Unai Lasoren bizitasunak erantzunik gabe laga du Iñaki Artola (13-22)
Bizkarreta-Gerendiaingoak finalerdietara sartzeko urrats handia eman du. Sakeaz asmatuz eta ezker horman pilota jarrita, Alegiakoa mendean hartu du, bereziki 8-9tik 8-18raino joan den tartean. Igandean Peio Etxeberriak Elordiri irabaziko balio, Laso finalerdietan legoke.
ARTOLA 13
LASO 22
«Sakez asko asmatu dut eta hor atera dut aldea. Hortxe egon da gakoa. Hala ere, asko sufritu dut eta kosta zait errematea jartzea, baina jarri diodalako, oso pozik nago orain». Halaxe aitortu du Unai Lasok Iruñean Iñaki Artolari irabazi ostean, 8-9tik 8-18raino hanka egin du pilotari nafarrak, berdin sakez eta piloteoan ezkerra bikain bilatu diolako Artolari.
Ez du oraindik finalerdietako txartelik lortu garaipen honen ostean, baina ez du askorik behar. Hasteko, igandean Peio Etxeberriak Elordiri irabaziko balio, nahikoa luke finalerdietan izateko.
Bere aldetik, behin partida hautsita, Alegiakoak itxura eta maila hobetu ditu, baina hasierako tarte horretan ez da Artolarik onena izan. «Gozakaitz aritu naiz eta pilota gainetik pasatzen zitzaidan. Azkenerako bai, baina aurrez alde handia hartu du Lasok eta kirolak hau dauka, ezin dela beti irabazi», onartu du gipuzkoarrak.
Artola deseroso
Aurreneko tantoetan Artola aurretik aritu bada ere, deseroso ibili da Alegiakoa, batez ere errematean edo Lasoren sakeei erantzun a bilatu nahian. Aldiz, Unai Lasok itxura baten askoz ideia garbiagoak ekarri ditu. Hala, sakez sekulako mina ematen hasi zaio Bizkarreta-Gerendiaingoa Artolari, markagailua 3-1etik 3-6raino irauliz. Ez hori bakarrik, Artola partidatik atera du tarte horretan, jokoaren ekimena eramanez bere eskuinarekin.
Aurreneko tantoetan Artolak gehiago eman dio pilotari, baina pilota lehor asko batekin, Alegiakoak ere ezin nahi beste atzeratu, eta askoz material biziago eta arinagoarekin, Unai Lasok behar besteko zuloak ireki ditu kantxa barruan gero errematea berme handiagoz bilatu ahal izateko. Alabaina, markagailua 3-8 zela, Unai Lasori ahoko zuloko errematea kanpora joan zaio, Iñaki Artolari arnasa, sakea eta pilota aldatzeko aukera emanez.
Sakea berreskuratuta, ezkerrez zabalera moztuta Lasorik min ematerik baduela aurkitu du Artolak. Modu horretan 6-8raino ekarri du markagailua, baina hurrengo tantoan eskuinez zabalean egin duen dejada txapapera joan zaio Alegiakoari. Hala ere, hurrengo tantoan bertan berreskuratu du sakea, eta 7-9koa ezartzeaz gain, egundoko korrikaldiak egitera behartu du pilotari gipuzkoarrak Laso, ezkerrez txokoan egin duen dejadak –behingoagatik, dejada ona– tantoa erabaki duen arte.
Sakez 8-9raino hurreratu da Artola, baina ez du berdintzerik lortu. Unai Lasok mendean hartu du hurrengo tantoa eta eskuin sotamanoz zabalean dejada botata eraman du tantoa bere aldera, aurrez Artola dantzari ibili eta gero. Ez du askorik behar izan pilotari nafarrak aldea berriz ere ateratzeko. Sake pozoitsu bat lehenbizi, eta eskuinez atzean bazterturiko pilotakada eder batek 8-12an laga du neurketa aurreneko atseden luzean. Eta partida oso arin joanagatik, Labriten pilatu diren zaleak –gehienak Lasoren aldekoak, jakina– pozarren pilotariak ordu-arte eskainitako jokoarekin.
Zaharrak berri
Atsedenalditik bueltan, zaharrak berri Lasoren alde. Akordatzerako 8-14 aurretik jarri da, alderik handienarekin, Bizkarreta-Gerendiaingoa, sakeaz eta sakearen osteko errematearekin jaun eta jabe bilakatuta. Aldiz, gero eta deserosoago ikusi da Artola, pilotalekuan. 8-15ekoa ere ondo landuta eta korrika latz egin ostean Lasoren alde erori da, bi hormakoarekin Artolak aukerako pilota ondoegi ez duelako baliatu. Nahitaez, Iker Iriarte botileroaren aginduz, Artolak atsedena eta Lasoren bolada etetea bilatu ditu.
Ezker horma Unai Lasok bikain bilatu du eta ezkerrez aitzakiarik gabeko hainbat pilotakada jo baditu ere Artolak, ezin izan du jokoaren erritmorik ez kimenik ezarri. Eta Buruz Burukoan, esan gabe doa, batek ez badu tantoa mendean hartzen, aurkariak ez du abagunea pasatzen utziko. Ezker airez besagaineko posturan Lasok gainetik pasa dio pilota hamazazpigarren tantoa egiteko Artolari, eta hamazortzigarrena, berriz, sakez egin duen seigarren tantoari esker: 8-18 azken atsedenaldiko tartea iritsi denerako.
Halakoren baten eten du Artolak Lasoren bolada. Abiadura eta kolpea uztartuz, airean pasa du Laso pare bat pilotakadatan. Noski, bederatzi tantoko aldeaz atzetik joanda, hobe Iker Iriarte botileroari jaramon egitea: «Markagailuari ez begiratu!» Esatea bezain erraza balitz!
11-18raino hurbildu da Alegiakoa, baina eman beharraren eman beharraz, akatsa ere egin du, eskuin sotamano bat ezker horman goregi botata. Ondorioz, inolako aukeratik izan baldin badu azken ahalegin honetan, akats horrekin Lasoren eskuetan geratu da ia.
Gipuzkoarrak ahalegina behintzat jarri du eta sakea berreskuratzera ere iritsi da, markagailua ordurako 12-20 Lasoren alde egonagatik. Baina arriskuak ere hartu egin behar izan ditu Artolak eta 13-21ekoa ezkerrez kanpora bota ostean. Eta behin 21eraino iritsita, Lasok ez du aukera pasatzen laga: sake gurutzatua eta ezkerrez erremate bikaina.
Garaipen honen ondorioz oraindik ez dago finalerdietan Bizkarreta-Gerendiaingoa, baina hala egongo da Etxeberriak igandean Elordiri irabaziko balio. Nolanahi, berea egin du Unai Lasok eta Etxeberriaren kontra bilatu beharko du finalerdietarako bidea bere multzoko azken jardunaldian.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 57.29 minutu. Pilotakadak: 234. Sakez: 3 Artolak eta 6 Lasok. Jokoan egindakoak: 6 Artolak eta 11 Lasok. Jokoan galdutakoak: 6 Artolak eta 4 Lasok. Markagailua: 1-0, 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 3-3, 3-8, 4-8, 5-8, 6-8, 6-9, 7-9, 8-9, 8-10, 8-18, 9-18, 10-18, 11-18, 11-19, 11-20, 12-20, 13-20, 13-21, 13-22. Gorabeherak: Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako partida, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Dirua 100-60ri Lasoren alde. Iker Iriarte izan da Artolaren botileroa eta Jon Mariezkurrenaz, Lasorena. Aurreneko sakea, gorri.