Lehenengo andereñoetako bat izandako Karmele Esnal hil da
Irakasle eta ohorezko euskaltzaina gaur hil da, 79 urte zituela. Ikastolen mugimendua sortzen eta eraikitzen parte hartu zuen lehen andereñoetako bat izan zen.
Ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izandako Karmele Esnal gaur hil da. Orion jaio zen 1932ko abenduaren 20an eta irakaskuntzan eman du bere bizitza guztia.
1955ean sortu zuen bere ikastola, Donostiako Pedro Egaña kalean, hasiera hartan zazpi haur izan zituelarik. Gero Pedro Egañatik Artzai Onaren plazako beste leku batera aldatu zuen ikastola, ordurako 35 ikasle zituen-eta.
1960ko hamarkadan, Jarrai antzerki taldean aritu zen, Iñaki Beobide zuzendari zela. Besteren artean, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendi harekin ibili ziren.
1965ean Barrian (Araba) antolatu ziren lehenengo euskarazko udalekuetan parte hartu zuen eta urte berean Santo Tomas Lizeoan hasi zen irakasle, baita administrari, zuzendari eta idazkari lanetan ere. Bertan jardun zuen irakasle, harik eta erretiratu zen arte, 1997. urtean. Ordurako, 2.000 ikasle joaten ziren eskolara.
1991n Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartea sortzeko bileran parte hartu zuen. Bagera elkartearen barruan, Mintzalagun izeneko programan aritu zen lanean, euskara ikasten ari zirenei laguntzen.
Artikulu asko argitaratu zuen Zeruko Argia aldizkarian, “Gazte naiz” atalean, “Maribeltz” ezizenez sinatzen zituen bere lanak. Euskarazko lehen komiki Panpin aldizkarian ere lan egin zuen, eta Arrate Irratian lagundu zuen.
Hainbat sari jasotakoa da Karmele Esnal. 1998ko otsailean Euskal Idazleen Elkarteak omendu zuen, Jose Antonio Arana Martija, Begoña Bilbao, Andoni Lekuona eta Txomin Peillenekin batera eta Ohorezko bazkide izendatu zuen.
1999an, Anton Abbadia Saria eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak eta 2003ko maiatzaren 9an, Eusko Jaurlaritzak frankismo garaiko ikastoletako irakasleentzako laguntzen dekretua aurkeztu zuen eta omenaldia egin zioten. 2007ko urtarrilaren 28an, Sabino Arana Fundazioak saritu zuen ere, beste andereño batzuekin batera.