. Horretarako gako estrategiko bat helduen euskalduntze-alfabetatzea da. Hamarkada bakar batean 120.000 euskaldun oso sortzea da helburua. Horixe da euskaltegion egitekoa», azpimarratu du.
Erronka lortzeko gakoak
Xedea lortzeko ezinbestekoak izango diren hainbat kontu aletu ditu Otañok: «Euskara-ikasketen doakotasuna eta irisgarritasuna, HEAren inguruan agentzia berri bat sortzea erakunde eta gizarte-eragileen jarduna koordinatzeko, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta, azkenik, lan-munduan euskararen presentzia areagotzeko araudi, baliabide eta plangintzak sustatzea. Zentzu horretan, txalotu egiten ditugu azkenaldian Hego Euskal Herriko administrazioek doakotasunaren bidean egin dituzten urratsak; bereziki EAEn ezarri den Euskara Bonua. Hori guztia, gure ustez, ez da nahikoa, baina horixe da bidea».
Otañok 24. Korrikaren amaieran Bilbon euskal jendarteari luzatutako mezuaren pasarte bat gogoratuz bukatu du bere hitzaldia: «Euskaltzale eta euskaldun guztioi, y también a las personas que todavía no habéis dado el paso de aprender euskera, aux personnes qui n'ont pas encore fait le pas d'apprendre le basque: euskaltegietako ateak zabalik dituzue, tenéis las puertas de los euskaltegis abiertas, les portes des Euskaltegis sont ouvertes. Zeren eta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herri izango, un pueblo que no tiene lengua no será pueblo, un peuple qui n'a pas de langue ne sera pas un peuple. Eta GU EUSKARA GARA!».
Euskara Bonua
Ondoren, Maialen Otegi Irakaskuntza-arduradunak jakinarazi du matrikulazioa zabalik dagoela AEKren euskaltegietan. «Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu, eta ikasleek handik ateratzean arlo guztietako baliabideak izatea gura dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian... Milaka herritar hurbildu dira azken ikasturteotan AEKren euskaltegietara euskara ikastera, beren maila hobetzera edo praktikatzera, etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko eta abarrerako. Ikasturte honetan ere zinez espero dugu herritar gehiago hurbiltzea», adierazi du.
Eskaintza ikasleen beharrizanetara egokituta, enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan ematen ditu eskolak AEK-k, hainbat formatutan: «Hilabeteko ikastaro trinkoak, urte osoan, Foruko barnetegian. Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, esaterako AEKren online euskaltegiko ikastaroen bidez. Erabilerarako aukerak ere bai: ‘Aizu!’ aldizkaria; Praktikaturen eskaintza, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko...», zerrendatu du.
Diru-laguntzei dagokienez, Euskara Bonua da 2026-2027 ikasturterako berrikuntzarik nabarmenena Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren ikasleek, 120 euro ordainduta, lau urtez ikasi ahal izango dute, ezer gehiagorik ordaindu gabe. Nafarroan ere urrats bat aurrera egin da doakotasunean: A1 mailako ikasleez gain, A2 mailako ikasleek ere %100 berreskuratzen ahalko dute matrikula. Ipar Euskal Herrian, formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak.
Lehen egunetik erabiliz
Maialen R. Barcenak, AEKren metodologia komunikazioan oinarritzen dela agertu du, praktikotasunean, «euskara lehenengo egunetik erabiltzeko ikastean: ez da gramatika-ikasketa hutsa, beste euskaldun batzuekin komunikatzeko gai izatea baizik», argitu du.
Hain zuzen ere, halaxe ari da ikasten Iñaki Carcavilla, Donostiako musika-eskolako irakaslea bera. Ayerbe herrian (Huesca) jaioa, bere esperientziaren berri eman du aurkezpenean. Musikenen ikastera etorri zen Donostiara, eta joan den ikasturtean A1 maila ikasi eta gainditu zuen Amara Berri AEK euskaltegian. Ikasten jarraitzeko asmoa duela adierazi du; izan ere, Donostiako euskal komunitatean oso integratuta egonik, euskararen premia sentitzen du. Bizitzen ari den esperientzian oinarrituta, euskara ikastera animatu du mundu guztia.
Otañok hartu du berriro hitza, ikasturte berriko irudian ageri den logotipo berriari erreparatuta: ‘50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen’. AEK lehenago sortu zen, baina 1976-77 ikasturtea oso une esanguratsua izan zen: «Ikasle-kopurua %300 handitu zen, eta ikasle uholde horrek beste dimentsio bat eman zion helduen alfabetatze-euskalduntzeari: indar handiagoa hartu zuen gizarte-fenomeno moduan ere. Testuinguru horretan hasi zen AEK, izen horrekin, Euskal Herri osoan erakundetzen».
Hori kontuan hartuta, urteurren hori gogorarazi nahi izan dute kartelen eta bestelako euskarrien bidez. «Gaur egun ere, euskarak halako mugarriak behar ditu pizkunde berri baterako bidean. Izan dadila ikasturte hau euskararen geroa bermatzeko mugarri. Bete ditzagun euskaltegiak», egin du dei.

Muere un taxista de 31 años tiroteado en Azpeitia y se busca al autor

PP, Vox y UPN impulsan concentraciones para «salvar Ceuta», también en Euskal Herria

Fallece también la joven rescatada con síntomas de ahogamiento en Beriain

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo
