INFO
Elkarrizketa

Jarrai-Haika-Segi auziak 20 urte: «Gauza asko pasata, hemen segitzen du gazte antolakuntzak»

2005ean Auzitegi Nazionalak Jarrai, Haika eta Segiren desegitea ebatzi zuen, eta 23 kide atxilotzea agindu. Ilegalizazioa 2007an ere irudikatu zen, ‘Euskal gazteria aurrera’ oihuarekin Bilboko Esperantza frontoia bete zenean. Ibon Meñika eta Markel Ormazabalek NAIZ Irratian oroitu dituzte gertaerak.

Markel Ormazabal, Jarrai-Haika-Segi auzian epaituetako bat, NAIZ Irratian. (NAIZ Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


20 urte dira Auzitegi Nazionalak Jarrai, Haika eta Segi gazte antolakundeen kontrako auzia abiatu zuenetik, bertako 23 kideren atxilotzea aginduz. Handik bi urtera, 2007ko otsailaren hasieran, jende ugari Bilboko Esperantza frontoian ‘Euskal gazteria aurrera’ leloarekin bilduta zegoelarik, hainbat gazte eraman zituzten gatibu, tartean Ibon Meñika eta Markel Ormazabal. NAIZ Irratiari kontatu diote bizitu zutena.

Ormazabal hasi da: «Testiguak gu eta gu babestera etorri ziren zientoka lagunak izan ziren. Frontoia lepo zegoen. Kazetariek bazuten beren lekua eta Ertzaintzak egin zuen lehenbiziko gauza horiek ateratzea izan zen. Orduan betiko kolektibo bat sentitu genuen, Poliziaren eskuetan gelditzen ginelako. Oso intentsoa izan zen, emozio handiko unea. Ikusita kanpo testigurik ez zela, frontoiak ez zeukala inongo aterabiderik eta sekulako sarraskia egin zezaketela, erabaki genuen Polizia sartu ahala banaka-banaka atxilotzen uztea».

 

Meñika: «Jakina zen Ertzaintza gu atxilotzera etorriko zela eta bere bortizkeria gure kontroletik kanpo geratuko zela. Hala ere, jendeak babestu, maitatu eta zelanbait egoera hura iraultzeko beharra adierazteko garrasi bat irudikatu zuen». 


Meñika: «Oraintxe frontoi horretatik pasatu naiz. Sarri pasatzen naiz eta nahiz eta testuingurua eta eraikinaren izena ere erabat aldatu, burua garai horretara joaten zait. Gaur egun gauza batzuek pentsaezinak dirudite, baina zoritxarrez, herri honetan horrelako gertaera asko pairatu behar izan ditugu. Zelan da posible umeen esku-pilota partidak zeuden unean jendea lepo sartu, bertan behera utziarazi, eta babes herritar bat irudikatzeko determinazioa eta konpromisoa adieraztea? Jakina zen Ertzaintza gu atxilotzera etorriko zela eta bere bortizkeria gure kontroletik kanpo geratuko zela. Hala ere, jendeak babestu, maitatu eta egoera hura iraultzeko beharra adierazteko garrasi bat irudikatu zuen».

Mugarri

Testuinguru hura beren oroimenean iltzatua geratu da, eta herri honen testuinguru politiko eta sozialaren baitan ere «mugarri» bihurtu da, hurrengo urteetan «gazte gehiagoren bila jo zutelako eta erantzun herritar horiek ere bestelako errepresio mekanismo batzuk pairatu zituztelako».

Ibon Meñika. (NAIZ Irratia)

«Egun horretan adierazi genuenaren iragarle bihurtu ginen. Adierazi genuen gazte antolakuntza eta borroka independentista babesteko beharra duela herri honek, ez garelako azkenak izango, eta zoritxarrez adibide gehiago pairatu behar izan zituen herri honek», erantsi du Meñikak.

 

Meñika: «Ilegalizazio fase luze bat pairatu izan du herri honek eta oraindik horren ondorioak pairatzen ditugu. Bada gogoetatzeko une historiko garrantzitsu bat, batez ere testuinguru garaikidean gauza asko ulertzeko bitarteko edo bidaide delako»


Gaur egungo testuingurura iristeko «bide malkartsua, sufrikarioz eta konpromisoz betea» egin behar izan dela aipatu du, «nahiz eta oraindik gazte antolakuntza eta borroka independentistaren aurkako atzaparrek hor dirauten». Ernairen kontrako epaiketa jarri du horren adibide.

Gazte antolakundea jomugan

Ormazabalek oroitu du beren auzia osatu zuten sarekaden arteko lehena 2001eko martxoaren 5ean izan zela, Haikaren aurka. 2002an Segiren aurkakoa gertatu zen eta gero biak batuta Jarrai-Haika-Segi izenez ezagutzen den auzia egin zen. «Batzuk kalean utzi gintuzten, beste gehienek kartzelan jarraitu zuten, eta noski, etengabea zen garai hartan errepresioa, jazarpena, jarraipena».

Donostiarrak azpimarratu du «pertsonaletik harago honen guztiaren oinarrian gazte antolakunde batzuk legez kanpo uztea zegoela. Bai sarekada batean eta bai bestean egoitzak eta kontu korronteak itxi zituzten, gazte antolakundeak kasik bitartekorik gabe utzi zituzten eta errepresio kontestu izugarri horretan antolakuntzaren premia horiei erantzun beharrean aritu ginen», gogoratu du.

