INFO

Boko Haram

Boko Haram taldeko jihadisten erasoek 2.300 hildako eragin dituzte urtea hasi zenetik. Horien aurka borrokan ari direnek diote aurten bertan emango diotela amaiera amesgaiztoari. Ordura arte, sarraski gehiago egingo dituzte Afrikako mendebaldeko jihadista beltzek, kasu negargarrienetan lehergailuz jositako umeak meskita, autobus geltoki edo azoka batera bidalita. Herritarrek erne jarraitu beharra daukate.


Splendour Joe Abisoyek bederatzi urte baino ez baditu ere, koaderno itxurako liburu bat argitaratuta dauka dagoeneko: “Terrorismoaren eragina umeengan”. Boko Haram taldeko jihadisten erasoak direla-eta ihes egindakoen kanpaleku bat bisitatu ondoren hasi zen koadernoa idazten. «Gure inguruan ditugun gertakarien eraginez idatzi nuen liburua. Eta gaur egun ikusten ditugun terrorista horiek ere garai batean ume izan zirelako. Gai honen inguruan hezkuntza egokia jaso izan balute, agian ez zuten terrorista izaten amaituko», esplikatu zien kazetariei. Lan hunkigarri bezain inuzente hori Nigerian argitaratu dute, hilabete bakar batean, uztailean, jihadisten 45 eraso jasan eta 700dik gora hildako izan dituen herrialdean.

Boko Haram eta Nigeria, Niger, Txad, Kamerun eta Beningo armaden arteko borrokak ez dira oraindik amaitu. Nigeriako zein Txadeko agintariek agindu dute aurten bertan ezabatuko dutela Islama aitzakiatzat hartuta milaka pertsona, musulmanak batez ere, hil dituen erakunde armatua. Ikusi egin behar.

Afrikako mendebaldeko jihadismoak bestelako planak ditu eta argi utzi du azken asteotan oraindik oso eraso ausartak egiteko gaitasuna duela. Esaterako, abuztuaren 23an Nigeriako Armadako eledunak jakinarazi zuen Tukur Buratai jeneral eta Estatu Nagusiko burua bere aurkako eraso batetik bizirik atera zela. Uztailean izendatutako buruzagia Faljari herrian Armadak dituen tropak bisitatzera zihoan. Maiduguri Borno estatuko hiriburutik 45 kilometrora dagoen herrira iristen ari zirela, bere konboiak erasoa jasan zuen. Armadak emandako bertsioaren arabera, ondorengo borroketan hamar jihadista eta soldadu bat hil ziren. Bost erasotzaile atxilotu omen zituzten. Ofizial bat eta lau soldadu zaurituta eraman zituzten erietxera. Handik ordu batzuetara Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkariak Abuja hiriburuko instalazioak bisitatu behar zituen, Boko Haramekoek NBEren aurka egindako eraso ikaragarri baten laugarren urteurrenean.

 

Gerra guztietan egia izaten da lehenengo biktima, eta Boko Haramen aurkako borrokan ere horrela gertatzen da. Horregatik, Nigeriako Armadak emandako datu horiek zalantzan ipintzekoak dira, propaganda izan daitezke-eta.

Helburu propagandistikoak izango zituen Idriss Deby Itno Txadeko presidenteak ere, orain hiru aste Boko Haram bururik gabe dagoela eta bere amaiera aurki iritsiko dela esan zuenean. Txaden Independentzia Eguna baliatuz, agintariak hitzaldi bat eskaini zuen Abeche hirian: «Boko Haram lehen sekulako baliabideak zituen armada bazen, orain Nigerian eta Txad aintzirako uharteetan sakabanatuta dagoen talde armatu txiki bat baino ez da».

Abubakar Shekau Boko Haram taldeko burua ezkutatuta bizi da, tankerako erakunde guztietan gertatzen den moduan. Horregatik, agerraldi publiko batetik hurrengora denbora asko pasatzen denean, berehala sortzen dira haren egoeraren inguruko zurrumurruak. Horiek ere baliatu zituen Debyk bere hitzaldian: «Nork esaten du Shekau bizirik dagoela? Bada Mahamat Daoud izeneko gizon bat, sekta horren izenean hitz egiten duen gizona, eta Nigeriako Gobernuari negoziazioei hasiera emateko eskatu diona». Egia? Gezurra? Etsaien artean mugimenduak eragiteko pentsatutako maniobra? Auskalo!

