Peña, Ribera eta Arruabarrena: Fokuak eta kandelak
Futbola jokoa da elitean, bai eta beheko mailetan ere. Baina kirola bat eta bera izanagatik ere, hainbat ezberdintasun daude batetik besterako jardunean. Mikel Arruabarrena, Eguzkiñe Peña eta Jose Luis Ribera elitean aritu eta gero beheko mailetan ari dira orain, entrenatzaile lanetan hirurak.
Ari da futbol talde profesional bat entrenamendua egiten instalazio bateko zelaietako batean. Zalerik ez da harmailetan. Lan saioa bukatu eta gero, jokalari batzuk aldageletara joan dira, bidean geldialdia egin eta gero: botak kendu eta horiek garbitzeaz arduratzen diren klubeko langileak besteren botak garbitzen hasi dira iturri batean. Beste jokalari batzuek, aldiz, bakoitzarenak garbitzen dituzte, horrek ez dielako eragozpenik sortzen langileei, Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako herrialde batzuetan ez bezala. Han, haserretu egiten dira, lan hori jokalariek egiten badute.
Handik ordu batzuetara, edozein herritako zelai bakarrean, instalazio arruntetan, herriko futbol talde bat entrenatzen ari da. Zalerik ez daukate begira, baina han daude nerabeak, gaztetxoak eta haurrak etxera joateko presarik gabe, jolasean harmailetan edo kontu-kontari. Edo izan daitezke ondoren zelai bakar horretan entrenatuko duen taldeko kideak, irrikaz aurrekoek noiz bukatuko beren entrenamendua egiteko. Jakina, ez dago langilerik bota zikinak garbituko dienik.
Bi egoera horiek ez dira asmatuak. Eliteko taldearena Arrasaten ikusia da, Atxabalpe zelaian, Eibarren gizonezkoen talde nagusiaren entrenamenduetan. Instalazioa ez da handia, baina baditu bi zelai, eta botak garbitzearena eguneroko kontua izaten da. Beheko mailako taldearena Zumaian gertatzen da ia egunero, eta ziurrenik gauza bera gertatuko da beste hainbat tokitan. Garbi erakusten dute bi argazki horiek ondorengo hau: kirola bat eta bera izanagatik ere, kasu honetan futbola, ezberdintasun asko daudela eliteko jardunaren eta beheko mailakoaren artean.
Horren berri ondo dakite Mikel Arruabarrenak (Tolosa, 1983), Eguzkiñe Peñak (Azpeitia, 1992) eta Jose Luis Riberak (Azkoitia, 1965). Hirurak aritu ziren elitean, futbola lanbide zutela: Arruabarrena eta Peña jokalari bezala, eta Ribera, entrenatzaile lanetan ere bai. Orain, ordea, beheko mailetan dabiltza: Arruabarrena eta Ribera aurkariak dira Hirugarren Mailan, Beasaingo eta Lagun Onakeko entrenatzaileak baitira, hurrenez hurren; Peña koska bat beherago ari da, Elgoibarren, gizonezkoen Ohorezko Mailako taldean, hirugarren entrenatzaile lanetan ez ezik, ordezkari eta masajista ere bai.
Ezberdintasunak nabarmenak dira, oso agerikoa da hori, eta diruarena da bat, baina bada beste bat hirurek aurrena aipatu dutena: lanbidea da, batean, baina zaletasuna, bestean. «Elitekoa profesionaltasuna da, eta beheko mailakoa gehiago da jolasa, lagunartea eta ondo pasatzea», azaldu du Peñak. Antzeko azalpena eman du Arruabarrenak: «Lanbidea nuen nik futbola elitean, eta orain Beasaingo jokalarientzat zaletasuna da». Ñabardura hau ere gehitu du, kontuan hartzekoa: «Sekulako balioa ematen diot jokalariek egiten dutenari. Azken batean, lantokian eta eskolan ordu asko pasatu eta gero joaten dira entrenatzera». Riberak garbi kontatu du eliteko jokalariaren bizimodua «onena» dela, eta beheko mailetakoen bizipena ezberdina dela: «Gustatzen zaielako aritzen dira, batez ere».
Beren ardurapean dituzten jokalarien aipamena azkar atera dute solasaldira. Ez alferrik. Izan ere, entrenatzailea kudeatzailea da, edo kudeatzailea ere bada, eta bereizgarri horri aparteko garrantzia eman diote. Betiko konparazioa da: nola bizi du futbola jokalariak, eta nola entrenatzaileak? Hirurak bat datoz erantzunean: «Jokalariak ginenean, geurea egitera joaten ginen talde baten barruan. Entrenatzaileak, aldiz, beste pertsona batzuentzat egiten du dena, eta kontuan izan behar da denok garela bakoitzaren amaren alaba edo semea. Lortu nahi duzuna lortzea ez da erraza, zuk egin nahi duzuna beste batzuek egin behar dutelako. Iritsi egin behar da pertsonarengana».
Entrenamenduen kalitatea
Adibide zehatz bat plazaratu dute: entrenamenduen kalitatea, eta zenbat estutu behar duen entrenatzaileak jokalaria. Ezberdina da hori ere elitean eta beheko mailan. Hirurek onartu dute kostatu egin zitzaiela onartzea hasieran. Arruabarrenak: «Elitean, ariketak-eta erraz ateratzen zitzaizkigun, baina hemen, ez hainbeste. Ez nintzen jokalarien lekuan jartzen, eta neure buruari galdetzen nion ea nola ez zuten elitekoek bezala egiten. Hasieran, errieta handiak egiten nizkien, baina gero ikasi egin nuen testuinguru berrira egokitzen». Riberak ere onartu du «erraz-erraza ez» dela egokitzapena: «Gauza asko aldatu behar dira, baina hanka sartutakoan ikasten da. Pentsatzen duzu ariketa bat egin dezaketela, baina gero ikusten duzu ez direla gai ondo egiteko». Peñak hitz zehatz baten inguruan jardun du: konpromisoa. «Niretzat zailena izan zen Lagun Onakeko emakumezkoen taldea entrenatu nuenean jokalarien konpromisoa lortzea. Entrenamendu guztietara etortzea, adibidez. Hori elitean badago. Azkenean, baina, lortu nuen».

