Lehen aldiz, EH Bilduk eta EAJk kide kopuru bera izango dute EiTBren Administrazio Kontseiluan
EAJk eta EH Bilduk seina ordezkari izango dituzte EAEko irrati eta telebista publikoko Administrazio Kontseiluan. Bi taldeek asteon lortutako akordioari esker berretsi da ostegun honetako bozketan sekula ikusi gabeko berdinketa.
EiTBren Administrazio Kontseilu berria osatuko duten kideak aukeratzeko bozketa egin da ostegun honetan Gasteizko Legebiltzarreko Kontrol Batzordean eta, lehen aldiz, ordezkaritza berbera izango dute EAJk eta EH Bilduk: sei kide talde bakoitzak. PSEk bi izango ditu eta PPk beste bat. Gainontzeko lau aulkiak eragile sozialentzat izango dira.
Hauteskunde autonomikoen ostean Legebiltzarreko aulkietan berdinketa izan zuten bi talde politikoek (27na eserleku) indar berbera izango dute irrati eta telebista publikoaren kontrolaz eta jarraipenaz arduratzen den organoan, ostegun honetan konfirmatu denez. Berdinketa ez da ausazkoa, ‘El Correo’ egunkariak asteazkenean aurreratu zuenez: EAJ eta EH Bilduk asteon erdietsi duten akordio baten ondorioa da.
Horrela, jeltzaleek indarra galdu dute Administrazio Kontseiluan aurreko legegintzaldiarekin konparatuta, zazpi ordezkari izatetik seira jaitsiko baita, eta koalizio independentistak bi ordezkari gehiago izango ditu. Manuel Allende, Imanol Lasa, Garbiñe Mendizabal, Iker Merodio, Jonatan Moreno eta Saioa Zubizarreta izango dira EAJren ordezkariak. EH Bildurenak, halaber, honakoak: Iñaki Altuna, Jon Benito, Itxaso Cuevas, Miren Arantza Gutierrez, Gari Mujika eta Bakartxo Ruiz.
PSEk, ordezkari bat galduta, soilik Vanesa Duran eta Oscar Torres izango ditu, eta berdin gelditu da PP, aulki bakarrarekin. Jose Luis Lopezek ordezkatuko du alderdi eskuindarra. Sumar eta Vox, aldiz, organotik kanpo geratu dira.
Andoni Aldekoa zuzendaria da EiTBren burua, eta Gasteizko Legebiltzarrak aukeratutako 19 ordezkarik osatzen dute Administrazio Kontseilua. Hala, aipatutakoez gain, eragile sozialen esku egongo dira beste lau eserleku: Raul Arzak UGT sindikatua ordezkatuko du, Adolfo Arejitak Euskaltzaindia, Iñaki Zabaletak Eusko Ikaskuntza eta Koldo Nabaskuesek Euskal Kontsumitzaileen Elkartea (EKA-ACUV).
ELA eta LAB, Kontseilutik kanpo
Legebiltzarrak EiTBren Administrazio Kontseiluaren osaketa berretsi ostean, haserrea agertu du ELAk, «lehen sindikatua» izanda ere organotik kanpo utzi dutelako. UGT Kontseiluan sartzearen kontra agertu da, langileen %10 soilik ordezkatzen dituelako –ELAk, ziurtatu duenez, %40ko ordezkaritza du– eta EiTBn ordezkaritzarik ez duelako. «Arlo horretan egiten duen lan sindikala euskararen erabileraren eta sustapenaren aurka egitea da. Izan ere, UGTk postu horretarako izendatutako pertsona ez da euskalduna ere», gaineratu du sindikatuak.
Aurreko legegintzaldian Administrazio Kontseiluan zegoen ELA eta, ohar batean baieztatu duenez, Legebiltzarreko taldeek «PSEren eskakizunei amore eman diete UGT bezalako sindikatu minoritario bat sartzeko».
Kontseiluaren aukeraketaren kontra agertu da LAB ere bai, esanez UGTren aukeraketa «logikaz kanpokoa» dela. «Sindikatu honek batez ere eremu publikoan euskararen kontra duen jarrera eta azken aste hauetan EITB zuzendari ez euskaldunak izendatzeko izaten ari den joera kontuan hartzen baditugu, erabakia are larriagoa izango da», esan du, ELAk egindako adierazpenen bide beretik.
«Itxura guztien arabera, EAJk gobernukide duen PSErekin batera Administrazio Kontseiluaren kontrolari eusteko trikimailua izango da», ohartarazi du sindikatu abertzaleak.