Fiskaltza Uribetxebarriaren kasuan «mendeku egarriak itsututa» dagoela salatu du Barrenak
Fiskaltzak Iosu Uribetxebarriaren kasuan duen jarrera «justiziaren aplikazioa bilatzen duen norbaitena baino mendeku egarriak itsututa dagoenarena» dela salatu du Sortuko bozeramaile Pernando Barrenak. Gobernu espainolak espetxe politika «orain» aldatu behar duela iritzi dio.
Iosu Uribetxebarria preso arrasatearen auziaz mintzatu da Pernando Barrena eta Fiskaltzaren jarrera kritikatu du. «Fiskaltzaren posizioa ez da justiziaren aplikazioa bilatzen duen norbaitena, baizik eta mendeku egarriak itsututa dagoenarena», esan du.
Bere iritziz, «Fiskaltza atsekabetzen duena da Uribetxebarria oraindik hil ez izana osasun arrazoiengatik espetxetik libratua izan ondoren». «Ematen du benetako helburua dela Estatuak herri honetan eragin duen gorpu zerrendaketa luzean beste bat gehitzea, mendeku goseak beste bizitza bat eramatea», salatu du.
Barrenak Rodriguez Galindoren kasua gogorarazi du. «Espetxetik atera zen 2004an zigorraren betetze eskasa izan ondoren eta egun libre bizitzen jarraitzen du inongo instantzia ofizial egoera hori auzitan jartzera ausartu gabe. Badirudi Estatuaren uniformeetatik burututako bortxakeri ez-legalak erabateko babesa eman diela zigortuak izan zirenei, baita gainontzeko preso guztiei sistematikok ukatu egiten zaizkien espetxe onurak lortzeko orduan ere», ohartarazi du.
Bere ustez, Gobernu espainolak «orain» aldatu behar du espetxe politika eta «mendekuzko jarrera alde batera uzteko» eskatu dio, baita preso gaixoak «duintasunez artatzeko» eta 197/2006 doktrinaren inguruan Estrasburgok ebatzitakoa betetzeko ere.