INFO

Monitorizatutako gorputz eta ideiak

Berriro heldu dio feminismoari Lucia Baskaranek «Gorputz madarikatuak» eleberrian, behin kontatu zioten istorio batean oinarrituz. Bizitza irauliko zaio Aliziari Martinen heriotzaren ostean, eta berreraiki egin beharko du inguruan dituen lagunen babesarekin.


Gorputza du gai nagusitzat Lucia Baskaran idazlearen nobela berriak. “Gorputz madarikatuak” lanak behin entzun zuen istorio bat du oinarrian, nahiz eta eleberriko pertsonaiak zein beraiei gertatzen zaiena fikzio hutsa diren.

Alberdaniak eman du euskaraz, eta Planeta taldeko Temas de Hoy argitaletxeak atera du jatorrizko bertsioa, gazteleraz. Jorge Gimenez Bech editoreak azaldu zuenez, agente literarioak euskaraz argitaratzeko eskaintza egin zienean argitalpen plana jada itxita zuten, baina kortesiaz irakurriko zuela esan zion. Hasi eta berehala konturatu zen esku artean istorio interesgarri bat zuela eta baiezkoa eman zion. Jose Antonio Sarasola arduratu da testua euskaratzeaz Baskaranen hizkerara doituz. Idazlearen estiloari dagokionez, «estrategia narratiboaren fintasuna, hizkeraren indarra eta malgutasuna» azpimarratu zituen Gimenez Bechek.

Editorearen hitzetan, Baskaranek «gure paisaietan, Euskal herri erreal batean, kokatzen ditu istorioak» eta kasu honetan «gu guztion eguneroko bizimoldean presente dauden harreman sexuafektiboez» ari da.

«Lagun batek istorio bat kontatu zidan: bikote bat nerabezaroan ezagutu, ondoren berriro elkartu eta heteroarauari jarraituz ezkondu ziren. Halako batean, senarrak istripua izan eta hil egin zen, eta emakumea senarraren anaiarekin liatu zen, eta okurritu zitzaion harekin seme bat izango balu, hildakoa bizitzara ekartzea bezala izango zela», aipatu zuen idazleak.

Testuinguru hori barneratu eta eraldatu egin du bere liburuan, eta hain gazte alargun gelditzen den emakume horren burutik zer pasatzen den aztertu du. Alizia eta Martin ditugu protagonistak. Martinek istripua duenean Aliziak 28 urte ditu eta bere bizitza nola iraultzen den ikusten du. Harreman berriak sortuko zaizkio ondoren, eta horietan sakondu nahi izan du Baskaranek.

Kontakizuna harreman batekin hasten bada ere, gai nagusia gorputza dela azpimarratu zuen idazleak, «geuk nola bizi dugun, nola gure gorputzen poliziak garen, etengabe neurtzen aritzen gara. Barneratuta ditugun kontzeptu horiek ere biolentzia dira», argitu zuen. Liburuan zehar badaude aipu batzuk kontzeptu batzuk azalduz. Horiek ez dira beharrezkoak kontakizunerako, baina agertzea nahi zuen. Horietako bat da body monitoring, alegia, gure gorputza monitorizatzea, zeren 30 segundoro konprobatzen dugu nola dugun ilea, nola gauden eserita...

Emakumeak lagun

Beste idazle bat, Danele Sarriugarte, izan zuen lagun Baskaranek aurkezpenean, eta honen esanetan, “Gorputz madarikatuak”-ek kontatzen du maitasun erromantikoa amaitzean beste harreman mota batzuetara jotzen duela protagonistak.

Horren harira, Baskaranek esan zuen emakumeen arteko laguntasunari indarra eman nahi izan diola. «Emakumeak beti lehian jartzen gaituzte, eta esaten digute ama-alaba/seme harremana dela zilegiena, eta emakume batek ez duela ama izan nahi esaten badu berekoia eta infantila dela esaten zaio. Nire ustez, emakumeen arteko harremana erresistentzia mota bat da; eta sustatu behar dugu posible dela gizonik gabe bizitzea, eta zoriontasuna ez dela soilik amatasuna».