Orain sei hilabete ere Debyk esan zuen Shekau oso larri zauritu zutela Dikwa hiriko borroketan, garai hartan jihadisten mendean zegoen lekuan. Txadeko agintariaren arabera, Nigeriako Gobernuari jakinarazi zioten orduan non zegoen Shekau, baina nigeriarrek ez zuten ezer egin Boko Harameko burua harrapatzeko, betiere Debyk kontatutakoaren arabera.

Behin baino gehiagotan iragarri izan da Shekauren heriotza, eta kasu guztietan handik hilabete batzuetara «hildakoak» filmatutako grabazioren bat ematen zen argitara. Hortik abiatuta, begirale batzuek esan izan dute Shekau gaur egun goitizen bat besterik ez dela, pertsona batek baino gehiagok erabiltzen dutena, Boko Haramek aurrera jarraitzen duela aditzera emateko.

Txadeko presidentearen hitzek berehala eragin zuten Boko Haramekoen erantzuna. Aste berean audio grabazio bat eman zuten argitara. Zortzi minutuko iraupena zuen grabazioan Abubakar Shekauren ahotsak hausa hizkuntzan egiten du, Nigeriako eta beste herrialde batzuetako etnia ezberdinek erabiltzen duten hizkuntzan. «Egia da fedegabekoen hedabide guztiek hilda, gaixotuta edo elbarrituta nagoela esan dutela. Argi geratu dadila hori gezurra dela. Egia izango balitz, ez zinatekeen neure ahotsa entzuten egongo», zioen grabazioak.

Hausa hizkuntzan egindako grabazioa sarean eskaini baino lehen arabierara itzuli zuten, eta horrek, analisten arabera, ISIS Estatu Islamikoko komunikazio adituek Boko Harameko jihadistei laguntza ematen dietela adierazten du. Grabazioan ahotsak dio «Estatu Islamikoaren Afrikako Mendebaldeko Adarraren burua» dela. Gainera, Abu Bakr al-Baghdadi ISISeko burua edo kalifa omentzen du.

 

Nigeriako Gobernuko iturriek baieztatu dute Boko Haram eta ISIS taldeen arteko harremanak indartzen ari direla azken bolada honetan. PR Nigeria izeneko Gobernuaren inguruko webguneak argitara emandako informazioaren arabera, herrialdeko Immigrazio Zerbitzuak 23.472 nigeriarrei debekatu die Nigeriatik irtetea, ISISekoekin bat egitera Ekialde Hurbilera edo Afrikako iparraldera zihoazelakoan. Gainera, Beirut Libanoko hiriburuko aireportuan Nigeriara joan nahi zuen Ahmad al-Assir kleriko musulmana atxilotu zuten abuztuaren 15ean. Palestinako pasaporte faltsu batekin iritsi nahi omen zuen Afrikako mendebaldeko herrialdera. Egun batzuk lehenago, abuztuaren 7an, Indian ikasten ari ziren bi nigeriar atxilotu zituzten legez kontra Pakistanera sartu nahi zutenean. Bertatik Irakera joan nahi omen zuten, ISISekoengana.

Ekialde Hurbilera joaten ez direnak Libiara joaten dira, Sirte hirira. Jaco Zenn nigeriar analistak “The Sentinel” AEBetako aldizkarian idatzi duenez, Boko Harameko 200 borrokalari inguru daude Libiako iparraldeko hirian, jihadistak nagusi diren eskualdean. Aljeriako segurtasun indarrek esan izan dute Nigeriako jihadistak Nigerretik barrena joaten direla Libia aldera, eta kasu askotan Estatu Islamikoak berak ordaintzen diela bidaia borrokalariei.