Elitetik beheko mailarako egokitze horretan arriskuak daudela dio Riberak: «Profesionalari sakatu egin behar zaio, eta errazago jasotzen du esandakoa, bere lana delako, besteak beste. Aldiz, hemen, gustatzen zaielako daude. Gehiegi edo modu txarrean sakatzen bada, kontuz. Ez da dena libre, ezin zaie nahi dutena egiten utzi, baina kontu handiagoarekin ibili behar da». Arruabarrenari barru-barrutik atera zaio noizbait norbaiti zerbait desegoki esan izanaren damua: «Nahikoa egiten dute etortzen iluntzeko orduetan entrenatzera, eta ni exijitu eta exijitu». Atera daiteke ondorioa, hortaz, entrenatzaile eta jokalari harremana gertuagoa dela beheko mailan, eta hori berretsi du Riberak: «Elitean entrenatzailea ere profesionala da, eta errazagoa da ez edukitzea gertuko harremana».
Lorik gabeko gauak
Entrenatzailearen talaiatik jokalari ez profesionalaren egoerari eta bizipenari egindako behaketak badu beste alderdi bat: entrenatzaileena beraiena. Elitean bezala bizi al dute futbola orain? Riberak baietz erantzun du: «Ez dut sekula ezberdindu mailaren arabera, bizi berdin egiten dut. Sufritu antzera egiten dut, eta lo egin gabeko gauak ere hor izaten ditut orain ere». Azaldu du, hala ere, lotura emozionala handiagoa izaten duela beheko mailan: «Askoz gogorragoa eta eramateko zailagoa da behekoa emaitzak txarrak direnean». Arruabarrenak ezberdin bizi du presioarena: «Elitean gehiago dago, baina azkenean horren neurria izaten da norberak bere buruari jartzen dionaren araberakoa». Kanpoko iritziarena gehitu du: «Hori beheko mailan ere badago. Gu gaizki hasi ginen denboraldi honetan, eta jendea galdezka zen ea entrenatzailea bota zuten ala ez».
Egunean ordu pila bat eskaintzen dizkiotela kontatu dute. Arruabarrenak dio, jokalaria zela, entrenatu besterik ez zuela egiten: joan entrenamenduetara, saioa egin eta etxera. Orain, aldiz, bestelakoak dira kontuak: «Egunero 14.00etan ateratzen naiz lantokitik, eta ordu libreak futbolari ematen dizkiot. Elitean ez bezala, partiden analisiak neuk egiten ditut bideoarekin, eta zazpi orduko lana izaten da partida bat aztertzea, bideoak editatzea eta abar». Riberak ere antzera jokatzen du: «Ordu libreetan aritzen naiz analisiak-eta egiten, eta ordu asko izaten dira. Hala ere, elitean baino lan gutxiago daukat entrenatzaile bezala orain, eta errazagoa da alde horretatik». Peñak ere aitortu du lanaren pisua: «Niretzat hau beste lanbide bat bezalakoa da, nik ordu pila bat sartzen nituen partidak ikusten, entrenamenduak prestatzen eta asteak antolatzen Lagun Onakeko emakumezkoen taldearen arduradun izan nintzenean».

Azpiegituretako ezberdintasunak
Entrenatzeko zelai eta baloi kopurua, bidaien ezaugarriak eta antolaketa, aldagelak... hara hor beste diferentzia batzuk elitekoaren eta beheko mailako futbolaren artean. Azpiegiturak eta hornidura, azken batean. Arruabarrenak muestra zehatza ekarri du hizpidera: «Elitean, zure partidaren aurretik pentsaezina da aurretik beste bat jokatzea. Berotzeko denbora eta espazioa nahi beste izaten da. Aldiz, beheko mailan, batzuetan ez. Talde asko daudenez, partidak bata bestearekin kateatzen dira, eta ezin izaten da beroketa ondo egin hainbat kasutan». Baloi kopurua ere aipatu du: «Elitean 35 izan ditzakezu, eta hemen, ba, hamabost bat». Arropa garbitzeari ere aipamena egin dio: «Profesionaletan dena eginda ematen dizute, eta beheko mailan, ez hainbeste, edo ezer ez». Bidaiena ere beste kontu bat da: «Hemen, entrenatzera taldekide batzuk elkarrekin etortzen dira auto batean, dirua aurrezteko. Partidetara joateko garraiobideetan ere aldea dago».
Peñak ere arropaz hitz egin du: «Realean dena eginda geneukan, ez zegoen arropa garbitu beharrik. Aldiz, Lagun Onaken eta Oiartzunen arroparena norbere ardura izaten zen, Oiartzunen Lehen Mailan jokatu bagenuen ere». Aldagelari dagokionez, Realean bat beraientzat bakarrik zela gogoratu du: «Ez zen beste inor sartzen. Hori ez da horrela izaten beheko mailan». Aldeak alde, Arruabarrenak ez luke eliteko eredua txertatuko beheko mailetan: «Profesionaltasunak zure lanbidea den horretarako balio du. Bestalde, erraztasun batzuk hartuko nituzke elitetik, zelaietan, diru sarietan eta abar, baina bestela, ez».