INFO

Irujok ez du Aimar Olaizolarekin kupidarik izan

Juan Martinez de Irujok eta Mikel Urrutikoetxeak jokatuko dute Lau eta Erdiko finala hilaren 29an, –non zehazteke dago oraindik baina Bilbo edo Gasteizen izango dela ematen du– Iberokoak Aimar Olaizola 6-22 jipoitu ostean.

Irujok erraz gainditu du Olaizola. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Emaitzak erakusten duen bezala, lehia gutxiko partida izan da Miribilakoa, Aspekoak txapelketako bere partidarik onena egin duelako eta Aimar Olaizolaren ezkerra ez zegoelako halako partida bat jokatzeko moduan. Gauza horrela, lehen zazpi tantoetan baino ez da orekarik izan markagailuan, hortik aurrera, Goizuetakoak erraztasun handiak eman dizkio egungo txapeldunari, batez ere sakeak restatzerako orduan, eta Irujok ez du barkatu.

Horixe izan da Iberokoaren gaurko dohainik handiena, ez dela inongo momentutan partidatik atera, ezker gantxoak bikain funtzionatu dio eta 19-2ko partzial batekin finalerako txartela eskuratu du. Olaizolak, aldiz, ez du tanto bakar bat ere lortu airez eta horixe izan daiteke eguneko daturik esanguratsuena, markagailuaren gainetik.