Ustezko Shekau horren mezua iritsi den momentua ere esanguratsua da, agintariek jakinarazi baitute Nigeria, Niger, Txad, Kamerun eta Beningo armadek osatu duten 8.700 soldaduko indar militarra aurki hasiko dela lanean. Indar hori hedatu aurretik ere Boko Haramekoek sekulako muturrekoak jaso dituzte azken hilabeteotan. Inoiz baino eraso gehiago eginez erantzun dute (900en bat hildako Nigerian bakarrik, maiatzaren 29az geroztik), baina kasu askotan operazio horietan beren ahulezia agerian geratu izan da.

Bizirik al dago Abubakar Shekau nekazari pobreen semea? Beste norbaiten ahotsa al da grabazio horietan entzuten dena? Edonola ere, Boko Haramen erasoen eta armaden operazioen eraginez milioika lagunek jasan behar izan duten sufrimendua bene-benetakoa da, nahiz eta beren herrietako gertakarien berri guk izateko egun asko pasatzea beharrezkoa izaten den.

Horixe gertatu zen abuztuaren bigarren astean Gari-kukuwa herrixkan. Hilaren 13an iritsi ziren jihadistak Yobe estatuko herri horretara. Bertakoak hiltzen hasi ziren erasotzaileak. Ihes egiten saiatu zirenei tiro egin zieten. Herritar asko itota hil zen bertatik ihes egin nahian. Bizirik ateratakoek esan dute 160 gorpu zenbatu zituztela. Informazioa handik sei egunetara iritsi zen erredakzioetara, hilaren 19an, Yobe estatuaren eta Nigeriako hiriburuaren arteko komunikaziorik ia ez baitago.

Gainera, herritarren sufrimendua areagotzeko, agintariek esaten dute horrenbeste hildako ez zela izan Gari-kukuwan, asko jota 50en bat izango zirela. «Hedabideek eskaini duten informazioak ez du fundamenturik», esan zuen Sani Usman Kukasheka Armadako eledunak. Herritarrak gezurretan aritu ez badira, Muhammadu Buhari Nigeriako presidente berriak maiatzaren 29an kargua hartu zuenetik izandako erasorik tragikoena litzateke. Herritarrek ez dute Gari-kukuwara itzuli nahi, agintariek gertatutakoa onartu arte.

 

«Bizirik atera garenok eskerrak eman behar dizkiogu Jainkoari bizirik egoteagatik», esan zuen orain lau hilabete Lami Musa 27 urteko neskak. Bost egun lehenago jaiotako alaba zuen magalean, Associated Press AEBetako agentziako kazetariarekin hitz egin zuenean. Bera eta beste 274 pertsona askatu zituzten maiatzaren 3an, Sambisa Nigeriako ipar-ekialdeko baso handian bahituta denbora asko egon ondoren. Erabat traumatizatuta zeuden, medikuaren bisitaren zain.

Lami Musa Sambisatik Malkohiko iheslari eremura eraman zuten lehen taldean zegoen. Baobab izeneko zuhaitz izugarrien artean garai batean eskola izandako eraikina zegoen bertan, orain iheslariak hartzeko egokitutakoa. Bertan eman behar diote hasiera bahiketaren ondorengo bizitza berriari.

Musaren alabak artean ez zuen izenik Armadako soldaduen tiroak entzuten hasi zenean. Bahiketa bukatzear zegoela pasatu zitzaion burutik. «Boko Haramekoak etorri eta esan ziguten bertatik alde egin behar zutela, eta guk beraiekin joan behar genuela. Baina guk ezetz esan genien», kontatzen du emakumeak ohean etzanda dagoela. «Une horretatik aurrera gure aurka harrika hasi ziren. Nik alaba estutu nuen bularraren aurka, nire gorputzarekin estaltzen nuen, babestu nahian».

Musak eta gertaera hartatik bizirik atera zen Salamatu Bulamak esplikatu zuten jihadistek gaizki hartu zutela beraiekin joan nahi ez izatea, eta han bertan tiroka zenbait neska hil zituztela, baina zenbat hil ote zituzten esaterik ez zeukaten.

Boko Haramekoek ihes egin ondoren bazirudien arazoak bukatu zitzaizkiela, baina oker zeuden. Sasi artean ezkutatuta zeuden emakume batzuk azpian harrapatu zituen Nigeriako Armadako ibilgailu blindatu batek. Soldaduek ez zituzten ikusi eta… beste tragedia bat. Bulamak uste du hamarren bat pertsona hil zirela ibilgailuak zapalduta.

