INFO
Elkarrizketa
Josu Urrutikoetxea

«Etorkizun hurbilarekin baikor naiz, datozen belaunaldiekin konfidantza dudalako»

Josu Urrutikoetxearekin mintzatu da NAIZ Sarako Idazleen Biltzarrean, Aieteko Konferentzia eta ETAren erabakiaren hamargarren urtemugaren atarian. Joan den astean, seme duen Egoitz Urrutikoetxearen epaiketa izan zen Parisen, eta horri buruzko iritzia ere eman du.

Josu Urrutikoetxea, igande honetan Sarako Idazleen Biltzarrean. (NAIZ)

Aieteko Bake Konferentzia ospatu zela 10 urte beteko dira igandean, eta horri buruzko gogoeta egin du Josu Urrutikoetxeak NAIZi eskaini dion elkarrizketan, baita etorkizunera begira duen iritzia ere. Joan den astean Parisen iragan zen seme duen Egoitz Urrutikoetxearen aurkako epaiketa izan dugu abiapuntu.

Sarako Idazleen Biltzarrean iragan da elkarrizketa, Frankoren diktadurapean izan ziren bi mugimendu abertzalek egin zuten lana ohoretu eta gero. Euskal errefuxiatuak laguntzen zituen Anai Artea elkarteari buruzko liburua aurkeztu dute, eta omenaldia egin diote. Ekitaldian parte hartu dute orduko Ipar Euskal Herriko hainbat kantari abertzalek, beraiek egindako lana hizpide duen obra bat aurkeztu eta gero.

Egoitz Urrutikoetxea zure semeak epaiketa izan du Parisen joan den ostegun eta ostiralean. Nola ikusi duzu prozedura?
Oso astuna izan da epaiketa, ordu luzez galdezkatua, betiko zurrunbiloan, galderak errepikatuz, biolentzia gaitzestearen ohiko galderak, alde guztietatik. Fiskalaren eskaera entzuten duzunean, Estatu frantsesa non den ikusten duzu. Egoitzi dagokionez, epaiketa orokorrean oso aberatsa izan da, Egoitzek oso irakurketa sakona eta zorrotza egin du, eta entzun egin dute, beste batzuetan ez bezala. Epaileak utzi dio hitz egiten inolako arazorik gabe.

Bere mezua entzuna izan dela iruditu zaizu?
Bai, nik baietz uste dut, epaimahai horrek bai. Oso zorrotzak dira, gibelera begiratzen badugu, beste euskal militanteei zenbat zigor sartu dizkieten, hor dago hori, baina entzun egin dute. Aurrera begira baliogarria izango dela espero dugu. Bere aferak ez dira hor amaitzen, zoritxarrez, datorren otsailean badu epaiketa Apelazio Epaitegian.

Zuk ere ibilbide juridiko luzea duzu aintzinetik.
Nireak kate luzea eramango du. Afera batean askatu ninduten. Bestean instrukzioa hain gaizki egina zegoenez, abokatuak ‘affaire basque’ deitzen dioten hori edonola eramana izan dela esan zien kazetariei. Dei Gorteko epaimahaiak bidali zuen afera instrukziora, eta hortan zerotik hasiko naiz berriro. Eta badaude espainiar Estatuko aferak...

Nola bizi duzu egoera hori?
Ni egunez egun bizi naiz, gero gerokoak momentuz, hemen nagoen heinean aleginak eta bi egiten ditut. Egin dezakedan gauza bakarra belaunaldi gazteekin hitz egitea da, eta bizipenak transmititzen saiatzea, ez iraganean geldituz, alderantziz, aurrera begirako tresna bezala. Euskal Herrian nago, ezin da askoz gehiago eskatu, familiatik gertu, eta lagunak ikusteko aukerarekin.

Aieteko Adierazpena egin zenetik hamar urte egingo ditu orain. Nola baloratzen duzu orain arteko bidea?
Prozesuaz hitz egiten delarik, hitz handia da bakeaz hitz egitea, Estatuen jarrera ikusita. Hamar urte pasatu dira, euskal jendartean eman den bilakaera zoritxarrez ez da Estatuen jardueretan ikusten. Garai horretan markatutako ildo horretatik ari gara; Aieteko Akordioan sinatu zena bete duen alde bakarra dago.

Espainiar Estatuak egin dituen «urratsak», zerbait deitzearren, presoekin lege arrunta betetzea besterik ez da izan. Eta frantziar Estatuan gauza bera, eman zituzten urrats haietatik at ez da pauso gehiagorik eman. Aste honetako epaiketari kasu ematen badiogu, Fiskaltzak egindako diskurtsoa beste garai batekoa da. Justizia deitzen den hori garaiekin batera joan beharko litzateke, eta Euskal Herrian beste garai batzutan gaude, eta Justizia deitzen den hori ez dago parametro horietan.

Nola ikusten duzu etorkizun hurbila?
Bere gorabehera guztiekin, baikor naiz, gure atzetik datozen Euskal Herriko belaunaldiekin konfidantza dudalako. Beraiek gidariak izango direla espero dut. Ezin ditugu gauzak lehen bezala egin. Mugimendu batzuk ziklikoak dira, Euskal Herriko leku batzuetan gure militante gazteek beren modura ikusten dituzte gauzak, eta beren modura egingo dituzte, eta hori ulertu beharra dago. Guk ez dugu atzera begira egon behar, gurea transmisio lana izango da. Baikorra naiz. Gaur egun tirabira pilo bat dago, eta ezberdintasunak daude, bai, baina konfidantza izan behar da.

Hego Euskal Herriko errefuxiatuei Bidasoaren iparraldean laguntza eskaintzen zien Anai Artea elkartearen omenaldian izan zara. Bertan aspalditik ezagutako errealitatea eta jendea ikusi dituzu. Momentu hunkigarriak bizi izan dira...
Omenaldia hunkigarria eta gogorra izan da aldi berean. Gibelera begiratzen duzunean ohartzen zara ia bakarrik zaudela, zeren lagun eta kide gehienak jada ez daude. Batzuk baziren hor, baina beste asko falta dira, eta abesti horiek entzuterakoan, testigantza horiek entzuterakoan, Anai Arteak egindako lanak kontatzerakoan, ba oroitzapen onak eta ez hain onak etortzen zaizkit burura. Eskertzekoa da, horiek egin dutenak merezi du omenaldi haui eta gehiago. Garrantzitsuena da bai abestiak, bai liburuak historiarako geldituko direla. Memoria eta transmisioa. Iraganean gelditu gabe, datozen gazteentzat jakin dezaten balio behar du.