Gaineratu du 2007ko sententziaren ostean bai «sekulako atea» ireki zela. «Hor sarraski eta barrabaskeria izugarriak hasi zituzten. Lehen sarekadatik epaiketara bitarte 200 bat lagun atxilotu zituzten gure akusazio berarekin», eman du datua.

«Tripak nahastuta»

Markel Ormazabalek, Irati Sienra eta Xabier Iraolarekin batera, ‘... eta segi aurrera’ liburua (Txalaparta, 2019) idatzi zuen, ezker abertzaleko gazte antolakundeen 40 urteko historia bat.

«2007tik aurreko sarekadez idazterakoan, tripak nahastu zitzaizkigun, batez ere kopurua ikusita, izen-abizenak irakurri eta lagun guztiak oroituta. Neurria hartu genion egin ziguten horri guztiari».

Egun batetik bestera dena bukatuko zen sentsazioa

Zamudiotarrak, aldiz, ‘Matraka’ blogean idatzi zuen. «Ilegalizazio fase luze bat pairatu izan du herri honek eta horren ondorioak sumatzen ditugu oraindik. Bada gogoetatzeko une historiko garrantzitsu bat, batez ere testuinguru garaikidean gauza asko ulertzeko bitarteko edo bidaide delako», agertu du.

«Gu egoera hain ez-normal bat kasik normal bezala bizitzera kondenatuak izan gara urteetan. Oso berezia izan zen: atxiloketa eta sarekadak egunero, ezinegon iraunkorra, errepresioa eta jazarpena... Behin-behinean libre utzi gintuztenok egunero aurkeztu behar genuen Ertzaintzaren etxean, astero epaitegiaren aurrean, testuinguru gogor batean. Jazarriak ginen, bazekiten gazte antolakuntza eta borrokan jarraitzen genuela, bagenekien laster epaiketa baten testuinguruan aurkituko genuela geure burua eta dena galtzerainoko muturreko egoera bat biziaraztera behartuko gintuztela. Egun batetik bestera dena aldatu edo bukatuko zen sentsazio horregaz bizi izan gara modu intentso batean. Gaur egun hori kontatzea badirudi surrealista zela baina hori izan zen gure urteetako egunerokoa».

«Egoerak, koiunturak jarri gintuen une jakin batean eta gure historiaren pasarte bat, ez gehiago ez gutxiago, bihurtu ginen. Horrek maila batean jartzen zaitu, zure buruarekin gustura edo patxadaz geratzen bazara, bestelako eztabaida batzuk garatzeko aldarte on bategaz», adierazi du.

Independentzia, egun

Esperantza frontoian bazen pankarta bat independentzia aldarrikatzen zuena. Nola dago egun aldarri hori?

Ormazabal: «Gaur egun ere errepresioaren zantzuak agerikoak dira. Azken kasuetako bat dugu Ernairen kontra Jaurlaritzak jarritako isun sorta hori. Pozgarria da ikustea errepresio horri erantzuteko dinamikaren parte nagusia independentzia bera izan dela. Iragan estropadetan Donostian egindako manifestazioa horren erakusgarri da».

 

Ormazabal: «Ez bagaituzte gelditzen da proiektuaz hitz egiten ari garelako, independentziaz eta sozialismoaz. Ikusten dugu aldaera ezberdinekin baina presente jarraitzen duela, nola ez. Hori da lotzen gaituena kontu honetara guztira»

Epaiketan eta prozesu osoan behin eta berriro esan zuten gazteek joko zituztela, jipoituko zituztela baina ez zutela gelditzerik lortuko. Horren froga da oraingoa ere donostiarraren iritziz: «Saiatzen dira jotzen, jipoitzen, baina azkenean ez bagaituzte gelditzen da proiektuaz hitz egiten ari garelako, independentzia eta sozialismoaren proiektuaz. Ikusten dugu aldaera ezberdinekin baina presente jarraitzen duela, nola ez. Hori da lotzen gaituena kontu honetara guztira».

Meñikaren aburuz, gazte independentismoa beti izango da status quoarentzat etsai publikoa, berau kolokan jartzeko indar bat, energia bat delako. «Hori kontrolaezina denean arriskutsu bihurtzen da. Hor sartzen da errepresio guztia. Gaur da eguna horrelako adibideak ezagutzen direla. Uste dut horretaz jabetzea garrantzitsua dela, argi dagoelako gazte antolakuntza eta borroka independentista horrek egin dezakeen ekarpena herri honen askapen prozesurako erabakigarria izan daitekeela, beti izan den bezala».

«Gauza asko pasata, hementxe jarraitzen dugu. Jende asko pasatu da, indartsuak eta boteretsuak, errepresioaren bide guztiak gure aurka jarri dituztenak. Jada historia dira, historia beltza. Gu hementxe gaude eta galde diezaiokegu gure buruari non dagoen gazte antolakuntza eta borroka independentista. Esan dezakeguna da Berriozarrerako bidean dagoela [‘Gazteon eskutik independentziara’ ekitaldia antolatu dute bertan, apirilaren 17rako]».

Hori oso pozgarria da berarentzat eta horren parte sentitzen da. «Horren parte sentitzeak egin gaitu ere garen modukoak eta bidaide izaten jarraitu behar dugu. Beste askok esan ezin dezakeena esan dezakegu, harrotasunez eta umiltasunez», baloratu du.

Ildo beretik, Ormazabalek oroitu du prozesu osoan ere hori izan zutela bokazioa. «Etengabe erdigunean jartzen genuena gazte antolakuntza bera zen eta ohartarazten genuen ez zela soilik pertsona batzuen aurkako errepresioa baizik eta eraso politiko oso bat antolakuntza baten aurka».