Beste emakume batzuk «galdutako balek» hil zituzten. Bahituta zeudela pilatutako sufrimenduaren eraginez, aurpegia estali egiten zuten gazteek kazetariarekin hitz egitean. Eta negarrez hasten ziren. Batez ere Salamatu Bulamari bi urteko umea nola hil zitzaion gogora ekartzean. Aurtengo urtarrilean gaixotu egin zen txikia eta, malnutrizioak lagunduta, hil egin zen. «Zer esan behar diot senarrari?», zioen emakumeak malko artean. Bezperan jakin zuen senarra bizirik zegoela Kaduna hirian. Bizirik ateratako beste lagun batzuek telefono mugikorrak alokatu zituzten senideekin harremanetan jarri ahal izateko eta bide horretatik iritsi zitzaion berria.

Musak bazekien ordurako bere senarra Boko Haramekoek hil zutela. Bera Lassa herrian bahitu zutenean hil zuten, iazko abenduan. Musak ez daki beste hiru seme-alabekin zer gertatu den, ez non dauden, ez bizirik ote dauden…

Boko Harameko jihadisten biktimek kontatu dutenaren arabera, herriren batera iristen zirenean, gizonak eta mutil zaharrenak hiltzen zituzten etxekoen aurrean, emakumeak, neskak eta mutil txikienak beraien kanpalekuetara eraman aurretik. Bertan sekulako gosea pasatzen zuten eta berehala gaixotzen ziren. «Egunero ikusten zenuen zure lagunen baten heriotza, zerorren heriotzaren zain zeundela», kontatu zion Reuters britainiar agentziari 24 urteko Umaruk, bi seme-alabaren amak. Cecilia Abelek bere senarra eta semerik zaharrena nola hiltzen zituzten ikusi behar izan zuen. Bera eta zortzi seme-alaba eraman zituzten. Hurrengo bi astetan ia ez zuen ezer jaterik izan. «Arratsaldean ekartzen ziguten ehotako arto pixka bat. Artoa ez zen gizakiok jateko modukoa, baina… Gurekin batera bahituta zeuden emakume asko orduan hil ziren. Asko erabat ahulduta zeudenez, batzuk askatu ondoren hiltzen ari dira. Hona iristeko bidaian gutxienez hamar hil dira».

Jihadistek harrapatu eta denbora askoan bahituta egon diren pertsonei asko kostatzen zaie gertatutakoa azaltzea, batez ere askatu berritan. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak 200dik gora lekukotasun bildu zituen apirilean, ezinbesteko txosten bat argitaratu aurretik. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek Maiduguri Borno estatuko hiriburuan hitz egin zuten jihadisten biktimekin, beren txostena egiteko. Bahitutako emakume asko bortxatu egiten dituzte jihadistek, beste batzuk ezkontzera behartzen dituzte eta beste asko saldu, esklabo bihurtuz.

«Egun batzuetan bost lagunek bortxatzen ninduten; beste batzuetan, seik, hiruk… Egunaren arabera izaten zen hori. Nire herriko eskolan, nire gelan, nirekin ibilitako lagun batzuek ere bortxatu ninduten. Ezagunak besteak baino biolentoagoak izaten ziren», esan zien Amnestyko ikerlariei 2014ko irailean bahitutako 19 urteko neska batek. Kontaketa beldurgarria berea, leku berean egon zen Aicha adingabeak eskainitakoa bezain izugarria. Aichak esplikatu zien ikerlariei azken hilabeteetan neska txikiak erabiltzen dituztela Boko Haramekoek eraso «suizidak» egiteko. Normalean hezkuntzarik gabeko umeak aukeratzen dituzte, analfabetoak, gorputzean lehergaiak jarri eta meskita, autobus geltoki edo azokaren batera bidaltzeko. Giza-bonba bihurtzen dituzte, beraiek konturatu ere egin gabe. Aichak berak hiru asteko entrenamendu moduko bat jaso zuen jihadisten aldetik eta bere herrian egindako eraso batean esku hartzera behartu zuten.